Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

“Kontserbazio bereziko eremu” izendatu du Arno mendia Eusko Jaurlaritzak

2013.eko apirilak 19

• Euskadiko lehenengo KBE: 1011 hektarea Mutrikun eta Mendaron

"Kontserbazio Bereziko Eremu" izendatu du Arno mendia Eusko Jaurlaritzak. Gipuzkoan dago Arno, Mutrikuko eta Mendaroko lurretan, eta 1.011 hektarea ditu guztira, balio handikoak eta pasaia ederrekoak, Natura 2000 Sarea delakoaren barruan. Artadi kantabriarrez estalia dago; landare-tapaki trinko horrek ematen dio bereizgarria, eta, orain, katalogazio berriari esker, aukera izango da bertako habitat naturalak nahiz fauna eta florako espezie askeak zaintzeko eta erdi galduak zirenak beren onera ekartzeko.

Josean Galerak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuordeak, esan duenez, "hainbat hegazti aske eta migratzaileren biziraupena eta ugalketa ziurtatzeko ere balioko digu izendapen honek, eta Europako lurretan bioaniztasuna ez galtzeko". Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendapenak, Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuak (HBBE) ez ezik, espeziak kontserbatzeko beste neurri batzuk ere badakartza, kudeaketako plan edo instrumentuen bidez eta arauen bidez garatzeko.

Arno mendia, Natura 2000 Sarearen barruan dago, esanda bezala, eta Europarako interes handiko habitat eta espezie bizi dira bertan. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordearen hitzetan: "kareharrizko mendi malkarra da, artadi kantabriarrek osatzen duten tapiz ilunaz estalia ia guztiz. Eta artadi horiek izan dira, hain justu, Natura 2000 Sarean Arno Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeko arrazoia. Olatz harana bera ere oso berezia eta paisaia ederrekoa da, baina lurra sakonagoa da eta EBren intereseko zelai nahiz larreak ditu, abeltzaintza estentsiborako erabiltzen eta mantentzen direnak. Harkaitz basikoei lotuta hainbat landare mota ere agertzen dira, interes handiko espezie batzuen bizileku".

Arno menditik, 759 hektarea Mutrikukoak dira (% 75,1) eta gainerako 252 hektarea Mendarokoak (% 24,9). Gizarteko eta ekonomiaren arloko hainbat eragilek hartu dute parte Arno Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeko prozesuan; ezinbestekoa zen. Gainera, parte hartzeko kanalak irekita egon dira izapidearen joanean, bai interesa zutenei komunikazioak bidaliz bai justu kontu hauetarako abiarazi den web-orriaren bitartez: http://www.euskadi.net/natura2000.

Natura 2000 Sarea

Kontserbazio Bereziko Eremuak (KBE) Europar Batasunerako intereseko habitat natural edo ia naturala diren txoko ekologikoak kontserbatu eta zaindu nahi ditu, dela oso bitxiak direlako, dela EBrako intereseko fauna eta florako espezieek bertan betetzen duten paper ekologikoagatik. "Eremuren bat KEB izendatzea lan nekeza da. Estatu bakoitzak egin behar du; lehenik, halako izendatu daitezkeen txokoak identifikatu behar ditu. Ondoren, Europako Batzordeari proposatu behar dio, esanez Europar Batasunerako Intereseko Leku (EBIL) dela. Horren ondoren, Batzordeak onartzen badu, EBIL gisa erregistratzen da, bai eta Natura 2000 Sarerako intereseko leku gisa ere. Gero, ministerioaren dekretu bidez, eremu hori Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen da, horretarako dokumentazio guztia prest eta onartuta dagoenean. Eta halaxe da Arno mendiaren kasua. Horrela landu diren leku guztiek osatzen duten Natura 2000 Sarea, Europako nahiz Euskadiko bioaniztasunaren galera amaitzeko proiektu zorrotzena". Halaxe diosku Josean Galerak.

EAEn, 52 KBE izango dira: 19 Gipuzkoan (Arakil ibaia, Arno, Aizkorri-Aratz (Gipuzkoa eta Araba), Izarraitz, Urola itsasadarra, Oria goia, Pagoeta, Garate-Santa Barbara, Ernio-Gatzume, Inurritza, Oria itsasadarra, Aralar, Araxes ibaia, Leizaran ibaia, Ulia, Urumea ibaia, Aiako Harriak, Jaizkibel, Txingudi-Bidasoa). Alegia, Euskal lurraren % 20 baina gehiago egongo da Natura 2000 Sarean.

Natura 2000 Sarea Europar Batasuneko flora, fauna eta ekosistema bereizienak babesteko eremu-hautaketa da; natura zaintzeaz gain, bertan bizi diren gizon-emakumeen bizi-kalitatea hobetzeko asmoz sortua. "KBEek habitatak eta espezieak kontserbatzeko eta babesteko araubidea dira; parke naturalek, horrez gain, hezkuntza-programak eta baliabideak ondo aprobetxatzeko ekintzak gauzatzen dituzte. Eusko Jaurlaritzak izendatzen ditu bai espazio bat bai bestea, baina kudeatu, lurralde horretako Foru Aldundiak kudeatzen ditu, kasu honetan, Gipuzkoak".

KEBak ez bezala, Parke Naturalak oso gutxi daude eraldatuta gizakiaren esplotazioaren edo okupazioaren ondorioz, eta oso paisaia ederra, ekosistema bereziak, edo flora, fauna edo eraketa geomorfologiko bitxiak dituzte; halere, bertako baliabide naturalak ondo eta zorrotz aprobetxatzeko, kontserbazioari hutsik egin gabe, eta bertako ekologia, estetika edo hezkuntza altxorrak beren onera ekartzeko, ezinbestekoa dute botere publikoek beren alde egitea, eta gogotik. Euskadiko Natura Kontserbatzeko 16/1994 Legeak arautzen ditu parke naturalak.

Informazio +:
http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.net/r49-3074/es/contenidos/informacion/zec/es_natura/indice.shtml

 

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Torremadariaga
    2013.eko apirilak 25
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)