Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak ingurumen boluntariotza sustatuko du

2013.eko apirilak 19

• Apirilak 22, astelehena, Lurraren Munduko Eguna

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak ingurumen-boluntariotzaren prestakuntza eta lankidetza sustatuko du hainbat alorrekin sentsibilizatuta dauden pertsonen artean; hain justu: naturguneekin; ibai, baso, kobazulo, gailur, itsasertz eta hezeguneen kontserbazioarekin; paisaien mantentzearekin; ingurumen-kalitatearen hobekuntzarekin; eta hazi-bankuen edo haztegien bidez landare-barietate eta espezie autoktonoak kontserbatzearekin sentsibilizatuta daudenen artean.

«Jakin badakigu boluntarioek zer-nolako lana egiten duten -Euskadiko edozer adineko edo izaerako emakume eta gizonek- ingurumen-babesaren arloan, eta, beren jarduerak babesteko eta sustatzeko, 140 mila euro bideratuko ditugu. Diru horrekin, trebatu egingo ditugu, arlo honetan lan egin dezaten», adierazi du Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitateko zuzendari Amaia Barredok. Ingurumen-boluntariotzako proiektuak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuei zuzendutako laguntza-deialdia argitaratu berri da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

«Finantzaketa-lerro honekin -zehaztu du Amaia Barredok-, Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailak, ingurumena eta gure erkidegoko bizi-kalitatea hobetzeaz gain, herritarrek gure gizartea kaltetzen duten arazoak konpontzen laguntzeko eta parte hartzeko eredua finkatu nahi dugu, bai eta zuzenean eragiten diguten gaien kudeaketa efektiboan dugun erantzukizuna adierazi ere».

Diruz lagun daitezkeen proiektuak

Ingurumenean zuzenean eragingo duten proiektuak lagunduko dira diruz. Hona hemen jarduera-eremuak:

• Naturguneak: ekosistemen kontserbazioa (ibaiak, basoak, kobak, gailurrak, itsasertza, hezeguneak eta bestelako habitatak); paisaiaren mantentzea eta leheneratzea; flora- eta fauna-espezieak ikertzeko lanetan laguntzea eta natura-ingurunea publikoki erabiltzea.

• Naturgune babestuak: Aurreko puntuan adierazitakoez gain, baliabideak (bidezidorrak, ekipamenduak) mantentzen laguntzea.

• Hiri-ingurumena: Hiriko ingurumen-kalitatea hobetzea, hiri eta hiri-inguruko berdeguneetako ekintzak, herri eta hirietako flora eta fauna ezagutzeko ikerketa-lanetan laguntzea. Landare-barietate eta -espezie autoktonoak kontserbatzea, hazi-banku edo haztegien bitartez.


«Edizio honetan, ingurumen-boluntariotzaren aldeko apustu argia egin dugu, konbentzituta baikaude herritarrek eta gizarte-eragileek ingurumen-politiketan laguntzeko tresna eraginkorrenetako bat dela», gehitu du Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitateko zuzendariak.


«Hain zuzen ere, datorren astelehenean Lurraren Nazioarteko Eguna (Earth Day) ospatuko dugu. ABEetako senatari Gaylord Nelsonek pentsatu eta sustatu zuen, kutsaduraren eta biodibertsitatearen kontserbazioaren arazoei eta Lurra babesteko bestelako ingurumen-kezkei lotutako kontzientzia komuna bultzatzeko. Eta, hemen, gogotik dugu kontzientzia, lankidetza eta boluntariotza», gaineratu du.

Ingurumen-boluntariotza sustatzeko programa abian jarri baino lehen, laguntzak aurkezteko bi informazio-jardunaldi egingo dira, EAEko boluntariotza-agentzien laguntzarekin. Apirilaren 20an eta 24an izango dira, Boluntaren egoitzan (Zabalbide 1, Bilbo).

Informazio gehiago: www.bolunta.org/email/201304-medioambiente.html

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)