Berriak
Eu

Etxeko Ura kanpainaren aurkezpena

2013.eko apirilak 19
  • Datozen asteetan 15.000 ur pitxar banatuko dira Txingudi eta Añarbeko jatetxeetan bezeroek iturriko ura kontsumitzeko ohitura bereganatu dezaten.
  • ETXEKO URA kanpainak Gipuzkoako jatetxeetan beirazko ur pitxarren erabilera zabaltzea du helburu, plastikozko ur botilek sortzen duten inpaktua gutxituz.


Dagoeneko hainbat lurralde eta hirietan ostalaritzan iturriko ura eskaintzea oso ohitura normalizatua da. Euskal Herrian berriz, ez dago horren zabaldua.

Horregatik, Kutxa EKOGUNEAk, Uraren Euskal Agentzia - URA, Txingudiko Zerbitzu Mankomunitateak  eta Añarbeko urak ETXEKO URA kanpaina abian jarri dute Gipuzkoako iturriko uraren erabilera bultzatzeko asmoz. Ekimen honek helburu hirukoitza du: uraren kalitatea bistaratzea, plastikozko botilako ura kontsumitzeak sortzen duen inpaktua gutxitzea eta kontsumitzaileak kontsumo kontziente baterako bidean jarrera aldaketak barneratzea.

Kanpainaren zabalkundea mailakatua izango da eta Txingudi izango da ekimena abian jarriko duen lehenengo eskualdea.

ETXEKO URA ekimenaren asmoa Gipuzkoako iturriko uraren kalitatea balioan jartzea  da eta horretarako, datozen asteetan beirazko ur pitxar berrerabilgarriak banatuko dira kanpaina honetan parte hartzeko interesa azaldu duten ostalarien artean, jatetxeko bezeroek eskatu beharrik gabe erabil ditzaten

Modu honetan, ostalariek iturriko ura aprobetxatuz kalitate berbera eskeiniko dute baina aztarna ekologikorik gabe. Gainera, bezeroek etxetik kanpo uraren kontsumo ohiturak berritzea lortuko dugu kanpaina irauten duen denbora tartetik harago. 

Ekotrivialekin jolasean

Modu atseginez sentsibilizatzeko helburuz, Gipuzkoako jatetxeetan banatutako ur pitxarren erabilerari esker, botilek sortzen duten plastiko hondakinen murrizketa nabarmena lortuko da.

Izan ere, ur pitxar bat baino gehiago izango da honakoa, jolastu eta kontsumo jasangarriaren inguruan ikasteko aukera emango duen elementua izango da.

Ekotrivial pitxarraren atzeko aldean kokatutako telefono mugikorrentzako QR bidez deskargatu daitekeen galdera-erantzun jolasa da. Iturriko uraren kontsumoaren inguruko informazio erabilgarria eskaintzeaz gain, lehenengo plateraren zain egotea atseginagoa izatea lortuko du.

Ekotriviala 3 hizkuntzatan izango da eskuragarri: euskara, gaztelania eta frantsesa.

ETXEKO URA kanpainaren faseak

ETXEKO ekimenaren lehenengo fasea duela hilabete abian jarri zen Txingudiko eskualdean. Kanpainak oso harrera izan du Hondarribia zein Irungo osatalarien artean, bereziki eguneko menua eskaintzen duten jatetxeetan. Hondarribia eta Irunen 150 atxikimendu izatea espero da eta dagoeneko 109 ostatu-establezimenduk bat egin dute kanpainarekin jatetxe, hotel, kanpin eta elkarte gastronomikoen artean.

Bigarren fasea Añarbeko jatetxeetan abian jarriko da maiatzean zehar eta guztira 1.000 jatetxek kanpainarekin bat egitea eta 15.000 ur pitxar banatzea aurreikusita dago, kanpaina irauten duen bitartean.

Behin kanpaina abian jarrita, bezeroek jatetxeetako mahai gainean beirazko ur pitxarra topatuko dute, Gipuzkoako uraren kalitatea ona dela gogoraraziz eta iturriko litro bat ur eskatzera animatuz. Ura kontsumitzeko ohitura aldaketa honen ondorioz, bezeroek etxetik kanpo ura kontsumitzeko ohitura jasangarriagoa barneratuko dute.

 Zure establezimenduan Etxeko Ura eskaini nahi?

Añarbeko Urak  edo Txingudiko Zerbitzuen ostalaria bazara eta zure  establezimenduak ETXEKO URA ekimenarekin bat egitea nahi baduzu, zure atxikimendua adierazi dezakezu www.ekogunea.net webgunean.

Ekimenaren partaideei kanpainarekin bat egiten dutela adieraziko duten beharrezko eus­karriak eskeiniko zaizkie, eta modu honetan, ingurumenarekiko ardura azaltzeaz gain, gure uren kalitatea balioan jartzen lagunduko lukete.

Informazio gehiago: www.ekogunea.net

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko