Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Europar Batasunak Euskadiko itsas energien alorreko estrategia sustengatzen du

2013.eko apirilak 19

  • Bi urtez behin egiten den Bilbao Marine Energy Week Kongresuak 2013ko edizioari amaiera eman dio, aurreikuspenak gaindituta; izan ere, Europa osoko enpresa teknologikoetako 550 ordezkarik baino gehiagok hartu dute parte; hurrengo edizioan, 2015ean, jardunaldi kopurua handitzea aurreikusten dute antolatzaileek.
  • Itsas energia aprobetxatzeari begira, Euskadi erreferente bat da ikerkuntzaren sustapenari eta teknologiaren garapenari dagokionez.
  • Bizkaiko uretan dagoen bimep ikerketa-plataformatik pasa beharko dute, ezinbestean, teknologia garatu nahi duten mundu osoko enpresek beren itsas gailuak probatu nahi badituzte benetako egoeretan.
  • Bilbao Marine Energy Week Kongresuak osoko saioak amaitu ditu gaur, itsas energiez egin den jardunaldi batez. Jardunaldi horretan, olatuak eta itsaslasterrak energetikoki aprobetxatzeko dauden teknologien inguruko azken aurrerapenak azaldu dituzte. Kongresuan, itsas teknologian diharduten puntako enpresen 550 ordezkari izan dira. Izandako arrakastaren ondorioz, 2015eko edizioan beste jardunaldi bat gehiago egingo da.

    Elaine Miller-ek, Europar Batzordeko Itsas Energia Zuzendaritzako komisarioak, hasierako txostena irakurri eta azaldu du; bertan, Europaren lidergoa nabarmendu du itsas energiaren alorrean. Izan ere, munduan, alor horretan garatu diren proiektu gehienak Europan dira. Era berean, gehienbat Europako enpresak dira beren baliabideak inbertitzen ari direnak ikerketan eta teknologiaren garapenean, olatuen energia modu eraginkor eta errentagarrian aprobetxatze aldera. 

    Itsas Energia Zuzendaritzako komisarioak aurreratu du Europar Batzordea alor horren araudia garatzeko txostenak prestatzen ari dela gaur egun, itsas energiaren bilakaera egokia erraztuko duen lege esparrua ezartzeari begira, Europaren gidaritzapean eta munduko erreferentea izateko asmoz. Hain zuzen ere, horrek berretsi egiten du Euskadin aurrera eramandako politika, jatorri berriztagarria duen itsas energiaren inguruan industria bat garatzeko xedez; aberastasunarekin eta enpleguarekin batera, ezagutza handiagoa eta jatorri berriztagarria duen energia gehiago sortzea ahalbidetuko duena. Europar Batzordea prestatzen ari den araudi horri esker, inbertsoen finantzaketa erraztu eta kostuen murrizketa lortu nahi da, itsas energiak gainditu behar dituen bi oztopo nagusiak direnak.  

    Ildo horretatik, José Luis Villatek, TECNALIAko Itsas Energien Ataleko zuzendari eta Itsas Energiaren Nazioarteko Agentziako ordezkariak, adierazi du itsas energien perspektibak ikusgarriak direla  2050. urterako. Hala, erakundeez osatutako Agentziaren azterlanen arabera, mundu osoan 337 GW instalatuak izatera iritsi liteke, 1.000.000 enplegu sortzeaz gain. Datu horien argitan, itsas energiak izan dezakeen zabalkundea konparagarria da, tamainan eta garrantzian, lehorreko energia eolikoak izan zuenarekin, 1990etik 2005era bitartean. Garapen eta zabalkunde bera izan dezaten, ezinbestekotzat jo ditu finantzaketari begirako esparru egonkorra lortzea eta teknologiaren garapenean aurrerapausoak ematea, kostuetan lehiakortasun maila onargarria lortze aldera.  

    Euskadi ildo horretatik doa, itsas energietan ikerkuntza sustatzearen eta ezagutza teknologiko sortzearen aldeko apustua egin baitu; betiere, energia alorraren industria bultzatu nahian. Energiaren Euskal Erakundeko Energia Berriztagarrien Ataleko zuzendari Javier Marquések azaldu du bimep itsas instalazioaren obren nondik norakoa. Lemoiz-Armintzan dagoen itsas azpiegitura hori erreferente nagusia da itsas gailuen ikerketan itsaso zabalean. Azpiegitura horren lanei dagokienez, uda honetan urpeko kableak instalatuko dira, eta  2013. urtearen amaieran funtzionamenduan egongo dela espero da. Hartara, itsas teknologiaren garapenean eta itsas azpiegitura flotagarrietan diharduten mundu osoko enpresek aukera izango dute instalazio hori erabiltzeko, haien teknologia eta gailuak itsas egoera errealean probatzeko eta egiaztatzeko bide ematen duen instalazioan, hain zuzen ere. Era horretan, Euskaditik pasa beharko dute horrelako teknologia eta gailuak probatu nahi dituzten enpresa guztiek.

    Bilbao Marine Energy Week Kongresuaren 2013. urteari dagokion edizioa arrakasta handiz amaitu da; izan ere, balantzea ezin hobea izan da, bi jardunaldietan aritutako txostengile eta hizlari adituen mailaz zein Kongresuan izandako enpresetako ordezkari eta arduradun kopuruaz. Guztira, Kongresuan Europa osoko enpresetako 550 ordezkari izan dira. Kopuru horri erantsi behar zaio SINAVAL-ELITE azokan aritutako profesionalena, itsasontzigintza eta itsas energia alorra bildu eta haien azken aurrerapenen berri emateko antolatzen den azoka horren barruan burutu da BMEW Kongresua.

    Hain zuzen ere, Euskadin erabat ezarrita dauden iItsasontzigintzaren eta itsas energia alorraren arteko sinergia sustatu nahi da; hurrengo urteetan, itsas energia eolikoari nahiz olatuen energiari esker lankidetza bide berriak jorratuko dituztenak. 

    Kongresuak izandako arrakasta dela eta, hurrengo edizioan, 2015an egingo dena, beste jardunaldi bat gehiago egiteko pentsatzen ari dira antolatzaileak, gai nagusitzat itsas energiak hartuta eta haien garapenean Euskadi Europako erreferente nagusienetarikoa izanik.

     

    Iruzkin bat
    • Faceless avatar thumb 70
      Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
    • @EuskalSouvenirs
      2013.eko apirilak 19

      Comentario de Twitter:
      RT @Irekia_News: The European Union backs the Basque marine energy strategy. http://t.co/hFkSts7PeR

    Komunikabideek behera kargatzeko