Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria: “Ez dut amore emango, azken unera arte jarraituko dut lanean aurrekontua onartzeko”

2013.eko apirilak 19

Iñigo Urkullu Lehendakaria Euskal Telebistako Euskadi Galdezka saioan izan da 30 herritarren galderak erantzunez.

Bertan adierazi du “ez duela amorerik emango” aurrekontuak onartuak izan daitezen. Lehendakariak azaldu duenez “aurrekontuak izateak ala ez herritar guztiei eragiten die”, ez Gobernuari bakarrik, edo Lehendakariari bakarrik, baizik eta herritar guztiei. Horren harira, akordioaren kultura aldarrikatu du Urkulluk, herri ordezkariek gizartearen akordio eskaerari jaramon egin behar diela deritzo. “Ez da nik nahi nukeen aurrekontua, baizik eta egoerak ezarritako mugei egokitutakoa”, azpimarratu du.

Horregatik, esan du, azken minutura arte ahaleginduko dela, bere bizkar gainean hartu duelako ardura hori, eta azken egunera arte jarraituko duela lanean aurrekontuak onartu daitezen.

Zentzu honetan berretsi du Eusko Jaurlaritzak onartu duen aurrekontu proiektua “inoiz Euskadin izan den sozialena” dela, aurrekontuaren %73,3 gizarte eta enplegu politika gastuetara bideratua dagoelako, nahiz eta aurten iaz baino 1.200 milioi gutxiago izan aurrekontuak. Aldi berean azpimarratu du azaleko gastu bezala hartu daitezkeenetan murrizketa zorrotzak egin dituela, tartean, goi karguen kopurua %20 murriztu du, eta enpresa publikoen mapa ere %25 txikiagoa izango da legealdi amaieran. Alegia “Gobernua bera ere, gu ere, gerrikoa estutzen ari gara, eredu izan nahi dugulako”, zioen Lehendakariak.

Aldi berean gogorarazi du enplegua sortzeko plana jarri duela Jaurlaritzak abian, eta ekintzaileentzat ere diru laguntzak eskainiko direla. Horretarako erakundeen arteko koordinazio egokia ezarriko du.

Urkullu Lehendakariak “gobernu honetan itxaropena eta konfiantza izateko” eskatu die herritarrei, egia esan duelako orain arte, errealitatearen gordina ez duelako ezkutatu eta lehendabiziko bi urteak gogorrak izango direla aitortu duelako. Beraz, errealitatea ezkutatzen ez duen Gobernu batengan konfiantza izateko eskatu die herritarrei.

Hezkuntza, osasuna eta gizarte zerbitzuak:

Lehendakariak azpimarratu du indartuta irtengo dela Euskadi krisialditik, eta ez dela inor bazterrean geratuko. Horri lotuta adierazi du osasun eta hezkuntza zerbitzuen kalitatea bermatuko duela, gaineratuz “etorkin guztiek, paperak izan ala ez, arreta berbera izango dutela Euskadiko osasun zerbitzu publikoan, denok pertsonak garelako.”  Zentzu berean ziurtatu du Euskadin “ez dela pribatizaziorako biderik izango osasun zerbitzuan.” “Osakidetza sistema unibertsala, publikoa eta kalitatezkoa izatea nahi dugu,” esan du Lehendakariak.  Aldi berean adierazi du, zerbitzu publiko eta pribatuen elkarlana beharrezkoa dela, baina pribatizaziorik ez dela izango.

Hezkuntzan, Wert legearen inguruan, Iñigo Urkulluk ziurtatu du “hezkuntza komunitatearekin bat egingo duela Jaurlaritzak,” Espainiako gobernuaren erreformak ez ditzan euskal eskumenak urratu. Hala eta guztiz ere, oraingoz Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Ministeriorekin negoziatzen jarraituko duela adierazi du Lehendakariak, erreforma zuzendu dezan.

Bestalde, hezkuntza sistema eleanitzaren aldeko apustua egiten du Lehendakariak, baina ohartarazi du egun erronka garrantzitsu bat duela Euskadik, izan ere, sistema eleanitz hori bermatzeko profesionalik ez dagoelako.

Aldaketak zerga sisteman

Lehendakariak iraunkortasunean oinarritutako zerga sistemaren erreforma egin behar dela adierazi du. “Gogoeta sakon bat egin behar dugu,” zerga sistema berria iraunkorra eta justua izan behar delako, ongizate estatua mantentzeko. Era berean, “demagogiarik ez egiteko” eskatu du Lehendakariak, izan ere gehiago duenak gehiago ordaindu behar duela denok bat gatozelako, baina proposatu behar diren aldaketek iraunkortasuna izan behar dutelako. Zehazki, Lehendakariak baieztatu du, pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga eta elkarteen gaineko zerga berrikustea proposatu diela alderdi politikoei.

Bakea eta elkarbizitza

Euskadin bizi dugun garai berri honetan, Lehendakariak eskatu du, gizarteak orohar aurrera begira egin behar duela lan. Atxiloketen inguruan, edota presoen sakabanaketaren inguruan Lehendakariak adierazi du garai berri honetan ezohiko legedia atzean utzi behar dela, eta egoera berrira egokitu behar dela legedia ere. Presoen sakabanaketari buruz zehazki adierazi du Eusko Jaurlaritza eta bera Lehendakari bezala  lanean ari direla egoera zuzentzeko. “Gobernua bakarrik ez, ni neu ere lanean ari naiz,” esan du. “Presoen ingurukoek ondo baino hobeto dakite zer lan egiten ari naizen. Espainiako Gobernuari mahai gainean jartzen diot gaia aukera dudan aldi oro, eta azkeneko bileran ere bakegintzaz jardun nuen Mariano Rajoy-rekin”, azpimarratu du Iñigo Urkulluk.

Estatus berria eta independentzia:

Herritarrek Lehendakariari Euskadiren independentzia nahi duen ala ez galdetuta, Iñigo Urkulluk adierazi du “abertzale bezala bai,” independentzia nahi lukeela Euskadirentzat. “Euskal abertzale bezala, aberri bat nahi dut Euskadirentzat”. Baina era berean gaineratu du, ondo ezagutzen dugula denok zein den Euskadi edo Euskal Herria osatzen duten zazpi lurraldeen errealitate administratiboa, eta lurralde baikotzeko herritarren nahia. Horregatik, Lehendakariak aldarrikatu duena “burujabetasuna eta subiranotasuna” dira. “Herri bezala gure buruaren jabe izatea da garrantzitsua,” esan du Lehendakariak.

Euskadiren etorkizun politikoari buruz, erantsi du, 2015era begira, Euskadik estatus berria izan dezan, alderdi guztien arteko hausnarketa prozesua proposatzen duela. “Gobernu programan jasota dator estatus berrirako bidea,” esan du. “Euskadiren autogobernuaren inguruan gogoeta bat egin behar dugu Legebiltzarrean ordezkatuta dauden indar politiko guztiek, eta adostasun batera iritsi behar dugu. Lortuko genukeen adostasun horren inguruan euskal gizarteak bere iritzia eman behar luke 2015ean”.

Iñigo Cabacasen heriotza:

Iñigo Cabacasen heriotzari buruz galdetuta, Lehendakariak ziurtatu du Ertzaintza informazio guztia epailearen esku uzten ari dela, ikerketa zorrotza eta argia egin dadin. “Erremediorik gabeko akatsa izan zen, tamalez” eta “familiari eta gizarte osoari Jaurlaritzaren aldetik gertatutakoa ezagutzeko argibide guztiak emango dira, erantzun bat merezi dutelako.”

Bestelako gaiei inguruan, Bermeoko sutean kaltetutako familiei dagokienez, azaldu du Jaurlaritzak jada abian jarri dituela diru laguntzak, eta erakundeak ahalik eta azkarren irtenbideak ematen saiatuko direla. Aldi berean txalogarritzat jo du herritarren jarrera, egindako auzolana, eta erakundeen arteko lankidetza koordinatua.

Etxe-gabetzeen arazoari dagokionez, Lehendakariak aitortu du arazo larria dela, eta “oso kezkatuta” dagoela. Horregatik banketxeekin hitz egiten ari da Jaurlaritza, etxe-gabetzeak ahal den neurrian geldiarazteko, eta Botere Judizialaren Kontseiluarekin eta Eudel-ekin protokolo bat ezarri dela, arriskuan dauden pertsona horien arazoa berandu baino lehen konpontzeko.

Amaitzeko, Euskal Telebista Nafarroan seinale digitalen ikusteko Nafarroako Gobernuak jartzen dituen oztopoen inguruan, Lehendakariak harrituta, ulerkaitzat jo du Foru Gobernuaren jarrera. “Nola izan daiteke euskalduna den herri batean, ETB ez ikusi ahal izatea, eguraldiaren mapa batean oinarrituz?” “Harrigarria da zergatia, eta are harrigarriagoa errespetatzen ez zen hitzarmen bat hautsitzat jotzea, errespetatzen ez duen horren aldetik, gainera”. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak ezin du hau horrela utzi, eta akordioaren alde lan egingo dugu”, esan du Lehendakariak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)