Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzak itsas eolikoa lehenesten du Euskadiko enpresa teknologikoen garapen industriala sustatzeko

2013.eko apirilak 18

Bilbao Marine Energy Week Kongresuak itsas eolikoaren alorrean munduko enpresa nagusiak bildu ditu Euskadin eta bertako industriaren ahalmena nabarmendu du

Eusko Jaurlaritzak itsas eolikoaren garapena suspertu nahi du, munduko energia merkatuan lehiatzeko gai diren euskal enpresei perspektiba industrial onuragarriak ekarriko dizkion iturri berriztagarria den aldetik.
• Itsas eolikoak sinergiak eragiten ditu Euskadiko energia alorraren eta itsasontzigintzaren artean, Euskadin erabat garatuta duten industria alor bi horiek.
• Datorren hamarkadan energia iturri horren garapen osoa lortu ahal izateko, kostuen oztopoa gainditzea izango da gakoa.

Bilbao Marine Energy Week Kongresuaren lehen jardunaldia burutu da gaur goizean, itsas energia eolikoari buruzko jardunaldi monografikoa, Europan hazteko perspektiba garrantzitsuak eta Euskadiko enpresa teknologikoentzat eta itasontzigintzarentzat aukera industrial handiak eskaintzen dituen energia iturri berriztagarria, hain zuzen ere. Jardunaldiaren hasieran hiru erakunde antolatzaileen ordezkariak izan dira: alde batetik, Xabier Basañez, Bilbao Exhibition Centreko zuzendari nagusia; bestetik, Joseba Jauregizar, Corporación Tecnológica TECNALIAko zuzendari nagusia; eta azkenik, Juan Ignacio Motiloa, Eusko Jaurlaritzako Industria eta Energia sailburuordea.

Motiloak, Eusko Jaurlaritzaren izenean, itsas energiaren garrantzia nabarmendu du, Jaurlaritzaren garapen industrialaren estrategiaren barruan, energia alorraren lehentasunezko esparruen inguruan, aberastasuna eta enplegua sortzeko bide berria den aldetik. Itsas eolikoak, jatorri berriztagarria duen energia iturria izateaz gain, perspektiba industrial handiak bezain bikainak ditu Euskadiko enpresa teknologiko eta itsasontzigintzan dihardutenei begira. Hori horrela, Jaurlaritzaren lehentasuna da " industria bi horiek sendotzea eta energiaren eta ontzigintzaren arteko sinergiak sustatzea", energiaren nazioarteko merkatuan lehiatu ahal izateko itsas energia proiektuekin, bai potentzia handiko aerosorgailuen teknologiari dagokionez, bai hari lotutako itsas zerbitzu katearen ingurukoei dagokienez.

Jardunaldiaren txosten nagusia Xabier Viterik aurkeztu du, Iberdrola Taldeko Negocio Renovables-eko zuzendariak. Iberdrolako ordezkariak adierazi du itsas energia eolikoak garrantzi handia izan dezakeela hurrengo urteetan instalazio berriztagarrien alorrean, munduan aurreikusten diren inbertsioak ikusgarriak baitira: 50.000 milioi dolar 2025. urterako. Aurreikuspen horiek errealitate bihur daitezen, Iberdrolako Negocio Renovableseko arduradunaren ustez, hesi edo oztopo teknologikoak gainditu beharra dago (potentzia handiko aerosorgailuak eta itsas ingurunearekin bateragarriak diren sistema elektrikoak). Horrekin batera, kostuen lehiakortasunean ere hobetu behar dela gaineratu du; izan ere, itsas parkeak egiteko inbertsioak hiru aldiz handiagoak dira, lehorreko parkeen aldean.

Iberdrola konpainia, Europako bazkide batzuekin batera, nazioarteko hiru proiektu garatzen ari da itsas parke eolikoen inguruan, Frantzian, Ingalaterran eta Alemanian.
Aipatutako jardunaldian, itsas eoliko proiektu aitzindarietan parte hartzen ari diren energia alorreko enpresak edo utilities deitutakoak ere izan dira. Horien artean, nabarmentzekoak dira, Gamesa euskal enpresarekin batera, Alstom, Areva Wind, Vestas eta Dong konpainiak. Enpresa horietako ordezkari guztiek azpimarratu dute garapen teknologikoaren garrantzia, kostuak murrizte aldera. Hain zuzen ere, helburu hori lortzeari begira, TECNALIA potentzia handiko itsas aerosorgailuei lotutako proiektu batean ari da parte hartzen.

Kongresuaren lehen jardunaldiari amaiera emateko, debate edo eztabaida bai izan da, itsas energia hornitzeko katean ari diren euskal enpresa nagusietako ordezkarien parte hartzearekin, bestak beste. Hala, La Naval, Ges, Ormazabal, Ingeteam, Navacel, Vicinay Cadenas eta Asaken Rope Access enpresetako arduradunek nabarmendu dute euskal industriak energia alorrari eskaintzen dizkion ahalmenak eta Know How delakoa, itsas eolikoaren zabalkundea eta garapena errazteko.

Itsas Energiaren Astea

Bilbao Marine Energy Week Kongresua Sinaval azokaren barruan egiten da, eta EEE Energiaren Euskal Erakundeak, TECNALIAk eta Bilbao Exhibition Centrek antolatu dute. Kongresuan izango diren bi jardunaldietan, itsas energiari lotutako proiektuak garatzen ari diren enpresetako aditu nagusiek beren txostenak azalduko dituzte. Hala, mundu osoko aditu nagusi horiek irakurriko dituzten txostenen bidez, itsas energia eolikoaren eta itsas energien, batez ere, olatuen energiaren inguruan izandako azken aurrerapenen berri emango dute.

Kongresuaren bigarren jardunaldian, apirilaren 18an izango dena, itsas energiei buruzko saio monografikoez osatuta egongo da. Saio horietan, gai ugari jorratuko dira; esate baterako, itsaso zabalean olatuak hartzeko edo atzitzeko gailuei buruzko azken berrikuntzak, proiektu aitzindariak, bimep, kasu, Armintza-Lemoizen egongo den itsas energiak ikertzeko plataforma. 2013. urtearen amaieran instalazioak muntatu ondoren, itsaso zabalean kokatuko den plataforma horretan, olatuak hartzeko eta sistema eoliko flotagarrien teknologien ahalmenak, fidagarritasuna eta bideragarritasun ekonomikoa probatzeko aukera izango dute enpresek.

Itsas energiari buruzko zifrak

• 2020. urterako 150.000 milioi euroko inbertsioak aurreikusten dira itsas parke eolikoetarako, eta Europa osoan 10.000 enplegu sortzea.
• Itsas energiako potentzial itzela du Europako iparraldeak, biztanle dentsitate handiarekin eta haize baliabidearen jabe izanik, 2020. urterako 3,6 GW-eko ahalmena instalatzeko aukera du.
• Euskadi erreferentzia da itsas energien proiektuetan Mutrikuko sorkuntza-plantarekin eta Lemoiz-Armintzan dagoen bimep (Biscay Marine Energy Platform) deituriko olatuak atzitzeko dispositiboen ikerketa-plataformarekin.
• TECNALIA, Astilleros Murueta, Tamoin, Velatia eta Vicinay Cadenas enpresak offshore plataforma flotatzaile eoliko baterako teknologia garatzen ari dira. Gainera, partzuergoa soluziobide berritzaileak aurkezten ari da ainguratzerako eta konexio elektrikoko sistemetarako.
• 50 MW-eko potentziako eta olatuen energiako 60 MW-eko itsas eolikoa flotatzaileko proiektu erakusleak garatzea aurreikusten du Euskadik 2020. urterako.

 

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Pelosus
    2013.eko apirilak 18

    Comentario de Twitter:
    @AnartzMiguel @triri84 @Mikel_EL El Gobierno Vasco prioriza la eólica marina para el dsarrollo industrial http://t.co/pGPV0lRH0M" #valencia

Komunikabideek behera kargatzeko