Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Ana Oregik, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak, 2013ko Sinaval Azokan, BECen, egindako adierazpenak

2013.eko apirilak 18

• "Pasaiako eta Bilboko portuek eginkizun estrategikoa dute ardatz atlantikoko euskal eskaintza logistikarik osoenean.
• "Gure portuetako kargak berreskuratzeko beharrezkoa izango da Bilboko portua trenbidearekin hegoaldean lotzea eta Pasaiako portua eraberritzea.
• "Kirol jarduera nautikoak eginkizun berezia betetzen du euskal kostaldean eta gure portuetan: EKP-Euskadiko Kirol Portuak kalitate integraleko zerbitzuak eta amarralekuak zein ingurumeneko jasangarritasuna eta gizarte-erantzukizuna eskaintzen ditu. Gure kostaldeak potentzial handia eskaintzen dio turismo nautiko atlantikoari, eta erakarri beharra dago.


"Eusko Jaurlaritzaren lehentasunezko helburuetako bat gure herrialdeak eskaintzen dituen logistika- eta garraio-ahalmenak sustatzea da, estrategikoki kokatuta baitago Europako hego-mendebaldean, ardatz eta arku atlantikoaren erdi-erdian. Horri arreta berezia eskaintzen diogu, eta Bilboko eta Pasaiako gure portuek funtsezko eginkizuna betetzen dute bertan.

"Gure herrialdea ontzigintzaren industria-merkatuetan lehiatzen da, baita, ahalegin handiagoz orain, kudeaketa logistiko nautikoan ere. Gure portuek, gure eta gure inguruko enpresen beharrei erantzuteaz gain, irudi erakargarria eta lehiakorra eman behar dute merkatu guztien aurrean: kalitatea, segurtasuna, gaitasuna, lehiakortasuna eta kudeaketa arina eskainiz.

"Bilbo, Pasaia eta Bermeoko gure portuek erabat osagarri izan behar dute hiru hiriburuetako eta inguruko aireportuekin, trenbide-sarearekin eta laster eratuko den abiadura handiko trenbide-sarearekin, Judiz, Arasur eta Lezoko industrialde eta plataformekin eta Bilboko portuko hegoaldean aurreikusitako trenbide-loturarekin, bai eta Lisboa-Madril-Irun-Paris ardatz europarraren erdi-erdiko euskal errepide- eta autobide-sarearekin ere. Hori guztia Nafarroa eta ardatz mediterraneorekiko loturekin.

"Baina, aldi berean, Arku Atlantikoaren barruan garraio-arloko lankidetza-politikak ere bultzatu behar dira, eskualdeen zein EBko ardatz atlantikoan kokaturiko garraio- eta logistika-alorreko beste erakunde batzuen baterako lana zuzenduz.

"Guk asko eskaintzen dugu: kokapen geografiko pribilegiatu bat zein gure eskaintza logistikoaren kalitate eta osagarritasuna. Madrilek potentzial horretaz ohartu behar du, eta bai gure portuak bai euskal plataforma logistiko osoa bere plan logistiko berrian jaso behar ditu.

"Gure portuetako kargak berreskuratzeko beharrezkoa izango da Bilboko portua trenbidearekin hegoaldean lotzea eta Pasaiako portua zein badia eraberritzea: horretan ari gara lanean dagoeneko.

"Gure portu-azpiegiturak ez dira hiru portu handietara mugatzen: arrantza-moilak ere badira gure konpromisoaren xede, horregatik ia 17 milioi euro bideratu ditugu hobekuntzak eta mantentze-lanak egiteko. Euskal arrantza-ontzidiak, etengabeko eguneratzean, babesleku praktiko eta seguruak behar ditu, Europa urdinaren ildoko zerbitzuekin.

"Kirol jarduera nautikoak eginkizun berezia ere betetzen du euskal kostaldean eta gure portuetan: EKP-Euskadiko Kirol Portuak kalitate integraleko zerbitzuak eta amarralekuak zein ingurumeneko jasangarritasuna eta gizarte-erantzukizuna eskaintzen ditu.

"Gure kostaldeak potentzial handia eskaintzen dio turismo nautiko atlantikoari, eta erakarri beharra dago. Asko dira dagoeneko Frantzia, Alemania, Ingalaterra edo Holandako belaontzi eta yateek egindako era horretako zerbitzuen eskariak. EKPk konpromiso horren berri jaso du, eta lanean ari da pixkanaka gure portuek amarraleku-eskariei erantzuteko eta gure herrialderako kalitate handiko turismoko egonaldiak erakartzeko.

"Hemen Sinavalen horretaz guztiaz hitz egin ahal izan da... Oraindik urrats ugari daude egiteko, baina konpromiso irmoa dugu itsasoko pertsonekin eta portu-, logistika- edo garraio-jardueran egunero aritzen direnekin batera lan egiteko eta aurrera egiteko.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)