Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
qrcode

Laneko jazarpenari buruzko eztabaida-foroa

2010-03-18

Gemma Zabaleta: "Laneko jazarpena egiteak ondorioak izan behar ditu, ezin da doan atera"

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua "zigor-politika zorrotzen" aldekoa da fenomeno hori desagerrarazteko

Euskadiko 30.000 langile inguruk nozitzen dute jazarpena  enpresan

Lan Ikuskatzailetzak 218 esku-hartze egin zituen 2009. urtean jazarpen psikologikoagatik

Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak inauguratu du gaur goizean, Bilbon, UGTk laneko jazarpenari buruz antolatutako eztabaida-foroa. Zabaletak "onartezintzat" jo du tratu txar hori, eta egiten dutenak gaitzetsi ditu; izan ere, "ez dago ez moraltasun ez duintasun zantzurik jakinaren gainean gizaki bat moralki suntsitzeraino erasotzen dutenengan".

Gemma Zabaletak ziurtatu du egoera horri aurre egiteko erantzunak zenbait esparrutatik etorri behar direla: "Justiziaren eta legegileen mundutik, laneko segurtasun eta osasunaren esparrutik, medikuntzatik eta, jakina, botere publikoetatik".

Abusuzko jokabideen aurkako borroka benetan eraginkorra izan dadin, enpresen, langileen eta haien ordezkarien konpromisoa eskatu zuen sailburuak, baita prebentzio zerbitzuena, epaileena, fiskalena eta Administrazioarena ere. "Eta, beste ezer baino lehen, prebentzio-neurriak ezarri behar dira, jazarpena trabarik gabe egiten jarraitu ez dadin, kasu askotan eta urte gehiegitan gertatu den bezala. Prebentzioa da abiapuntua eta oinarrizko maila, une hauetan ahalegin handiena eskatu dezakeena".

Horrez gain, "zigor-politika zorrotzak" garatu beharko direla iradoki  zuen, askotan konponbiderik ez duen kaltea egiten duenentzat, eta ez da ahaztu behar oinarrizko eskakizuna izan behar duela, baita ere, eragindako kaltea konpontzea.

Langile espainiarren Lan Baldintzei buruzko VI. Inkesta Nazionalaren ondorioen arabera, langileen % 1,4k nozitu dute eguneroko jazarpenen bat azken hamabi hilabeteetan. Irizpidea zabalduz gero; hau da, jazarpena astean behin edo hilean behin gertatu bada, kopurua % 2,9ra arte iristen da. Kalkulu hori euskal errealitatera estrapolatuz, Euskal Autonomia Erkidegoko 30.000 langile inguru jazarpen egoeraren bat nozitzen ari dira, eta 14.000rentzat presio psikologikoa egunerokoa eta etengabea da.

EAEko lantokietako jazarpen-egoerei buruz ditugun datuek berresten dute 2009. urtean Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak 424 esku-hartze egin zituela: 218 jazarpen psikologikoagatik, 193 arrisku psikosozialen prebentzioagatik, 7 sexu-arrazoiengatiko jazarpenagatik eta 6 sexu jazarpenagatik. Bestalde, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak jazarpeneko 7 kasu kudeatu zituen, eta horietatik sei administrazio publikoetan gertatu ziren.

Zabaletak adierazi du tamala dela ordenamendu juridikoan erantzun bateraturik ez egotea mobbingari buruz: "Jazarpena egiteak ondorioak izan behar ditu, ezin da doan atera, eta ildo horretan garatu behar dira legegintzako proposamenak, irekitako eztabaida baliatuz Zigor Kodean aldaketak sartzeko". Eta, gaineratu duenez, "Abusuzko jokabideen aurkako borroka benetan eraginkorra izan dadin, enpresen, langileen eta haien ordezkarien konpromisoa behar da, baita prebentzio zerbitzuena, epaileena, fiskalena eta Administrazioarena ere".

Sailburuak aurreratu duenez, Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila dekretu bat prestatzen ari da lan-giroaren kalitatearen inguruko gaiak arautzeko.  "Giroaren kalitateak ondokoetan oinarrituta egon behar du: lana eta familia bateragarri egiten laguntzean, gizarteratzea eta genero berdintasuna sustatzean, jakintza sustatzean, bitarteko eta -ekoizpena hobetzeko- tresna teknologiko berriak erabiltzean eta enplegatu guztien garapen pertsonala sustatzean" adierazi du Zabaletak amaitzeko.

 

Iruzkin bat
  • Argazkia Ana López Loiarte
    2010-03-18

    Un poquito de vergüenza, por favor, que desde que está alguno de los gobernantes actuales el acoso moral viene siendo el pan de cada día en este gobierno.
    Algún alto cargo ha dicho. " me importan una mierda los funcionarios" y eso no es precisamente algo muy moral.

    Un saludo y un abrazo a todos los funcionarios

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Gemma Zabaleta