Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Eusko Jaurlaritzak errekurtsoa aurkeztu du Konstituzio Auzitegian, aurrekontu egonkortasunari buruzko 20/2012 Errege Lege Dekretuaren aurka

2013.eko apirilak 14

• Konstituzio Auzitegiaren aurrean errekurtsoa jarri ahal izateko azken eguna gaurkoa denez (apirilak 14), errekurtsoa aurkeztea erabaki du Jaurlaritzak, Estatuaren eta Euskadiren arteko Aldebiko Batzordean ez baita inolako akordiorik lortu.
• Euskadiren eskumenak urratzen dituzten bost artikuluren aurka aurkeztu du errekurtsoa; besteak beste, honako gai hauen inguruan: funtzionarioen aparteko ordainsaria, langile publikoen aukerako egunak eta merkataritza-ordutegiei buruzko araudia.

Eusko Jaurlaritzak aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna sustatzeko neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuaren bost artikuluren aurkako errekurtsoa jarri du Konstituzio Auzitegiaren aurrean.

Konstituzio Auzitegiaren aurrean errekurtsoa aurkezteko azken eguna gaurkoa denez (apirilak 14), Eusko Jaurlaritzak errekurtsoa jartzea erabaki du, Estatuaren eta Euskadiren arteko Aldebiko Batzordean ez baita inolako akordiorik lortu. Batzordea eskumen-gatazkak ebazteko eta Konstituzio Auzitegira jotzea ekiditeko xedearekin sortu zen.

Errekurtsoak bi alderdi hartzen ditu: bateko, haren langile publikoen araudiari dagokionez EAEk dituen eskumen esklusiboak, eta, besteko, merkataritza-ordutegiei, igande eta jaiegunetan irekitzeari, eta merkealdia liberalizatzeari buruzko arauak.

LANGILE PUBLIKOAK

Alde batetik, aipaturiko errege lege-dekretuaren 2., 8. eta 10. artikuluen gaineko errekurtsoa jarri du, langile publikoen araudiaren inguruan EAEk dituen eskumenak urratzeagatik. Hain zuzen ere:

2. artikulua. Errege lege-dekretuak 2012ko abenduko aparteko ordainsaria ez ordaintzea xedatu zuen. Eusko Jaurlaritzaren iritziz, erabaki horrek bere antolaketa-gaitasuna eta langile publikoen lansariei buruzko politika zehazteko gaitasun esklusiboa urratzen ditu.

8. artikulua. Espainiako Gobernuak Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 48. eta 50. artikuluak aldatu ditu: aurrerantzean, enplegatu publikoen aukerako egunak hiru izango dira; oporraldia, berriz, 22 egunekoa. Aurreko kasuan bezala, bere burua antolatzeko eta langile publikoen inguruko erabakiak hartzeko daukan gaitasuna urratu dela dio Eusko Jaurlaritzak.

10. artikulua. Errege lege-dekretuak, azkenik, kredituak eta baimen sindikalak murrizten ditu, EAEko berezko eskumena dena.

MERKATARITZA

Bestetik, 20/2012 Errege Lege Dekretuaren 27. eta 28. artikuluen aurkako errekurtsoa jarri du Jaurlaritzak, EAEren eskumen esklusiboak eta merkataritzaren esparruko araudi propioa urratzen dituztela iritzi diolako. Hain zuzen ere:

27. artikulua (11. xedapen gehigarria eta azken xedapenetako 2. eta 3.a). Hona hemen desadostasun-puntuak:

o Espainiako Gobernuak merkataritza-ordutegiak liberalizatzeko aukera eman du, eta asteko lanegunetako ordutegi globalari 18 ordu gehitu dizkio. Hala, saltokiak astean gutxienez 90 orduz egon beharko dira irekita. Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, horrek eskumen esklusibo baten gainean erabakitzeko gaitasuna urratzen du. Orain arte, asteko lanorduak 72 ziren.
o Errege lege-dekretuak xedatutakoaren arabera, saltokiak urtean gutxienez hamar igande eta jaiegunetan ireki ahal izango dira; hots, egungo euskal legeriak ezarritakoa baino bi egun gehiagoan.

28. artikulua. Merkealdi, sustapen eta saldoei dagokienez, Espainiako Gobernuak erabat liberalizatzearen alde egin du. Eusko Jaurlaritzaren aburuz, neurri horrek segurtasun juridikorik eza eragiten du sektorean.

KONSTITUZIO AUZITEGIAREN INGURUKO ALDEBIKO BATZORDEAK GAUZATUTAKO LANEN LABURPENA

Orain arte, Estatuaren eta Euskadiren arteko Aldebiko Batzordeak bost akordio lortu ditu EAEko nahiz Espainiako bost legeren inguruan. Era horretan, Konstituzio Auzitegiaren aurrean bost errekurtso jartzea saihestu du. Hauek dira, zehazki:

• Hezkuntzaren arloko gastu publikoa arrazionalizatzeko premiazko neurriei buruzko 14/2012 Errege Lege Dekretua.
• Osasunari buruzko 16/2012 Errege Lege Dekretua.
• Transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko Euskadiko 14/2012 Legea.
• Kiroleko dopinaren aurkako EAEko Legea.
• Euskadiko Aurrezki Kutxen Legea.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau