Berriak Segurtasuna

Hainbat ertzain joango dira Charleroira Belgikako poliziei laguntzera

2013.eko apirilak 11

Larunbatean Uxue Bilbo Basket eta Lokomotiv Kuban taldeek jokatu beharreko Eurokoparen finalaren aurrean dela eta

Bi ertzain joango dira Belgikako Charleroi hirira tokiko segurtasun-arduradunekin batera saskibaloiko Eurokoparen larunbateko finalean egongo diren euskal zaleentzako babes- eta laguntza-neurriak koordinatzeko. Uxue Bilbo Basket taldeko 1.500 eta 2.000 jarraitzaile bitartean joango dira Euskaditik Valoniako hiri hartara partidua ikustera.

Ertzaintza Belgikako poliziarekin harremanetan jarri da larunbatean Spiroudome Arenan jokatu beharreko partiduari begira koordinatzeko. Bi ertzain joango dira Charleroira bertako poliziekin lankidetzan aritzeko eta haien eta euskal klub eta zaleen arteko lotura-lanak egiteko, bertara joandakoei ahalik eta segurtasun-mailarik handiena bermatzearren.

Ertzaintzak dituen datuen arabera, Bilbo Basket taldeko 1.500 eta 2.000 zale bitartean izango dira taldearekin eta espedizio ofizialarekin batera. Horien erdiak bihar goizean, ostiralean, abiatuko diren autobusetan (hamar, guztira) joango dira, hala Miribillatik nola Termibusetik, eta gainontzekoak bere kabuz joango dira, gehienbat auto partikularretan. Jarraitzaile askok Bruselan hartuko dute ostatu, eta partidua baino ordu batzuk lehenago joango dira Charleroira, bien artean 60 bat kilometro daude eta.

Segurtasun-neurriak

Belgikako poliziak ez dizkio Ertzaintzari gomendio bereziak helarazi euskal jarraitzaileentzat, ohiko murrizketez gain (kirol esparruan debekatutako objektuak sartzea, esaterako). Halere, euskal zaleei ohartarazi die hobe dela Charleroiko futbol-zelaiaren inguruko pub eta lokaletara ez joatea; izan ere, egun berean ligako partidu bat egongo da, eta zaleak bilduko dira, batzuk erradikalak.

Errusiako zaleei dagokienez, polizien arabera hirurehun bat izango dira; batez ere zuzendaritzakoak eta Lokomotiv taldeak gonbidatuak izango dira; ez dago istilurik gertatzeko arriskurik, beraz.

Estadioa (Rue des Olympiades 2) erdigunetik hamabost bat minutura dago oinez; gainera, 18 eta 210 zenbakidun autobus-lineek geralekua dute pabiloiaren ondoan. Estadioaren inguruko aparkalekua ere nahiko zabala da.

Bruselan gau egingo duten zaleei dagokienez, Belgikako poliziak jakinarazi du ez dutela arazorik izango erdigunean eta turismo-esparruetan, zorro-lapurren kontrako ohiko neurriak hartzeaz beste.

Edozein larrialdiren aurrean, hauexek dira Belgikako larrialdiko zerbitzuen telefono-zenbakiak:

  • 112, larrialdi orokorrak
  • 100 osasun-zerbitzua eta suhiltzaileak
  • 101 polizia

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan