Euskaraldia
Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
qrcode

Eusko Jaurlaritzak bana saio egingo ditu hiru euskal hiriburuetan, saltegiek, ostalariek eta turismo enpresek ETE-ak finantzatzeko funtsa eskuratzea errazteko

2013-04-11

50.000 informazio-zirkular inguru bidaliko dira, izapideak bizkortzeko eta eskatzaileek dirua ahalik eta azkarren jasotzeko

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak merkatariei, ostalariei eta turismo-enpresei zuzendutako informazio-programa bat abian jarri du, jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren dinamizatzaile gisa duten garrantzia dela medio. Programaren helburua ETEak finantzatzera bideratutako Eusko Jaurlaritzako likidezia-funtsa azkar eta modu eraginkorrean erabiltzea da.

Dekretuaren bidez, zirkulatzaileko premiei aurre egiteko banku-finantzazioa lor dezakete zenbait sektorek. Horietako bat merkataritzakoa da, bereziki sentikorra dena bere bideragarritasuna produktuak aurrerapen handiz erostearen mende baitago. Sektoreok, gainera, funtsezkoak dira familia-enpleguaren egonkortasunerako, eta berebiziko garrantzia dute gure herri eta hirietako bizitzaren orekan.

Merkataritza Dinamizatzeko 32 bulegoen bidez, Euskadin erregistratutako 28.300 saltegi txiki eta ertainek zirkularrak jasoko dituzte, laguntzak eskatzeko orduan lehen eskuko informazioa izan dezaten. Era berean, ostalaritza- eta turismo-elkarteekin batera informazio zehatza bidaltzen ari gara ostalaritza eta turismoaren esparruko ia 20.000 enpresari, interesdunek dirua ahalik eta azkarren jaso dezaten.

Informazio-saioak

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila etengabe hobetzen saiatzen da. Hori dela eta, interes-sektoreei neurrioi buruzko informazioa helarazteaz gain, euren inguruan duten iritzia entzungo du. Hartara, bana saio antolatu ditu hiru euskal hiriburuetan. Horietan merkataritzako, ostalaritzako eta turismoko eragile eta elkarteekin zuzeneko harremana izango du eta neurriok eskatzeko izapideetan izan ditzaketen arazoak ebazteko laguntza emango die, horien inguruan duten iritzia ezagutzeaz gainera.

Aipatu saileko lurralde bakoitzeko delegatuak ez ezik, saiootan Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Itziar Epalza, Merkataritzako zuzendari Jon Zarate eta Turismoko zuzendari Mertxe Garmendia ere izango dira.

- ASTELEHENA, 13/04/15: GASTEIZ. LAKUA II-KO EKITALDI ARETOA (15:00etatik 16:00etara).

-  ASTEARTEA, 13/04/16: DONOSTIA: ANDIA KALEA 13, EKITALDI ARETOA (15:30etatik 16:30etara).

-  ASTEAZKENA, 13/04/17: BILBO: KALE NAGUSIA 85, EKITALDI ARETOA (15:00etatik 16:00etara).

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)