Berriak Lehendakaritza
Eu

Tokiko autonomia errespetatzea eskatuko du Euskadik Eskualdeetako Lantaldearen aurrean

2013.eko apirilak 10

Kanpo Harremanetako Idazkari Nagusiak, Marian Elorzak, Eusko Jaurlaritzaren izenean, Eskualdeetako Lantaldearen osoko bilkuran hartuko du parte bihartik aurrera Bruselan. Osoko bilkura hori erakundearen ehungarrena izango da, 1994. urtean sortu zenetik. Bertan, Europako Parlamentuko presidente Martin Schulz erkidegorentzat premiazkoen diren gaiez jardungo da.

Honako honetan, Kanpo Harremanetako idazkari nagusi Marian Elorzak ordezkatuko du Euskadi osoko bilkuran, aurrenekoz X. legegintzaldia hasi zenetik. Bertan eskualdeen autogobernua aldarrikatuko du Europa eraikitzeko prozesuan. Iñigo Urkullu lehendakariak eta Kanpo Ekintzako idazkariak bat egin dute Europaren aldeko Liberalen eta Demokraten Aliantza Taldearekin (ALDE).

Eusko Jaurlaritzak bi zuzenketa aurkeztuko dizkio Eskualdeetako Lantaldeari Bruselan. Biak ere Europar Batasunaren deszentralizazioari eta EBko politikak osatzerakoan eta gauzatzerakoan tokiko eta eskualdeko autogobernuak duen tokiari buruzko irizpenarekin lotutakoak. Zuzenketen helburua tokiko autonomiaren oinarri demokratikoekiko errespetua eskatzea da. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren aburuz oinarriok kalte larriak izan dituzte Europako zenbait herrialdetan, tartean Espainian, krisi ekonomikoa dela-eta tokiko administrazioa arrazionalizatzeko egindako erreformengatik.

Euskadiren ustez, tokiko autonomia arrazionalizatzeko eta jasangarri egiteko Espainiako legeak kalteak dakartza, bai konpetentzien arloan, bai tokiko autonomiaren izaeran bertan. Ildo horretatik, aurrekoa saihesteko, tokiko administrazioaren etorkizuneko erreformetan Tokiko Autonomiaren Europako Gutuneko printzipioak aintzat hartzea gomendatzen die Eusko Jaurlaritzak legegile nazionalei.

Halaber, osoko bilkuran, pobreziarekin amaitzeko eta munduari etorkizun jasangarria emateko etorkizuneko ikuspegi orokorrari buruz lau alderdi politikoek aurkeztutako ebazpen-proiektua eztabaidatuko da. Bestelako dokumentuak ere landuko dira; besteak beste, EBren aurrekontuekin eta krisi ekonomikoarekin lotutakoak, premia larriak dituztenentzako Europako Laguntzen Funtsarekin lotutakoak, hazteko eta ekonomia suspertzeko Europako industria indartsuagoarekin erlazionatutakoak, eta krisian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko Estatuko laguntzei buruzko EBko irizpideak.

 

Lankidetza Deszentralizatuaren III. Jardunaldiak (Assises de la Coopération Déscentralisée)

Bestalde, osoko bileraren bezperan, hain zuzen ere apirilaren 9 eta 10ean, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendari Paul Ortegak parte hartuko du CDRk Europako Batzordearekin eta nazioarteko beste bazkide batzuekin batera antolatu dituen Lankidetza Deszentralizatuaren Jardunaldietan. Ekimen horrek tokiko eta eskualdeetako ehunaka ordezkari bilduko ditu, eta badu lotura Batzordeak gai horren inguruan laster egingo duen Komunikazioarekin, hots, tokiko eta eskualdeetako agintariek garapenerako lankidetzaren eremuan duten rolari buruzko Komunikazioarekin; badu lotura, halaber, 2014-2020 sasoiko Lankidetzarako Europar Politika abiatzearekin.

Gainera, Lankidetzaren Euskal Agentziaren Zuzendariak lan agenda bat beteko du Europako eta nazioarteko zenbait bazkiderekin, eta baita europar instituzioekin ere.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)