Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Euskadi eta Espezializazio Adimenduna, gure etorkizuneko I+G+b

2013.eko apirilak 08

X. legegintzaldi honen bide berriari ekin genionetik, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarea eguneratzeko oinarriak finkatu ditugu inplikatutako eragileen eskutik, I+G+b industriara transferitzerakoan emaitzak hobetzeko, eta Euskadi Espezializazio Adimendunean kokatzen joateko, hain zuzen. Horrek eskatzen diguna da gure baliabide guztiak -giza baliabideak, teknikoak zein ekonomikoak- eragin arrakastatsuena izango duten tokira bideratzea eta eragin handiena enpresetan eta gizartean bermatzea. Testuinguru honetan, garrantzitsua da Europako Batasunak bultzatutako eskualde-politiketan Espezializazio Adimendunak zer esan nahi duen sakon aztertzea eta hura aplikatzeak Euskadin zer dakarren azaltzea.

Espezializazio Adimendunaren estrategiek definituko dute, eraginkortasuna eta lehiakortasun irizpideak kontuan hartuta, eskualde garapeneko Europako funtsen banaketa. Ezinbestekoa da, beraz, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarearekin batera, gure I+G+b politika estrategia horietara bideratzea eta biltzea.

Europako eskualdeetako botere gehienek, bakoitzak bere testuinguruen pluraltasuna eta dibertsitatea kontuan hartu gabe, ikuspuntu edota politika berberak aplikatzen zituztela egiaztatzearen ondorioz sortu zen Espezializazio Adimenduna. Izan ere, horrelako politiken ondoriozko gehiegizko uniformetasunak eragotzi egiten zien eskualdeei I+G+b inbertsioetan nahikoa balio erantsidun eraginkortasuna edukitzea.

Zentzu horretan, Europar Batasuneko erreferentziako txosten garrantzitsuek (Europar Batasuneko Ikerketa, Berrikuntza eta Zientzia komisarioa den Máire Geoghegan-Quinn andrearen taldeak egindako analisia eta EBerako Cardiffeko Unibertsitateko irakasle den Kevin Morganek egindako txostena, besteak beste) begi onez begiratzen dute Euskadi, baina itxuraz ona dena ez da beti hala izaten eta, kasu honetan, eraginkortasuna hobetzeko zenbait iradokizun egiten dute. Txosten horietan egindako analisia eta Eusko Jaurlaritza honek egindako diagnosia bat datoz: Euskadin ezaugarri paregabeak ditugu, Europan erreferentziakoa den ZTBES- Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarearen arkitektura aberatsa daukagu, eta I+G+b-ren aldeko apustuan sinetsita egindako ibilbide eredugarria, nahiz eta alor publikotik zein pribatutik egindako inbertsio-ahaleginak itzulkin handiagoa eta hobeagoa merezi duen. Beraz bada, gure politiken orientazioan salto kualitatibo bat egiteko momentua iritsi da, eskualdeko berrikuntzaren eredu gisa Euskadik Europan duen kokapena are gehiago indartzeko.

Aipatutako diagnosiaren testuinguruan, ondo dago betiko gure industria-arloen lehiakortasuna hobetzen saiatzea, berrikuntzarako eta nazioarterako bidea zabaltzea, baina, ahalegin horrekin batera, derrigorra da egitura dibertsifikatzeko ahalegina egitea, hazteko leku asko duten arlo edo esparru berrietara abiatzea, Espezializazio Adimenduna-S3 estrategiaren inguruko politikekin bat eginda. Hainbat hamarkadetan zehar potentzial handiko sistema baten oinarriak finkatu ditugu, jarduketa-alor oso ezberdinak jorratu, baina jarduketak lehenesteko politika eskasa egin dugu. Horretaz aparte, ikerketaren eta laguntza-politikaren emaitzen monitorizazioa eta ebaluazioa ere oso txikiak izan dira.

European Commission 2010a eta 2010b txostenak Espezializazio Adimendunaren estrategiak aplikatzeko eskatzen die eskualdeei, eta I+G+b-ko giza- eta finantza-baliabideak oro har lehiakorrak diren area gutxitan biltzearren beharra azpimarratzen du. Gainera, espezializazio-estrategia hori lankidetza publiko/pribatuko prozesu baten emaitza izan dadila eskatzen du, eta bultzada ez dadila espezializazio hutsa izan, "espezializazio dibertsifikatua baizik".

Argi dago, beraz, eskualdeetako gobernuek gure ikerketa politika bideratu egin behar dugula, zein kluster eta alorretan nabarmendu nahi dugun erabaki eta enpresak horietan kokatu ahal izateko zer aktibo eskaintzen dugun; ekonomia-jardueraren edo jarduera berritzailearen eragile-gakoak zeintzuk diren, eta beste lurraldeekiko, aldameneko eskualdeekiko, Estatuko gainerakoarekiko edota munduko ekonomiarekiko zer harreman mota izan behar dugun.

Lehiakorrak izateko beste espezializatu behar dugu, baina dibertsitatea ito gabe. Horrela bada, Euskadi dibertsifikazio eta hobekuntza adimendu baterantz bideratzen jarraitzea da gure helburua, horien alde egiten baitu Europar Batasunak Euskadiren kasua adibidetzat hartuta, "eta ez bakarrik beste eskualde batzuentzat adibide gisa, baizik eta Espezializazio Adimendunaren eremuan oraindik garatu gabe dauden zenbait gai argitzeko laguntza ematen duelako".

Geure buruari eskatzeko gai garenak baldintzatuko du gu Europan ondo kokatuta egotea. Erantzukizun ezin altuagoa daukagu, une honetan, gure ibilbideari, gure kokapenari eta, batez ere, baliabide publiko eta pribatuak kudeatzeari dagokionean. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarea osatzen duten eragile aktibo guztiak islatuko dituen kudeaketa diseinatzen ari gara, eragile bakoitzaren misioa eguneratuz, hala beharko balitz, eta Europako irizpideen arabera homologatuz. Behin "mapa" eguneratuta, kudeaketa zorrotz horrek baliabide publikoen jarraipenerako eta optimizaziorako metodologia berria ekarriko du, I+G+b-ren lehiakortasuna hobetzen lagunduko duena, estatuko berrikuntza politiketan aitzindari izaten jarraituz eta gure erreferentziako kokapena sendotuz Europan. Baliabide gehiago eskuratzen jarraitzeak zaharkituta dagoen kudeaketarekin nekea baino ez liguke ekarriko lehiakortasunari dagokionez. Une honetan hil ala bizikoa da efizientzia eta eraginkortasuna ezberdintzea, eta premiazkoa da "nola" nagusitzea eta ez hainbeste "zenbat".

Hobekuntza-puntu horietara iristeko, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailean, SPRIren laguntzarekin, I+G+b programak monitorizatzeko sistema bat lantzen ari gara. Horrela, Europako parametroen arabera aitortutako sistema baten bidez, homologatutako irizpideen araberako neurketak egin ahal izango ditugu.

Ikerketa funtsak Euskadiren lehiakortasuna hobetzera bideratzea gure lanaren oinarrietako atal bat da, publikoaren eta pribatuaren arteko oreka bilatzen dugularik, eta beti ere pertsonen bizitza eta enpresen lehiakortasuna hobetzea delarik azken buruko gure helburua.

Arantza Tapia Otaegi
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila
Eusko Jaurlaritza

4 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @EukenSese
    2013.eko apirilak 09

    Comentario de Twitter:
    Especializacion inteligente no solo para adecuarse a las especifidades regionales sino también locales.@ateneonaider http://t.co/tYmh0uF4o7

  • @Achucarro_BERC
    2013.eko apirilak 09

    Comentario de Twitter:
    RT @nanoBasque: Euskadi y la Especialización Inteligente, nuestro futuro I+D+i http://t.co/4fbuLXsB0C

  • @nanoBasque
    2013.eko apirilak 09

    Comentario de Twitter:
    Euskadi y la Especialización Inteligente, nuestro futuro I+D+i http://t.co/4fbuLXsB0C

  • @earrilucea
    2013.eko apirilak 08

    Comentario de Twitter:
    Euskadi y la Especialización Inteligente, nuestro futuro I+D+i http://t.co/Jas0BD8fpT

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)