Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

6 espezie gainbeheran eta 4 nabarmen ugarituta Euskadin

2013.eko apirilak 07

* SEO-BirdLife elkarteak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailerako egindako azterlana
* Gerri-txori arrunt, txio iberiar, miru beltz eta sai arre gehiago eta erle-txori, hegatxabal, kalandria, txio arrunt, ihi-txori eta usapal gutxiago ditugu

Euskal Autonomia Erkidegoan gainbehera datoz erletxori europar, hegatxabal arrunt, ihi-txori, usapal arrunt, txio arrunt eta kalandria arruntaren populazioak, eta espezie horien bolumena erdira jaitsi liteke hamabost urteren buruan. Gerri-txori arrunta, txio iberiarra, miru beltza eta sai arrea, ordea, nabarmen ugaritu dira, eta bikoiztu egin liteke horien kopurua epe horretan bertan. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak SEO/BirdLife ornitologia-elkarteari laguntzen dio SACRE programaren bitartez Euskal Herriko biodibertsitatearen egoeraren adierazle zehatz bat egiten. Hegazti arrunt ugaltzaileen segimendua 1996az geroztik egiten du programa horrek eta hainbat espezieren bilakaeraren berri ematen du.

Euskadin aztertutako 124 espezieetako 48tan aldaketa demografikoren bat hauteman da. Halaber, gainbehera datozen 12 espezie, nabarmen gainbehera datozen 6 espezie, beherakada apala duten 24, nabarmen ugariagotzen ari diren 4 eta hazkunde apala duten 20 espezie hauteman dira; 12 espeziek, berriz, joera egonkorra dute.

Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitateko zuzendari Amaia Barredoren ustez, hori «oinarrizko adierazlea da gure lurreko biodibertsitatearen bilakaera zein den jakiteko, pitz litezkeen alarmak garaiz hautemateko, eta, era horretan, irtenbideak aplikatu ahal izateko; horixe gertatu da erle-txoria, hegatxabala, ihi-txoria, usapal arrunta, txio arrunta eta kalandriarekin, guztiek beherakada handia baitute, antza». Europako zati handi batean eta iberiar penintsulan egiten duten azterketaren eraginkortasuna nabarmendu du Barredok, geografia guztia lotuta baitago mugarik gabe.

Lan horretan belatz gorria, kutturlioa, sasi-txinboa, pitxartxar burubeltza, gari-berdantza eta hesi-berdantzaren egoera ere jasota dago, horien populazioak % 5 inguru murriztu baitira urteko. Honako hegazti hauek, bestalde, % 5 inguruko hazkunde apala izan dute: eskinosoak, enara azpizuriak, pinu-kaskabeltzak, kaskabeltz handiak, txepetxak, buztangorri ilunak, gabirai arruntak, amilotx urdinak, karnabak, zozo arruntak, pagausoak, txantxangorriak, okil handiak, txonta arruntak, erregetxo bekainzuriak, txorru arruntak, sasi-txori arruntak, usapal turkiarrak, txinbo burubeltzak eta txinbo kaskabeltzak.

Egonkor
Euskal Autonomia Erkidegoko ugalketa-eremuetan beste espezie hauek egonkor diraute: zapelatz arruntak, belabeltzak, kuku arruntak, txokak, eper gorriak, errekatxindorrak, urretxindorrak, sorbeltz arruntak, txirriskila arruntak eta hesi-berdantzak. Beste espezie batzuen populazioen bilakaera, berriz, ezezaguna da, ez baitute ez goranzko ez beheranzko joera definiturik, eta populazio-aldaketak ez baitira argiak: argi-oilarra, mirotz urdina, antzandobia, enara arrunta, txolarre arrunta, zuhaitz-belatza, sai zuria, ahateak, zikoina zuria, koartzak, belatz handia, martin arrantzalea, mozolo arrunta, haitz-usoa, murgil handia, mika, birigarro-garraztarroak, galeperra eta kopetazuri arrunta, esate baterako.

«SEO/BirdLife elkartearen azterlanaren arabera,» azaldu du Amaia Barredok, «nabarmen gainbehera datozen espezie gehienak nekazaritza-inguruneetako hegaztiak dira, eta beherakada apala dutenak ere lotuta daude nolabait nekazaritza-eremuarekin. Nabarmen ugaritu direnen artean miru beltza eta sai arrea daude (Araban ageri dira), penintsula osoan espezie horiek izan duten hazkundearekin bat». Hiri-inguruneetako hegaztiek (txolarreak, enarak eta sorbeltz arruntak) egoera egonkorra dute, eta hazkunde apala ere egiaztatu da enara azpizuriaren kasuan.

Laginketak
Azterlanak nabarmendu du nekazaritzako eta zuhaixkez estalitako eremuetako hegazti-taldeek beheranzko bilakaera dutela eta, baso eta hirietakoek, berriz, goranzkoa. Profesionalek eta boluntarioek egin dute lan hori laginketa-unitatetan banatuta; hala, ibilbideak egin dituzte 10 ? 10 kilometroko laukitan kokatutako 20 estaziotan. Denboraldi bakoitzean bina bisita egin dituzte eremu horietan, eguneko lehen eta azken orduan; halaber, laguntzaileek behaketak biltzeko protokolo bati jarraitu diote, eta datuak neurtzeko ikastaro orokor bat ere egina dute aldez aurretik. Iaz 1.060 laginketa egin ziren, eta aurten estaldura 1.320 gunetara iristea espero da.

Eusko Jaurlaritzako biodibertsitateko zuzendariak «era horretako lanen garrantzia» nabarmendu du, «gure natura-ingurumenaren osasuna eta bizitza etengabe ebaluatzea baitakarte, edozein desbideratze kezkagarri konpontzen saiatzeko aukera eskainiz. Onena da Europako gainerako herrialdeekin batera egitea, horri esker emaitzak ikuspegi orokor eta zuzen batetik azter baitaitezke».

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko biodibertsitatean interesa duten abeltzaintza eta nekazaritzako eta naturaren aldeko hainbat elkarteri helaraziko dizkie. «Zorionez gero eta pertsona gehiagok behatzen dituzte gure hegaztiak birding izeneko jardueran; izan ere, toki ederrak ditugu, hala nola Urdaibai, Txingudi, Guardiako urmaelak, Salburua, Valderejo-Gaubea eta gure lurraldeko beste gune batzuk», adierazi du Amaia Barredok.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @MiriamUrt
    2013.eko apirilak 07

    Comentario de Twitter:
    Estudio @SEO_BirdLife en #Euskadi, conclusiones : 6 especies de aves en declive y 4 con fuerte incremento http://t.co/f8VAn7XS5e via @Irekia