Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Erkorekak ez du uste Konstituzio Auzitegiak Espainiako gobernuaren aurkako erabakirik hartuko duenik

2013.eko apirilak 08

Portugalen gertatu ez bezala, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak ez du uste Espainiako Konstituzio Auzitegiak gobernu espainiarrak hartutako erabakien aurkako erabakirik hartuko duenik. Konstituzio Auzitegia Estatu Auzitegi bihurtu dela adierazi du Erkorekak, eta «Estatuak egoera ekonomikoaren gainean dituen kezkak adierazpen eta ebazpen bihurtzen» dituela. Horrela, bozeramailea ez da oso baikor agertu Eusko Jaurlaritzak osasun eta hezkuntzako doikuntzen aurka jarri dituen errekurtsoen gainean Auzitegiak har dezakeen erabakiaren aurrean; «ez dut KAren ebazpenik ikusi Estatuak ekonomiaren antolaketa orokorra finkatzeko duen eskumenean oinarritzen den Estatuaren neurri bat atzera bota duenik», erantsi du.

Josu Erkoreka bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburuak Onda Vasca irratiak egin dion elkarrizketa batean egin ditu adierazpenok.

Euskadiko sindikatuek greba orokorreko egun bat deitzeko aukera ere izan du mintzagai Josu Erkorekak; hala, «herrialdea ez dago grebetarako», errepikatu du bozeramaileak. Erkorekak erantzukizuna eskatu du, eta adierazi du «diagnostiko partekatu bat» egiteko eta «krisialditik ateratzeko moduak» hitzartzeko unea dela. Grebak egingo lukeen «bakarra» dagoeneko «oso etsita» dauden herritarrei, eta kanpora begira, atzerriko inbertitzaileei, mezu «izugarri negatiboa» helaraztea izango litzatekeela ohartarazi du Erkorekak.

Aurtengo aurrekontu-proiektuari dagokionez, Erkorekak uste du oraingoz akordiorako denbora dagoela, eta talde politikoei berriro eskatu die zehazteko Iñigo Urkulluren jaurlaritzak aurkezturiko aurrekontuek haien aburuz zer aldaketak eduki beharko lituzketen.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)