Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Agenda 21-i esker, milioi eta erdi euskal ikasle trebatu dira ingurumen jasangarritasunean

2013.eko apirilak 05

Orain dela hamar urte jarri zen abian Ingurumen sailburuorde José Antonio

  • Galerak:«ikasleek eta irakasleek jasangarritasunaren ideia helarazten diete senideei»
  • Sestaoko, Portugaleteko, Donostiako, Barakaldoko, Amurrioko, Gernikako, Idiazabalgo, Santurtziko, Legazpiko, Gasteizko, Getxoko, Hondarribiko, Elgoibarko, Azkoitiko eta Basauriko ikastetxeak nabarmentzen dira airearekin, urarekin, biodibertsitatearekin eta klimarekin lotutako ekintzengatik

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak sustatutako Eskola Agenda 21i esker, 1.419.396 euskal ikasle ingurumen-jasangarritasunaren arloan trebatu dira, orain dela hamar urte hasi zenetik. Euskal udalek, 127.576 irakaslek, ikastetxe askok eta Hezkuntza Sailak ere lagundu dute lan horretan.

«Eskola Agenda 21 jasangarritasunaren arloko trebakuntza- eta hezkuntza-estrategiarik garrantzitsuena da, eta gure udalerrietako ekintza-planetako lan-tresna garrantzitsu bilakatu da», Ingurumen sailburuorde José Antonio Galerak adierazi duenez.

«Hamar urte daramatzagu jakintza, gaitasuna, jarrera, motibazioa eta konpromisoak garatzen, ingurumen-arazoak konpontzen laguntzeko», gehitu du Galerak. «Europako gainerako herrialdeetan bezalaxe, programa honek arreta berezia jartzen dio ikasleak trebatzeari. Hori horrela, gure gazteak eta haurrak oso kontzientziatuta daude gure ondare naturalari eusteko beharraz, eta harro egon behar dugu horretaz».

2003/04 ikasturtean, 8.330 ikaslek, 575 irakaslek, 27 ikastetxek eta 12 udalek hartu zuen parte programan; hamar urte geroago, berriz, 216.324 ikaslek eta 17.844 irakaslek, 466 ikastetxek eta 122 udalek hartu dute parte Euskadiko Eskola Agenda 21eko eskola jasangarriaren zereginetan eta programetan.

«Gure helburua da ikasleek, ikastetxeek eta udalerriek aire, ur eta lurzoru garbi eta osasungarriak bermatzeko lan egitea, bai eta ondasun naturalak eta hondakinak erantzukizunez kudeatzea, natura eta biodibertsitatea babestea eta lurralde-oreka eta mugikortasun jasangarria bilatzea ere. Hartara, klima-aldaketaren eragina mugatuko dugu», nabarmendu du Galera sailburuordeak.

Konpromisoa

Eskola Agenda 21en parte hartzen duten Euskal ikastetxeek hainbat konpromiso hartu dituzte beren gain, esate baterako, urarekin lotutakoak: iturrietan difusoreak instalatzea eta zisternetan sakagailu bikoitzak jartzea, bai eta ureztatze-sistema eraginkorrak ere. Aireari dagokionez, ikastetxe eta institutuetan isiltasun-guneak ezarri dituzte. Gainera, honako hauetaz kontzientziatu dira: «erosketa berdea» egiteaz, paper birziklatua erabiltzeaz, ikasgeletan birziklatzeko edukiontziak jartzeaz, landareak eta baratzeak zaintzea sustatzeaz, bizikleta-aparkalekuak ipintzeaz, kontsumo txikiko bonbillak instalatzeaz eta tenperatura eta argiztapena beharrezkoa denera soilik mugatzeaz.

«Hamar urteko lana emaitza bikainak ematen ari da -esan du José Antonio Galerak-, eta, ikusi dugunez, Sestaoko ikastetxeek udalerriko iturri publikoen egoeraren berri eman diote udalari, Amurrioko Aresketa Ikastolako ikasleek zuhaitz autoktonoak landatu dituzte ikastetxean, eta Legazpiko hiru ikastetxeek Urola ibaiaren urteko garbiketan parte hartu dute herritarrekin eta udalarekin batera».

Eusko Jaurlaritzak 750 mila euro eman dizkio Agenda 21 programari. Programan, bada, EAEko bigarren hezkuntzako ikastetxeen % 60 baino gehiagok parte hartzen dute, eta horietako 77 «ikastetxe jasangarriak» dira. «Ekimena ez da hor gelditzen -gehitu du Galerak-; aitzitik, ikasleen eta ikastetxeen lana familiengana pasatzen da, eta gizarte osoa natural kontzientziatzen da. Gainera, irakasleen eta ikasleen arteko koordinazioa oso ona da».

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @GrupoLagunduz
    2013.eko apirilak 11
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)