Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Oregik "eraikitako espazioak berrituz hiri dentsitatea berreskuratzea" proposatu du

2013.eko apirilak 05

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik hauxe proposatu du: «kokalekuen dentsitatea berreskuratzea, eraikitako eremuak hedatzeko prozesuak mugatzea eta eraikitako espazioak berritzeko eta berrerabiltzeko ekimenak euskal lurralde-garapenerako etorkizuneko jardueren erdigune bihurtzea».

Lurralde Politikari buruzko konferentzia bat eman du Oregik gaur goizean, Bilbon egindako Forum Europa Tribuna Euskadin. Bertan Bizkaiko ekonomia-, enpresa- eta politika-alorreko ordezkari ugarik parte hartu dute. Juan José Ibarretxek egin ditu aurkezpen-lanak.

Oregiren ustez, hiri-dentsitateak berreskuratzeko proposamena «funtsezkoa da jasangarritasunerako; izan ere, landaredi eta lehen sektorerako euskarri diren lurzoruak suntsitzea saihesten du; hondakinen eta baliabide estrategikoen kudeaketa hobetzea ahalbidetzen du (ura, adibidez); motordun joan-etorriak murrizten ditu, eta mesedegarria da garraio kolektiboko sistemak erabil daitezen».

Ana Oregik zerrendatutako moduan, «lurralde-politikak ikasteko, aztertzeko edo eztabaidatzeko alderdi eta ikuspegi asko ditu, baina gaur funtsezko hiru klabe nabarmendu behar ditut: gizakia gure politiken ardatza izatea; gure natura- eta kultura-ondarearen balioa nabarmentzea, eta lankidetza». «Zazpi mila milioitik gorako biztanleekin, gizakien baliabide-eskariak 1980tik aurrera planetaren ahalmena gainditzen» duela «eta egun % 20an gainditzen» duela gogorarazi du sailburuak. Halaber, «Europan aztarna ekologikoak ahalmen hori, batez beste, bikoizten» duela esan du, eta «Euskal esparruan batez besteko hori gainditzen» dugula.

«Rioko gailurreko teoriak barneratu ditugu, baita ingurumen-bektorea gure politika publikoetan naturaltasunez egotea ere, baina horrek ez du esan nahi dena eginda dagoela. Agerikoa da teoriak aplikatzeko orduan batzuetan asmatu dugula eta beste batzuetan ez. Halere, uste dut esan dezakegula gure gizarteak giza jardueren ingurumen-inplikazioak kontuan hartzeko beharra barneratu» duela adierazi du Oregik. Horretaz gain, «euskal enpresak eta gizarte osoak azken 20 urteotan ingurumenaren aldeko neurriak, ohiturak eta keinuak ezartzen egindako ahalegina» aitortu ere egin du.

Hiriak eta arazoak

Oregik gogora ekarri duenez, «pertsonen % 50 hirietan bizi dira, eta 2050ean biztanleen % 90 inguru hirietan bizitzea espero da. Esan ohi da jasangarritasunaren aldeko gudua hirietan izango dela. Hiriak jasangarriak badira, giza espezieak etorkizuna izango du, horrela ez badira, arazo larriei egin beharko diegu aurre». «Batzuetan, erantsi du sailburu eta hirigileak, badirudi hiriak direla arazoen sorburua, baina askok uste dugu egiaz irtenbideen sorburua direla. Giza espezieak bizikidetzarako asmatu duen tresnarik eraginkorrena dira. Badakigu hobekien funtzionatzen duen eredua eredu trinko, konplexu eta kohesionatua dena. Gure espezieari zerbitzua ematen dioten sistemek zentzu handiagoa hartzen dute dentsitate, trinkotasun, neurri edo okupazioko ratio jakin batzuk dituzten hirietan kokaturik daudenean».

«Jakin badakigu hiri mediterranearra, jatorria Agora greziarrean eta foro erromatarrean duena, oraingo eta etorkizuneko hiri-plangintzak jarraitu beharreko eredua dela», azaldu du Oregik. «Gaur egun, EAEk 2.133.684 biztanle ditu 7.089 km2-ko azaleran; 300 bizt/km2, alegia. Hortaz, Europar Batasuneko eskualde ez-metropolitarrik dentsoena da. Lurzoru urbanizatuko datuak bakarrik hartzen baditugu, emaitzazko dentsitatea 5.866 bizt/km2-koa da».

«Hiru hiriburuei dagokienez, hirigintzako plangintza oneko parametroen arabera, Gasteiz, Bilbo eta Donostiak dentsitateko estandarrak betetzen dituzte; halere, Gasteizek kezkatzeko moduko ratio baxuak ditu 1990eko hamarkadako garapenetan eta XXI. mendeko zabalguneetan», baieztatu du Oregik.

Hazkundea nabarmendu beharrean, Oregik proposatu du «kokalekuen dentsitatea berreskuratzea, eraikitako eremuak hedatzeko prozesuak mugatzea eta eraikitako espazioak berritzeko eta berrerabiltzeko ekimenak etorkizuneko jardueren erdigune bihurtzea. Ikuspegi hori funtsezkoa da jasangarritasunerako; izan ere, landaredi eta lehen sektorerako euskarri diren lurzoruak suntsitzea saihesten du; hondakinen eta baliabide estrategikoen kudeaketa hobetzea ahalbidetzen du (ura, adibidez); motordun joan-etorriak murrizten ditu, eta mesedegarria da garraio kolektiboko sistemak erabil daitezen».

Sailburuak azaldutako moduan, «hiri-forma edo erabilera jakin batzuen kokapena, besteak beste, funtsezkoak dira garraio kolektiboa ibilgailu pribatuaren gainean nagusitzeko eta errepide berrien beharra murrizteko. Baina, jakina da gure lurraldea ez dela hiri eta herrien eransketa huts bat, horregatik 1980ko hamarkadaren amaieran, lurralde-estrategia bat garatu zen Euskadin, lurralde- eta sektore-plangintza, baita lurralde-eragineko legedia ere, oraindik hasiberriak ziren garai batean».

Euskadi Europa aurreratu moduan

«EAE, nazioarteko testuinguruan, benetako eskualde-hiri baten moduan ageri da gero eta modu ageriagoan. Euskadiko lurraldearen eskala funtzio eta gune ekonomiko globalak hartzen dituzten munduko beste eskualde-hiri batzuenaren antzekoa da (hala nola Stockholm, Anberes-Brusela edo Frankfurt); horiek Euskadiren oso antzeko neurri demografiko eta geografikoak dituzte; batzuetan, gainera, hiri-eredu estentsiboagoen ondorioz, dentsitate txikiagoak dituzte, eta horrenbestez, biztanleria eta ekonomiako masa kritikoaren aprobetxamendua ez da hain eraginkorra izaten», zehaztu du Ana Oregik.

Oregiren iritziz, «aldez aurretik adostutako eta jasangarriaren helburuak lortzera bideratutako lurralde- eta hiri-eredu baten ondorio badira baino ez dira benetan eraginkorrak eta bideragarriak garraio, energia, natura-espazio, gizarte-kohesio, hondakin-kudeaketa, ur-hornidura eta abarren politikak».

«Lurralde-elementuen kalitatea etorkizunerako funtsezko faktorea da: natura-espazioak, basoak, nekazaritzako eta abeltzaintzako espazioak, itsasbazterrak eta hiri paisaiak; horiek jasangarritasun eta bizi-kalitateko baldintzak adierazten dituzte, eta gure lurraldea erakargarri egiten duten ezinbesteko ingurune multzo bat osatzen dute. Gure etorkizuneko aukera onenen artean ingurumena eta paisaia hobetzea eta gure natura- eta kultura-erakargarritasunen balioa nabarmentzea daude», gaineratu du Euskal Lurralde Politikako erakunde-arduradun nagusiak.

«Lurralde-koherentziak Euskadiren nortasun-ezaugarri bat izan behar du; bizi-kalitatearen funtsezko faktore bat, baita jasangarritasun, berrikuntza eta lehiakortasuneko bere estrategiaren oinarrizko osagai bat ere. Biodibertsitatea hobetzea eta ziklo naturalak berrezartzea ezinbestekoak dira oinarrizko baliabideak erabilgarri daudela bermatzeko, arriskuak prebenitzeko, lurraldearen erakargarritasuna sustatzeko eta herritarren bizi-kalitatea bultzatzeko, eta horretarako beharrezko ekimenak dira aldaketa handiei aurre egin behar dieten nekazaritzako espazioen kudeaketa aktiboa, natura-espazioen interkonexioa eta paisaiaren ikuspegia txertatzea lurraldeko esku-hartzeetan».

«Gaur egun, nabarmendu du Oregik, lurraldearen % 22,7 Naturguneen Sarean dauden natura babesteko figuraren batean jasota dago. Urdaibai, Txingudi, Ramsar guneak eta Natura 2000 Sareko guneak EAEko ingurumen-intereseko ekosistema eta esparru nagusietako batzuk dira.

Jasangarritasuna

Sailburuaren iritziz, «ingurumenaren eta ekosistemen egoerak nabarmen egin du hobera azken urteotan. Baina egun, erronka eta aukera berriak agertu dira gure lurraldearen ingurumen-kalitatea eta jasangarritasun globala hobetzeko. Babestutako guneak biodibertsitatea berreskuratzeko funtsezko elementu bilaka daitezen horien arteko interkonexio handiagoa behar da; hortaz, biotopoen arteko lurralde-zatiketa eragiten duten elementuen eragina murriztu beharra dago, eta jarraipena ematen dieten esparruak sortu».

Oregik, herri-ikuspegia azaltzeko orduan, «polizentrismo, nortasun eta osagarritasunaren alde agertu da; ia Europako herrialde guztiek dute eredu hori. Polizentrismoak gune bakoitzari indarra ematen dio haren ahalmenetan oinarrituta, eta aukera gehiago ahalbidetzen ditu; izan ere, eratzen duen egitura konplexuago, anitzago, berritzaileago eta jasangarriagoa da osagai dituen elementu bakoitza baino».

«Sareko lurralde polizentrikoak sinergiak sortzen ditu, eta lurraldeko elementuen arteko osagarritasunean oinarritzen da. Elkarri lotutako lurralde horrek espazio metropolitarrak, hiri ertainak eta landaguneak hartzen ditu barnean. Lurraldeak toki bakoitzaren nortasuna harmonizatzen du multzoak eskaintzen dituen askotariko aukerekin», nabarmendu du Ana Oregik.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)