Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Nazioarteko adituek berretsi dute beren presentzia Bilbon itsas energiez egingo den kongresu europar garrantzitsuenean

2013.eko apirilak 04

Bilbao Marine Energy Week apirileko Kongresuan 40 txostengile aditurekin batera, mundu osoan teknologia eta proiektuak garatzen ari diren puntako enpresen 500 ordezkari izango dira

  • Euskadi liderra da itsas energien ikerkuntzan; horren erakusle dira, itsaso zabalean dagoen bimep itsas azpiegitura, Mutrikuko olatuen energia aprobetxatzeko planta eta TECNALIA enpresaren eskutik itsaso zabalean sortzeko teknologia eta produktua garatzeari begirako azterlanak
  • Bilbao Marine Energy Week Kongresua 2013ko apirilaren 15etik 19ra egingo da, eta bertan itsas energia berriztagarriak aprobetxatzeko teknologiak eta energia mota horien inguruko gai ugari jorratuko dira. IBERDROLA babesle nagusia izanik,  Eusko Jaurlaritzaren energia agentzia den Energiaren Euskal Erakundeak (EEE), TECNALIAk eta Bilbao Exhibition Centrek, elkar hartuta, antolatu duten nazioarteko kongresu horren harira, hainbat ekitaldi eta jarduera gauzatuko dira; adibidez, jardunaldi teknikoak, azoka profesional bat eta zenbait bilera. Kongresuaren bi jardunaldi nagusietan, mundu osoko aditu eta ikerlariez gain, alor horretan teknologia garatzen diharduten enpresetako ordezkariak ere bilduko dira. 

    Beste enpresa garrantzitsu batzuen artean, Alstom, Andritz Hydro Hammerfest, Siemens, Iberdrola, Voith, Oceantec. Vestas, Gamesa eta Statoil Dong Energy enpresetako 40 adituk azalduko dituzte beren txostenak Kongresuan. Hala, aste osoan, Bilbao Exhibition Centren itsas energia eta energia alorrean ari diren puntako enpresen 500 ordezkari baino gehiago izango direla espero da. Horietako gehienek adituen txostenak entzungo dituzte apirilaren 17 eta 18an egingo diren jardunaldietan, itsas energia eolikoaz eta itsas energiaz (olatuak eta itsaslasterrak) izango diren jardunaldietan, hain zuzen ere. Horrekin batera, itsas energian eta energia alorrean izandako azken berrikuntzak aurkezteari begira,   enpresa teknologikoek antolatutako erakusketa profesionala bisitatzeko aukera izango dute.

    Apirilaren 17an izango den Kongresuko lehen jardunaldian gai monografikoa jorratuko da; izan ere, itsas eolikoan eman diren azken aurrerapenak eta proiektu berritzaileenak azalduko dira jardunaldian. Alor horretan lidergoa duten enpresa europarrak eta zenbait gobernu, Britainia Handia, kasu, energia iturri berriztagarri horren garapenaren aldeko apustua egiten ari dira, hurrengo hamarkadan hazkunde ikusgarria izateko bidean den energia mota. Era horretan, herrialde horiek beren lurretan energia mota horren inguruko industria bat bultzatzen dute, energia modu garbian sortzeaz gain, datozen urteetan hazkunde, aberastasun eta enplegua sortzeko ere aukera eman dezakeena. 

    Lehen jardunaldi horretan, Xabier Viterik, Iberdrola Taldeko Negozio Berriztagarrien zuzendariak, konpainia horrek itsas energiaz duen ikuskera estrategikoaren berri emango du. Era berean, goi mailako enpresa teknologikoetako ordezkariek ere parte hartuko dute, esate baterako, Gamesako Juan Moyak,  Alstom-eko Daniel Castellek, Areva Wind-eko Sebastien Hita Peronak eta Vestas-eko Álvaro Matesanz Gilek. Horiekin batera, mundu osoan proiektu garrantzitsuenak garatzen ari diren enpresetako ordezkariek itsas parkeen inguruko egitasmoak azalduko dituzte, hala nola DonG Energy, Crown Estate, Statoil eta Principe Power enpresetakoek. 

    Apirilaren 18an izango den Kongresuko bigarren jardunaldian, berriz, itsas energiari lotutako azken aurrerapenak tratatuko dira; batez ere, olatuen energiari eta itsaslasterrei dagokienez. Horretarako,  enpresa teknologikoetako aditu ugari izango dira; esaterako, Andrith Hydroko Stein Atle, Siemens-eko Kai Koelmel, Voith-eko Tobias Keitel, TECNALIAko Pablo Ruiz-Minguela, Alstom-eko Ken Street eta Tocardo Tidal Energy-ko Hans Van Breugel. Gainera, Britainia Handiko Gobernuaren Energia Berriztagarrien Saileko arduradunak, Europar Batzordeko DG Marine-ko kideak eta EU-OEAko ordezkariak ere Bilboko Kongresuan izango dira.

    Itsas energiak Euskadin
    Euskadik ikerketa sare oparo du alor horretan, itsas eolikoa garatzeko zenbait bide jorratzen ari diren zentro teknologikoez eta enpresez osatua.  Horren erakusle da, besteak beste, bimep (Biscay Marine Energy Platform). Energiaren Euskal Erakundeak sustatutako itsas azpiegitura hori instalazio fasean dago gaur egun, eta behin amaitutakoan, itsaso zabalean gailuak probatzeko eremu bat izango du, Armintzako portuaren aurrean, eta bertan ekoitziko den energia lehorrera bideratuko da urpeko kable batzuen bidez. Hartara, energia sortuko duten gailu eta tresnak probatzeko eta ikertzeko parada izango dute enpresek. Horrezaz gain, itsas aerosorgailuetarako plataforma flotagarriak probatzeko ere aukera izango da bimepen instalazioetan. Ildo horretatik, TECNALIA, Astilleros Murueta, Tamoin, Velatia eta Vicinay enpresek osatzen duten partzuergoa plataforma flotagarri bat garatzen ari da offshore eolikorako. Horien sinergien aprobetxamenduari esker, aerosorgailuak ontziola konbentzionaletan muntatzeko aukera izango da eta garraioa eta instalazioa itsasoan ontzi normalekin egin ahal izango da. Hartara, gaur egungo azpiegiturak erabili ahal izango dira, eta Euskadin ezarpen handia duen arlo horri hazteko bide berriak ekarriko dizkio.  

    2020ko Euskadiko Energia Estrategian jasotzen diren aurreikuspenen arabera, 50 MW-erainoko potentzia instalatua izango duten erakuste proiektuak garatuko dira; eta 60 MW-erainokoak izango dira olatuen energiaren inguruko proiektuei dagokienez.

    Euskadin egingo da Teknologia Garbien Astea
    Euskadin izango da Teknologia Garbien Astea, apirilean. Hala, Bilbao Marine Energy Week Kongresuaz gain, Cleantech Forum Europe izenekoa bilkura ere Euskadin egingo da. Munduko lider eta hazten ari diren merkatuei lotutako foro hori teknologia garbiez egiten den Europako garrantzitsuena da.

    Cleantech Group eta Innobasquek antolatutako foro horretan, negozio aukerak eta errentagarritasuna bilatzen dituzten exekutibo, inbertitzaile, ekintzaile eta nazioarteko korporazioak izango dira. Aurten, Cleantech Forum Europe foroak, gainera, Europa eta Amerika Latinaren arteko zubigintzan sakontzen lagunduko du; saioetako bat alde horretako teknologia garbiez izango baita. Bilbao Marine Energy Week Kongresua eta Cleantech Forum Europe foroa ia aldi berean egingo direnez gero, lehenengoan parte hartuko duten pertsonek bigarrenean parte hartzeko baldintza bereziez baliatzeko parada izango dute. 


    Informazio gehiago:
    http://www.sinaval-bmew.eu/

    http://www.innobasque.com/home.aspx?tabid=1477



    Oraindik ez dago iruzkinik
    • Faceless avatar thumb 70
      Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
    Komunikabideek behera kargatzeko