Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Elkarrizketa Zibilerako Mahaia

2010.eko martxoak 17

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eta Gizarte-Ekintzako Gobernuz kanpoko Erakundeek Elkarrizketa Zibilerako Mahaia eratu dute


Solaskidetza horren helburua gizarte-politiken diseinuan eta betearazpenean eragina izango duten akordioak lortzea da


Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak Elkarrizketa Zibileko Mahaiaren eraketa iragarri du gaur goizean. Mahai hori gizarte-ekintzako hirugarren sektoreko sare eta federazio nagusien ordezkariek eta sailak berak osatuko dute. Hirugarren sektore horretan biltzen dira modu antolatuan baina irabazi asmorik gabe diharduten duten elkarte, fundazio eta bestelako erakunde guztiak. Sektore horrek, besteak beste, Pobreziaren eta Bazterkeriaren aurkako Sarea eta ezintasun intelektuala dutenen aldeko Elkarteen Federazioa horretan biltzen ditu. Hau da, haien zeregina garatzen duten esparrua gizarte-zerbitzuetatik hasi eta laguntza humanitarioaren arteko esparrura iristen da, bidezko merkataritzatik, finantzazio etikotik eta komunitatearen garapenetik eta giza eskubideen babesetik pasatuz.


Hirugarren sektorearen mundu zabalaren barruan, esku-hartze sozialean diharduena erdigunean kokatzen da. Gure kalkuluen arabera, autonomia erkidegoan 1.000 erakundetik gora daude, eta horiek 50.000 boluntario baino gehiago biltzen dituzte.

Horrez gain, 20.000 inguruk soldatapean lan egiten dute. Funtzionamendu baremo ohikoen arabera, erakunde horiek 400.000 kuota inguru jasotzen dituztela kalkulatzen dugu. Oro har, irabazi asmorik gabeko gizarte-ekintzak Euskadiko Barne Produktu Gordinaren % 1 baino gehiago hartzen duela kalkulatzen dugu.


Elkarrizketa Zibileko Mahaiaren helburua politika publikoen diseinuan eta betearazpenean eragina izango duten akordioetara iristea da, besteak beste, gizarte-gaien arloan. "Ziur gaude lankidetza, bideragarria ez ezik, positiboa eta beharrezkoa ere badela" adierazi du Gemma Zabaletak.


"Sailaren iritziz", gaineratu zuen, "boluntarioen ekintza eta elkarteen bizitza berebiziko garrantzia duen gai politikoa da. Gure ustez gizarte-eskubideak harremanezkoak dira, hau da, ezin dira gauzatu eskubide horien jabeen partaidetza aktiborik gabe".


Praktikan, hirugarren sektorearekiko bilerak maiz samar egin dira joan den urtearen erdialdetik aurrera, egungo gobernua osatu eta gutxira. Une hauetan mahaian aztertzen ari diren eduki nagusiak Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearen garapen eta aplikazioari lotutakoak dira. Zehazkiago, ondoko gaiei buruzkoak dira: plan estrategikoa, zerbitzu-zorroari buruzko dekretua, erabiltzaileen ekarpen ekonomikoa zerbitzuen iraupenerako, eta diru-laguntzen berrantolaketa.


Horri buruz Gemma Zabaletak adierazi duenez, "geroago aztertuko dira mendetasunaren, familiaren, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren, garapen lankidetzaren eta enpleguaren inguruko gaiak".


Elkarrizketa Zibileko Mahaia esperimentazio-fasean egongo da datorren urtera arte, eta haren garapena osagarria da politika publikoen diseinu eta ebaluazioan eragile guztiek duten partaidetza bideratzeko kontseilu, batzorde eta foroekiko.


Une hauetan gizarte-ekintzako hirugarren sektoreko ondoko sareak eta federazioak parte hartzen ari dira elkarrizketa zibilean:


* Euskadiko Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakudeen Koordinakundea.
* EAPN Euskadi (Pobreziaren eta Bazterkeriaren aurkako Sarea).
* Elkartean (Euskadiko Urritu Fisikoen Konfederazio Koordinatzailea), EDEKAko kidea (Elbarrituen Ordezkarien Euskal Koordinakundea).
* FEDEAFES (Gaixo mentalen eta senideen elkarteen Euskadiko konfederazioa), EDEKAko kidea (Elbarrituen Ordezkarien Euskal Koordinakundea).
* FEDERPEN (Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Pentsiodun eta Erretiratuen Probintzia Elkarteetako Lurralde Federazioak).
* FEVAS (Ezintasun intelektuala dutenen aldeko Elkarteetako Euskal Federazioa).
* Gizatea (Euskal Autonomia Erkidegoko laneratze-enpresen elkartea).
* Harresiak Apurtuz (Etorkinei Laguntza emateko Gobernuz Kanpoko Euskadiko Erakundeen Koordinakundea).
* Hirekin (Euskadiko ekimen eta esku-hartze sozialeko erakundeen elkartea).
* Hirukide (Euskadiko Familia Ugarien Elkartearen Federazioa).
* LARES Euskadi (Adinduei laguntzeko egoitzen eta zerbitzuen euskal elkartea-Elkartasun sektorea).
* ONCE ( Espainiako Itsuen Estatu Erakundeak), EDEKAko kidea (Elbarrituen Ordezkarien Euskal Koordinakundea).
* REAS Euskadi (Ekonomia Alternatiboko eta Solidarioko Sarea).


Elkarrizketa Zibileko Mahaia osatzen duten sare eta federazioen aldetik, hedabideak ondoko pertsonekin jarri daitezke harremanetan: Natalia Diez-Caballero (Telf. 605 701 881) eta Pedro Fernández (Telf. 676 310 275)

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Gemma Zabaleta