Berriak Segurtasuna
Eu

Aste Santua: istripuen eta biktima-kopuruaren beheranzko joerak berretsi egin dira Euskal Herriko errepideetan

2013.eko apirilak 02

Barne-bidaia batean izandako hildako batez amaitu da errepideetan aparteko zailtasunik eragin ez duen astea

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak prestatutako «2013ko Aste Santua» izeneko antolamendua atzoko gauerdian amaitu zen, zirkulazioa handia zelarik eta inoiz ilarak ere egin direlarik A 1ean Armiñonen (Araban) eta AP 68 autobideko ordainlekuan Aretan (Laudion), Bilboranzko bidean. Gipuzkoan, berriz, gaur asteartera arte iraungo du antolamenduak abian, kamioien mugaz gaindiko zirkulazioa joan den gauean hasi baita berriro eta, beraz, ibilgailu astunen zirkulazio handia espero baita. Hildako batez itxi da Euskadin astea; Aste Santuko berezko joan-etorriekin zer ikusirik ez zuen barne-zirkulazioan gertatu zen istripua. Jaurlaritzako trafiko-zuzendari Garbiñe Saez Molinuevoren iritziz, «oro har ontzat» jo behar da aurtengo Aste Santuko kanpaina, errepideetan ibili diren ibilgailu ugariak aintzat hartuz gero, ezbehar-kopuruari eutsita eta aparteko zirkulazio-arazorik gabea.

Trafiko-zuzendariak adierazi duenez, «aparteko gorabeherarik gabe igaro da Aste Santua euskal errepidetan. Eguraldiaren aurreikuspenek kikildu egin dituzte hainbat eta etxean gerarazi dituzte; haatik, zirkulazio handia izan da gure errepideetan, irteera-fasean batik bat, asteazken eta ostegunean. Dena dela -dio- Ertzaintzak prestatutako erregulazio-antolamenduek ondo funtzionatu dute eta zirkulazioa arina izan da». Ezbehar-kopuruari dagokionez, Saez Molinuevok dio «nabarmen ezbehar gutxiago izan dira Aste Santuan Euskal Herriko errepide-sareetan. Benetan txarra izan den puntu bakarra pertsona baten heriotza izan da».

Aste Santuan Euskadiko errepideetan izandako istripuen balantzeari erreparatuta, berretsi egin da beheranzko joera istripu-kopuruari zein biktima-kopuruari dagokionez. 86 istripu izan dira guztira martxoaren 27tik apirilaren 1era bitartean, 63 biktimarik gabeak eta 23 biktima eragin dituztenak, eta hildako bat izan da. Iaz bi hildako eta 123 istripu izan ziren guztira.

Zaurituen kopuruak (larriena zein arinena) ere behera egin du 2012tik hona. Larri zauritutako pertsona bakarra izan da aurten (iaz, berriz, sei). Arin zauritutakoak, bestalde, 28 izan dira (2012an, 44). 

Oporraldi honetan izandako istripuen kopuruak etengabe egin du behera 2009az geroztik; 117 istripu izan ziren orduan.

Auto-ilarak han-hemenka Aste Santuan

Atzo, Pazko Astelehena, auto-ilara laburrak izan ziren Euskal Autonomia Erkidegora itzultzean. Zirkulazio handiena A‑1 eta A‑68 autobideen arteko loturan (Arabako Armiñonen) eta AP‑68 autobidean Gasteiz eta Bilbo artean (Aretako ordainlekuan, Laudio parean). Gipuzkoan, 19:00ak aldera, bi kilometroko ilarak izan ziren N‑I errepidean, Ordizian, Irungo norabidean dauden lanek eraginda.

Zirkulazio-arazo handienak irteera-egunetan gertatu ziren, asteazken eta ostegunean, hain zuzen, martxoak 27 eta 28, oporretara bidean.

Asteazken arratsaldean ilarak izan ziren, Gasteizen parean N‑I errepidean izandako zauriturik gabeko bi istripuk eta Burgoserantz zihoan ibilgailu-zirkulazio ugariak eraginda. N‑622 errepidean ere sentitu zen horren eragina. Halaber izan ziren bi kilometro inguruko auto-ilarak Armiñonen eta zirkulazio motela, inoiz geldia ere bai, A‑8 autobidean, Bizkaitik Kantabriarako bidean.

Ostegunean, hilak 28, Gipuzkoan izan ziren auto-ilarak, AP‑8 autobidean, zehazki, Behobian, Lapurdi alderako bidean. Zazpi kilometrokoak ere izan ziren, eta eguerdiko ordu biak aldera desagertu ziren. Bizkaian, A‑8 autobidean zirkulazioa motela izan zen eta aldika ilarak sortu ziren Abanto eta Barakaldo artean, Kantabriarako bidean, 14:20ak arte.

Auto-istripu aipagarrienak

Hirurogeita hamasei urteko gizon bat hil zen igande arratsaldean Gernika-Lumon izandako auto-istripu baten ondorioz. Autopsiaren emaitza jakina ez bada ere, baliteke gizonak bihotzekoa pairatzea eta, ondoren, haren ibilgailua Aita Luis Villasante kaletik ateratzea. Barne-zirkulazioko mugimendu batean gertatu da heriotza -Aste Santuko berezko bidaietatik kanpo, alegia-, eta azken egunetan Euskal Herriko errepideetan izan den hildako bakarra izan da.

Igandean bertan, martxoak 31, gidari bat larri zauritu zen bere ibilgailua GI‑627 errepidetik aterata, Aretxabaletan, eta beste pertsona bat ospitaleratu behar izan zuten, bi autok elkarren kontra talka eginda N‑634 errepidean, Muskizen parean. Ostegunean, martxoak 28, BI‑2704 errepidean, Plentzian, gertatu zen kolisioa izan zen istripu aipagarriena; pertsona bat zauriturik suertatu zen eta Gurutzetako ospitalera eraman behar izan zuten.

Atzo, astelehena, itzulerako eguna izanik, arratsaldeko zazpiak baino lehentxeago gertatu zen istripu larriena N‑102 errepidean, Ariñez eta Gasteiz bitartean. Lau zauritu izan ziren eta Txagorritxuko ospitalera eraman zituzten. Hiru ibilgailu izan ziren tartean, eta bide hartako zirkulazioari ere eragin zitzaion.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau