Berriak Osasuna
Eu

Koloneko eta ondesteko minbizia hautemateko EAEko programak estalduraren % 100 lortuko du aurten

2013.eko martxoak 27

Osasuneko sailburu Jon Darpónen iritziz, lehentasuna da, lehen mailako prebentzioarekin batera, bizitzak salbatzeko diagnostiko goiztiarreko tresna gisa  

Koloneko eta ondesteko minbizia hautemateko EAEko programak estalduraren % 100 lortuko du aurten. Horixe esan du gaur Osasuneko sailburuorde Guillermo Viñegrak, minbiziaren kontra borrokatzeko EAEko elkartearekin batera egin duen prentsaurrekoan. Prentsaurrekoa koloneko minbizia prebenitzeko munduko egunaren harira egin dute, martxoaren 31n ospatuko baita.

Hala, 50 eta 69 urte arteko pertsona guztiek egingo dute proba aurten. Koloneko Minbizia Prebenitzeko Aliantzaren datuen arabera, Espainiako estatuko estalduraren batez bestekoa % 17 inguruan dago, 2015erako finkatutako % 50eko helburutik oso urrun. 

Jon Darpónek zuzentzen duen sailak erabat bete nahi du 2008an Inclán sailburuak onartutako plana; izan ere, minbizi-mota honek -bigarrena da EAEn eraginari dagokionez, gizonezkoen zein emakumezkoen artean- eragiten duen erikortasuna eta heriotza-tasa murrizteko tresna eraginkorretako bat da. Viñegra sailburuordeak nabarmendu du gaiztotze bidean dauden eta gaiztotutako lesio asko detektatzen ari direla; horietako asko ez daude oso aurreratuta, eta, beraz, pronostikoa ona dute «Negatibo faltsuen» ehunekoa txikia dela gehitu du.

Diagnostiko goiztiarraz gain, lehen mailako prebentzioa koloneko minbiziaren kontra borrokatzeko funtsezko tresna da. Hori horrela izanik, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bizitza osasungarriko ohiturak sustatzeko politikak ere sustatu ditu; izan ere, gaixotasun horren eta bestelakoen arrisku-faktore nagusiak tabakoa, alkohola, gehiegizko pisua eta sedentarismoa dira.

Viñegra sailburuordeak nabarmendu du parte-hartzaile ugari dituela Jon Darpónen Sailak eta Osakidetzak zuzentzen duten programak, eta horren arrazoi moduan honako hauek aipatu ditu: «lehen mailako arretako profesionalen bultzada, Planaren Koordinazio Taldearen kemena, arreta espezializatuaren erantzun azkarra eta Osakidetzaren arretaren kalitatea». Ildo horretatik, Viñegrak inplikatutako profesional guztiak zoriondu ditu Sailaren partez, eta eskerrak eman dizkie herritarrei, «gure osasun-sistema publikoan konfiantza izateagatik».

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)