Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak 594 milioi euro edukiko ditu

2013.eko martxoak 26

Aurreko ekitaldian baino % 19,7 gutxiago

Oregik «garraioaren jasangarritasunerantz, lurralde-politika orekaturantz eta ingurumen-jardun arduratsurantz» bideratuko ditu inbertsioak


• Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak 430 milioi euro inbertituko ditu euskal trenbide-sisteman.
• 56,9 milioi Ingurumena babesteko, ingurumena eta uraren programetan. 16,5 milioi uholdeei aurre egiteko Urumea ibaiaren arroko udalerrietan, Gobela ibaiaren Getxoko zatian, Galdakao eta Basaurin eta Gasteizen
• 2,5 milioi bideratuko dira lurraldearen antolamendua, paisaia eta lurralde-informazioa kudeatzeko tresnetara.
• Mugi txartela sustatuko da Gipuzkoan, eta erakundeen artean adostutako azterlanak egingo dira Gasteizko tranbiaren handitzeak zehazteko.
• Jundiz/Foronda eta Lezo/Pasaiako plataforma logistikoen proiekzioa.
• 3,9 milioi biodibertsitatearen galera gelditzeko, ekosistemak leheneratzeko, eta lurzoruaren artifizializazioa mugatzeko.
• 15,67 milioi Bermeon eta Ondarroan mantentzeko kaiak eta hobetzeko lanak egiteko, baita Pasaia, Orio, Mutriku eta Donostian hainbat jarduera egiteko ere.
• Gastu arrunta, langileen gastuak eta funtzionamendukoak murriztuko dira.
• ETS, ET, EKP, Ihobe eta Ura sozietateek aurrekontuak txikiagotuko dituzte.


Eusko Jaurlaritzak 594.157.000 euro bideratuko ditu aurten Ingurumen eta Lurralde Politika Sailera, gaur arratsaldean Ana Oregi sailburuak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu duen aurrekontu-proiektuaren arabera: iazko kontuetan baino % 19,7 gutxiago. Oregik nabarmendu du «murrizketa ekonomikoak egin arren, diruaren ehuneko laurogei baino gehiago inbertsioetara» bideratuko dela, eta, «hortaz, gure herriaren lurralde-garapenean partaidetza aktiboa» izango dutela. Oregi sailburuak «garraioaren jasangarritasunerantz, lurralde-politika orekaturantz eta ingurumen-jardun arduratsurantz» bideratu ditu sailaren inbertsioak.

Aurrekontu-programei dagokienez, Trenbide Sare berrira (Y) bideratutakoak, kudeaketa-kredituekin, hartuko du aurrekontu-inbertsio handiena (350.685.505 euro; hau da, oraingo aurrekontuaren % 59), eta ondoren hauek: garraioaren antolaketak (50.402.800 euro eta % 38,5eko murrizketa); Trenbideek (40.991.900 euro eta % 47ko murrizketa); Bilboko Metroak (38.779.200 euro eta % 43,3ko murrizketa); Plangintza eta administrazio hidraulikoak (30.000.000 euro eta % 37,2ko murrizketa); EAEko trenbide-sare berriak finantzaketa propioarekin (27.790.000 euro eta % 4,3ko murrizketa); Ingurumena Babesteak (26.951.700 eta % 35,5eko murrizketa); Portuak eta aireportuak (15.847.800 euro eta % 34,8ko murrizketa); Egitura eta Ingurumeneko laguntza eta lurralde-politikak (8.456.100 euro eta % 20,9ko murrizketa); Lurralde Antolamenduak (3.957.200 euro eta % 333ko murrizketa) eta Bide-azpiegituren Plangintza eta Sustapenak (294.900 euro eta % 34,8ko murrizketa).

Lurralde Antolamendua

«Lurralde-plangintzari eta -administrazioari dagokienez jarduketa orekatu eta jasangarria planteatuko dugu», zehaztu du Oregik, «eta 2,5 milioi bideratuko ditugu lurraldearen antolamendua, paisaia eta lurralde-informazioa kudeatzeko tresnetara. Industria-aurriak eraisteko jadanik konprometitutako maileguak emango ditugu, eta horietara 1.061.827 euro bideratuko ditugu kreditu bigunetan, beste 54.429 euro azterlanak egitera, 70.000 euro Euskal Hirira, 39.429 euro Inbentarioetara eta Udalplanera, eta 173.877 euro paisaiari balioa ematera lurraldearen antolamenduaren eta plangintzaren funtsezko elementu gisa».


Ingurumena eta urak

«Ingurumen-politika arduratsu baten garrantzia» nabarmendu du Ana Oregik Legebiltzarreko agerraldian, eta gaineratu du aurtengo euskal kontuetan «56.951.700 euro» bideratuko direla horretara, «zenbateko horren % 31,5 hartzen duten inbertsio errealak eta transferentzia arruntak eginez». Ingurumen eta Lurralde Politika Sailburuak esan du inbertsio horren bitartez hauxe lortu nahi dutela: «berotegi-efektuko gasen isuriak murriztea autonomia-erkidegoko klima-aldaketaren ondorioak gutxiagotuz; biodibertsitate geografikoaren galera gelditzea, ekosistemak lehengoratuz; baliabideen erabilera eraginkorra sustatzea; ingurune garbi eta osasungarri bat bermatzea, eta gizarteak horren ardura bere gain har dezan bultzatzea, informazioa eta prestakuntza hobetuz».

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak aurreikusitako ekintzen artean hauexek nabarmendu ditu sailburuak: klima-aldaketarekin lotutako I+G proiektuetarako laguntzak; egokitzeko eta arintzeko prozesuetara bideratutako estrategiak identifikatzea eta garatzea, eta ingurumen-arloan sentsibilizatzea eta heztea. Kontserbazio bereziko eremuak (KBE) deklaratzeko jarduerek 1.122.952 euro jasoko dituzte. Baliabideen erabilera eraginkorra sustatzeko ekintzen barruan prebentzio eta kudeaketako planak egingo dira, baita hondakinen beste inbentario bat ere.

URA Uraren Euskal Agentziak 33.683.160 euroko gastua (konsolitatua); hala, bereziki uholdeei aurrea hartzeko jarduerak egingo ditu, batez ere toki hauetan: Urumearen arroan eta hainbat gunetan (Hernani, Loiola, Martutene eta Donostia) eta Andoain; Bizkaian Gobela ibaiaren inguruan (Getxo), Nerbioi (Basauri eta Galdakao) eta Araban Gasteizko hegoaldeko ibaietan.

Halaber, 4.709.466 euro bideratuko dira «eragile ekonomikoak, zientifikoak eta sozialak erantzukide egiteko, merkatua ingurumenaren alde erabiliz, eta informazioa zein trebakuntza hobetuz». Esparru horretan udaletarako diru-laguntzak nabarmentzen dira. Aire-kalitate, zarata, kutsatutako lur, klima-aldaketa eta biodibertsitateko lan-ildoak 1.561.757 euro jasoko ditu, eta Eskola Agenda 21en barruko sentsibilizazio eta hezkuntzakoak, berriz, 799.484 euro. Azkenik, Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak 7.802.600 euroko aurrekontua izango du.

Garraioak eta burnibideak

Oregik Legebiltzarreko Batzordean azaldu duen moduan, garraioaren jasangarritasuneko jarduera-ardatzek hauxe dute helburutzat: «mugikortasun jasangarri bat, pertsonak eta merkantziak garraiatzeko politika eraginkor bat, Y trenbidearen garapena, aireportu-eredu integratu bat, euskal portuen hobekuntza, gure plataforma logistikak garatu eta bultzatzea (bereziki Lezo, Jundiz, Foronda eta Arasur-ek eskaintzen dituen aukerak), Akitaniaren eta Euskadiren arteko komunikazioa hobetzea, Europako eskualde indartsu moduan biok aurrera egiteko, eta bide-azpiegiturak planifikatu eta sustatzea».

Programa horiek 524,8 milioi euro biltzen dituzte guztira. EAEko trenbide-sare berriak, kudeaketa-kredituei dagokienez, kopuru horren % 66,8 hartuko du; garraio-antolamenduak % 9,6; trenbideek % 7,8; Bilboko metroak % 7,4; trenbide-sare berriak, bere finantzaketari dagokionez, % 5,3; portuek eta aireportuek % 3, eta bide-azpiegituren plangintzak eta sustapenak % 0,1.

Pertsonen eta merkantzien garraio-politikan Gipuzkoarako diru-laguntzak eta Mugi txartelaren ezarpena nabarmendu ditu (2.086.998 euro). Halaber, saila milioi erdi bat euroko hitzarmena prestatzen ari da VIA eta Gasteiz-Foronda´ko aireportuarekin aireportu-eredu integraturako. Eta 120 mila euro ere bideratuko dira Donostia-Hondarribia´ko aireportura.

«Plataforma logistikoak bultzatzeko Eusko Jaurlaritza honen apustu irmoari dagokionez», adierazi du Oregik Legebiltzarreko Batzordean, «arlo hori bereziki nabarmenduko dugu; halaber, Euskadiko plataforma logistiken sistemarekin lotutako garapen-planetara 140.000 euro bideratuko dira, 200.000 zentro eta plataforma logistiketan parte hartzera, eta 220.000 euro gehiago eskualdeen arteko lankidetzako CFA Effiplat proiektura plataforma logistikoen arloko Arku Atlantikoaren esparruan». Gipuzkoa eta Lapurdiren arteko komunikaziorako Transfermuga proiektuak 75.000 euroko partida jasoko du.

Eusko Trenbideakek aurrekontuko 104,82 milioi euro jasoko ditu sare propioa ustiatzeko. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak kudeatzen dituen tren-azpiegituren programen artean, nabarmentzekoak dira trenbideei zuzendutakoa (40,99 milioi euro), Bilboko Trenbide Metropolitanoa (38,77 milioi euro), tren-sare berria (Y) -finantzaketa propioari dagokionez- (27,79 milioi euro eta 350,68 milioi euroko kupo bidezko deskontuak aurreikusten dituen kudeaketa-kredituak). Euskal Trenbide Sareak aurrekontuaren 100 milioi izango ditu, eta 44,66 milioi euro eskainiko ditu Gipuzkoako inbertsioetarako (Donostialdea-Herrera/Altza, Loiola, Easo eta Topoaren erdibitzea), bai eta Bizkaikoetarako (Durangoko azpiegitura zaharrak birmoldatzea, Metroaren 3. linea eta Artxandako tunela). Araban, Gasteizko tranbia handitzeko aukera aztertuko da zehatz-mehatz, bai erakunde arteko akordio bidez, bai herritarren adostasunarekin.

Portu-azpiegiturei dagokienez, Lakuak 12,55 milioi euro inbertituko ditu portuak mantentzeko lanetan eta horietako azpiegiturak hobetzeko lanetan; hartara, euskal portuen arratza-, merkataritza-, kirol- eta turismo-balioak sustatuko dira aldi berean. Bermeon, Ondarroan, Orion, Mutrikun eta Donostian egingo dira jarduketak. Turismoa eta aisialdiko ekintzak sustatzeko, EKP sozietateak 3,85 milioi euro izango ditu. Mutrikuko portuan mantentze-lanak egiteko, bertan kai bat eraikitzeko eta portua urbanizatzeko erabiliko da dirua, bai eta ur-kirolen sektorea eta Frantziatik, Holandatik, Alemaniatik eta Bretainia Handitik datorren ur-turismoa bultzatzeko ekintzetarako ere.

 

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @GreenpeaceEUS
    2013.eko martxoak 27

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak 594 milioi euro edukiko ditu. http://t.co/BPTF1ufpzQ

  • @GreenpeaceEUS
    2013.eko martxoak 27

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: El Departamento de Medio Ambiente y Política Territorial dispondrá de 594 millones de euros. http://t.co/mCL5NZJ0nT

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)