Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailak 2013an 582,8 milioiko aurrekontua izango du, Euskadiko segurtasunari eusteko beharrezko giza baliabideak eta materialak jartzeko

2013.eko martxoak 26

Aurrekontua % 10,9 txikitu den arren, segurtasuna bermatzen du, Arkauteko Akademiako trebakuntza bikoizten du eta Ertzaintza berrantolatzeko oinarriak ezartzen ditu

Atzo, Segurtasun sailburu Estefanía Beltrán de Herediak 2013ko aurrekontu-proiektua aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarrean, Segurtasun sailburuorde Josu Zubiagarekin, Administrazio eta Zerbitzu sailburuorde Iñaki Gurtubairekin eta saileko zuzendariekin batera. Orotara 582,8 milioi eurokoa izango da, 2012koa baino % 10,9 txikiagoa.

«2013. ekitaldian, Segurtasun Sailak EAEko herritarrei segurtasunaren zerbitzu publiko egokia bermatzeko moduko aurrekontua izango du», adierazi du Segurtasun sailburuak, «Euskadik herrialde segurua izaten jarrai dezan, giza baliabideez eta baliabide materialez hornitzen gaitu aurrekontu horrek».

Ildo horretatik, Segurtasun Sailaren aurrekontuaren % 90 Ertzaintzaren programara bideratuko dela nabarmendu zuen. 552,4 milioi euroko partida izango du, 8.000 ertzainen eta haientzako beharrezko baliabideen bidez segurtasun publikoari eusteko helburuz.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari 11,6 milioiko aurrekontua esleitu zaio, Ertzainen, udaltzainen, suhiltzaileen eta babes zibileko kideen etengabeko prestakuntzarako. 2013ko aurrekontua 2,4 milioi txikiagoa den arren, ikastaroen kopurua % 58 handitu da (160 ikastaro) eta lekuen eskaintza bikoiztu egin da, 22.000 ikasle baino gehiago jaso ahal izateko.

Segurtasun Sailaren aurrekontua herritarren segurtasuna hiru arlotan bultzatzera zuzenduko da: informatzera, ikertzera eta Ortzimuga 2016 Ertzaintzaren Plan Estrategikoan bildutako kudeaketa eredu berria ezartzera. Euskadiko kaleak zaintzen dituzten ertzainen kopurua handitzeak gastu-lehentasunetan eragina izan du, ibilgailuaren parkea eta jantziak direla-eta.

Informazioaren eta ikerketaren alorrek ere jasoko dute datozen urteetan garatuko diren aplikazio informatiko eta telekomunikazio-sareen eragina. Horregatik, 2013an 30.124.434 euro bideratuko dira azken horietara. Bestalde, polizia zientifikoaren laborategirako tresna teknologiko berriak erosiko dira 300.000 euro ingururen truke.

ETAk jarduera utzi duenez eta mehatxatutako pertsonen kopurua txikitu denez, eskolten zerbitzuaren gastua 34 milioi eurotik 9,6 milioi eurora txikituko da. Dena den, kontusail horren bidez, 24 orduko zaintza behar duten etxeko edo genero indarkeriaren biktima diren emakumeak ere artatzen dira. Horrenbestez, baliteke kontusaila handitzea, babesa behar duten emakumeen segurtasuna bermatzeko. «Babesa behar duten emakume guztiek jasoko dute babesa, pertsonen segurtasunari eragiten dion funtsezko zerbitzu publiko bat delako; ondorioz, gastua beharrei egokituko zaie», azaldu du Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasun sailburuak.

Azkenik, Segurtasun Sailak 10,3 milioi euro bideratuko ditu Trafiko Zuzendaritzara, 14,6 milioi euro, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologia Zuzendaritzara, 6 milioi euro, hautes-prozesuetara, 4,7 milioi euro, Egitura eta Babesera, eta 1,7 milioi euro Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzara.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)