Berriak Osasuna
Eu

Txinako ordezkariak Euskadin dira, adineko patologianiztun eta kronikoen osasun-arretarako estrategia dela-eta

2013.eko martxoak 25

Euskal osasun-sistema publikoko ikerketa eta berrikuntza mailarik gorenean daude munduan

  • Txinako Zientzia eta Teknologia Ministerioaren proiektu batean laguntzen du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, BIOEFen bitartez, eta proiektu horrek ekarri ditu Txinako ordezkariak.
  • Proiektuaren jomuga da antolakuntzako, asistentziazko eta teknologiako irtenbide onenak aurkitzea patologia anizkoitzak dituzten adinekoen eta gaixo kronikoen arretan.

Euskadik eta Txinak lankidetzarako eta kooperazio zientifikorako hitzarmena dute eginda, besteak beste, kronikotasun, lehen mailako arreta, osasunaren sustapen, ezagutzaren partekatze eta lanerako eta ikertzaileen trukerako sareak sortzearen arloetarako. Hori dela-eta, lankidetza horren parte diren Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko ordezkariak Txinako Informazio Tekniko eta Zientifikoko Institutuko zenbait ordezkarirekin bildu dira gaur arratsaldean, Durangon (Bizkaia).

Ordezkari txinatarrei harrera egin diete Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuorde Guillermo Viñegrak; Osasun Berrikuntzarako Euskal Erakundeko (O+berri) zuzendari Roberto Nuñok; eta Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza eta Administrazio Elektronikoko zuzendari Javier Bikandik. Bisita bi egunekoa izango da (martxoak 25 eta 26), eta xede izango du Txinako Zientzia eta Teknologia Ministerioaren proiektu bat garatzea, hain zuzen, 'Human Centered eHealth for the elderly in Changzhou City' izenekoa (Pertsona ardatz duen telemedikuntza, Changzhou hiriko adinekoentzat; Txinako hiririk garrantzitsuenetakoa da Changzhou).

Guillermo Viñegrak azaldu duenez, "gure Gobernuak apustu irmoa egin du ikerketaren eta berrikuntzaren alde gaixotasun kronikoak dituzten pertsonen eta patologia anizkoitzak dituzten adinekoen arretan, eta hori oso ildo garrantzitsua da euskal osasun-sistema publikoan, duela zenbait urtetik hona. Esan dezakegu, ahalegin historiko horri esker, gaur egun maila goreneko irtenbideak ditugula arlo horretan".

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuordeak honako hau azaldu du: "Txinak erronka demografiko handia izango du aurrean datozen urteotan. Hori dela-eta, ekimen berritzaileak behar ditu antolakuntzaren, asistentziaren eta teknologiaren arloetan, adinekoei eta gaixotasun kronikoak dituzten pazienteei kontrol, arreta eta jarraipen hurbilekoagoa eta hobea egiten lagun dezaten. Euskadin, Eusko Jaurlaritzak arlo horretako ikerketan eta berrikuntzan lagundu izan du historian eta, horregatik, gaur egungo mailara iritsi ahal izan dugu, alegia, mundu-mailako potentzia batekin -oraingo honetan, Txinarekin- nazioarteko lankidetzazko harremana izatera".

Akordio zabala

Euskadik baterako hitzarmena du eginda Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren (O+berri-BIOEF Osasun Berrikuntzarako Euskal Erakundearen bitartez) eta Txinako Changhzou hiriko Biztanleria eta Familia Plangintzarako Institutuarekin.

Roberto Nuñok adierazitakoaren arabera, "hitzarmenak hainbat lankidetza-alor hartzen ditu barnean, besteak beste, honako hauek: baterako lana adinekoen arretaren eta kronikotasunaren arloan; lehen mailako arretaren garapena eta osasunaren sustapena; esperientzien trukea eta lankidetza, osasunaren arloko irtenbide berriak -teknologia berrietan eta ezagutza elkarri helaraztean oinarrituak- garatzeko; emaitzen eta jardute arrakastatsuen trukea eta bi aldeetako ikertzaileen mugikortasuna; eta berrikuntzaren sustapena, berrikuntzaren askotariko alderdi eta modalitateetan".

Roberto Nuñok, orobat, honako hauek ere aipatu ditu: "enpresa- eta erakunde-sareak sortzea, osasun-arloko ikerketa eta berrikuntza garatzeko; ikasle, profesional eta ikertzaileen trukeak eta egonaldiak egitea, bi aldeen interes-arloetan; lan-sareak sortzea mailarik gorenean; eta mintegiak, hitzaldiak eta lantegiak antolatzea".

Martxoaren 26an, ordezkari txinatarrak Mondragon Health-eko ordezkariekin bilduko dira. Mondragon Korporazioaren unitate estrategikoa da Mondragon Health; osasunaren arloko negozio-aukerak sortzeaz eta sendotzeaz arduratzen da, eta medikuntza-ekipamenduaren, telemedikuntzaren, zerbitzuen eta prestakuntzaren alorretan lan egiten du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Roberto Nuño, O+Berriko zuzendaria