Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Eusko Jaurlaritzak 213 milioi euro bideratuko ditu Herri Administrazio eta Justizia sailera

2013.eko martxoak 25

Aurrekontu-programa guztiak indarrean atxikiko ditu 2013an.
• 156,3 milioi eurorekin hauek bermatuko ditu: legea hautsi duten adingabeei arreta ematea; baliabiderik ez duten pertsonei doako laguntza juridikoa ematea; etxeko indarkeria edo sexu-indarkeria pairatzen duten emakumeei arreta ematea, eta familia-elkarguneak, beste oinarrizko eskubide batzuekin batera.
• 13,3 milioi euro bideratuko ditu herritarrek Herri Administrazioarekin duten harremanean berrikuntzak egiteko, eta 13 milioi euro gehiago hizkuntza-normalizazioa bultzatzeko.
• % 67,9 aurreztuko du erakunde-harremanetarako programan.


Herri Administrazio eta Justizia Sailak 212,9 milioi euroko aurrekontua izango du 2013an, 2012an baino % 7,9 gutxiago. Iazko ekitaldiko aurrekontu-programa guztiei eutsiko zaie, ordea.

Sail honen aurrekontuak euskal kontu publiko guztien % 2,3 hartzen du, eta horren atalik handiena (% 73,3) euskal justiziarekin lotutako baliabideak eta herritarren zerbitzuak finantzatzera bideratuko da.

JUSTIZIA (156,3 milioi €)

Justizia-arloak saileko aurrekontuaren ia hiru laurdenak izango ditu 2013an, 156,3 milioi euro, 2012an baino % 5 gutxiago soilik.

Arlo horren barruan, I. kapitulua (langileak) kenduta, gasturik handiena justizia-jauregien funtzionamenduari eta baliabide materialen zuzkidurari dagokie, 28,7 milioi euro; horretaz gain:

1. Gazte Justiziako zentroak eta zerbitzuak. 12,8 milioi euro bideratuko dira guztira legea hausten duten adingabeak erabat gizarteratzeko. Lan hori, batez ere, Eusko Jaurlaritzak hiru lurraldeetan dituen adingabeen 7 egoitza-zentroetan egiten dute. Orobat, 12,8 milioi euro horiekin 2013an zaintzapeko askaskatasun-neurriak finantzatuko dira; komunitatearen onerako adingabeek egindako lana kudeatuko da, eta tratamendu anbulatorioa, neurri terapeutikoak, hezkuntzakoak eta bizikidetzakoak finantzatuko dira, bai eta legea urratu duten adingabeak guztiz errehabilitatzea lortzeko gainerako tratamendu sozioedukatibo guztiak ere.

2. Doako laguntza juridikoa. Doako laguntza juridikoa bermatzeko zuzkidura 9,8 milioi eurokoa izango da, eta horri 160.000 € gehitu behar zaizkio «kasu zazputuak» izenekoetan abokatuen jarduna finantzatzen laguntzeko funts bat lehen aldiz sortzeko.

3. Etxeko indarkeriaren txanda. Eusko Jaurlaritzak 1,6 milioi euro bideratuko ditu etxeko indarkeria nahiz sexu-erasoak pairatzen dituzten emakume guztientzako arreta eta defentsa juridikoko doako zerbitzu hori bermatzeko.

4. Familia-elkarguneetara ia 1,4 milioi euro bideratuko dira. Epai judizial bidez horietara joan behar duten familiek tratamendu pertsonalizatua jasotzen dute bisitetan, umeak gurasoen artean trukatzeko prozesua laguntzen... Lan hori psikologo, gizarte-langile eta -hezitzaileen talde profesional batek egiten du, Eusko Jaurlaritzak finantzatuta.

5. Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuak milioi erdi bat euro baino gehiago jasoko ditu; zerbitzu horri eutsiko zaio, hortaz. Horren bidez, hain larriak ez diren delituen egileek zigorrak truka ditzakete komunitatearen onerako lanak eginez, besteak beste.

Azkenik, 1,1 milioi euro inguru bideratuko dira 2013an Justizia Administrazioko langileen hizkuntza-normalizaziora, herritarrek euskaraz egiteko eskubidea berma dadin.

FUNTZIO PUBLIKOA ETA HERRITARREN ARRETA (43 milioi €)

Herri Administrazio Sailburuordetzara 43 milioi euro bideratuko dira 2013ko aurrekontuan.

Arlo horretako partidarik handiena (13,3 milioi euro) herritarren arretara eta euskal administrazio elektronikoan berrikuntzak egitera bideratuko da; hala, kanal tematikoen bitartez herritarren eta euskal herri-administrazioaren arteko harremanean sakondu ahal izango da 2013an. Programa horren barruan 4,9 milioi euro bideratuko dira Zuzenean zerbitzura, zeinaren bitartez herritarrek laguntza edo informazioa eskatu ahal baitiote herri-administrazioari Interneta (www.euskadi.net), bulegoak (hiru hiriburuetan) edo telefonoa (012) erabiliz.

Horretaz gain:

1. 13 milioi euro emango dira euskal Herri Administrazioaren hizkuntza-normalizazioan aurrera egiteko.
2. EIZU proiektura 7,1 milioi euro bideratuko dira; proiektu hori Herri Administrazioaren giza baliabideak kudeatzeko sistema digital bat da.
3. 5,3 milioi euro bideratuko dira prestakuntzako ikastaroak eta programak egiteko.

ARAUBIDE JURIDIKOA (4,6 milioi €)

Eusko Jaurlaritzaren araubide juridikoaren arloak 4,6 milioi euro edukiko ditu 2013an. Diru hori hauetarako erabiliko da, besteak beste: Eusko Jaurlaritzaren defentsa auzitegietan bermatzeko, eskumenak defendatzeko, Gernikako Estatutua egokitu eta garatzeko, arauen kontrola egiteko...

Arlo horren barruan milioi bat euroko aurrekontua izango du Aholku Batzorde Juridikoak; hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazio guztien aholku-organoak.

ERAKUNDE HARREMANAK (2,3 milioi €)

Jaurlaritzak 2,3 milioi euro bideratuko ditu (2012an baino % 67,9 gutxiago) erakundeen arteko harremanak eta komunikazioak finantzatzera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria kudeatu eta argitaratzera, toki-araubideko gaiak konpontzera zein elkarte, fundazio eta elkargo profesionalen erregistroa administratzera.

BESTE BATZUK (6,5 milioi €)

Azkenik, 6,5 milioi euro bideratuko dira Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura eta laguntzako programara; gastu horiek % 13,5 murriztu dira 2012koen aldean.

2013rako aurrekontu-proiektuan ez dago jasota Gabonetako Haur Parkean parte hartzea; iazko ekitaldian 278.240 €-ko zuzkidura ekonomikoa ekarri zuen horrek.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)