Berriak
Eu

Gobernu Kontseiluak baimendu du 600 milioi euroko kreditu-operazio bat formalizatzea

2010.eko martxoak 16

Halaber, Ehizari buruzko Legearen aurre-proiektua ere onartu da. Beraren bitartez, Aldundiek ahalmena eskuratuko dute “politika propioek garatzeko” ehizaren alorrean

Ekonomia eta Ogasun Sailburu Carlos Aguirrek azaldu duenez, operazio hori “oso normala” da instituzioetan eta enpresa pribatuetan; beraren asmoa da konpentsatzea iazko diru-bilketan gertatutako jaitsiera eta aurreko Jaurlaritzak egindako kreditu-habilitazioak, horren bitartez ia 900 milioi euro konprometitu baitziren kredituetan. Aguirrek kritikatu du “EAJk gai hau plazaratu izana”, zeren horrek “ez baitio inori ere mesederik egiten”.

Gobernu Kontseiluak 600 milioi euroko kreditu-operazio baten formalizazioa baimendu du, “kreditu-kontua” modalitatean. Operazio hori “oso normala” da erakunde publiko eta pribatuetan, Ekonomia eta Ogasun Sailburu Carlos Aguirrek azaldu duen bezala. Sailburuak kritikatu du EAJk gai hau erabili izana oposizioaren eta Jaurlaritzaren arteko hika-mikarako, zeren horrek “ez baitio inori ere mesederik egiten”. “Ez dut ulertzen zergatik plazaratu duen EAJk gai hau”, azpimarratu du Aguirrek.

Gaur goizean onartutako epe laburrerako kreditu-operazioaren helburua da altxortegiko behar iragankorrei aurre egitea, zorpetze-operazioen baimenean gertatutako atzerapenak konpontzen diren bitartean. Ekonomia eta Ogasun Sailburu Carlos Aguirrek Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, Jaurlaritzaren xedea da 2009 urteko diru-bilketan gertatutako jaitsiera konpentsatzea, hots, krisiak eta aurreko Jaurlaritzak egindako kreditu-habilitazioek eragindako jaitsiera konpentsatzea –habilitazio horiek ia 900 milioi konprometitu zituzten kredituetan-. Aguirre Sailburuarekin batera, prentsaurrekoan azaldu dira Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Idoia Mendia eta Nekazaritza, Arrantza eta Lurralde Plangintzako sailburu Pilar Unzalu.

Carlos Aguirrek azpimarratu du zein diren kreditu-operazio hau sorrarazi duten arrazoiak, alegia, aurreko Jaurlaritzatik heredatutako finantza-egoera -900 milioi euro konprometitu zituen kredituetan- eta diru-bilketan gertatutako jaitsiera -19 puntu baino gehiago-. Aguirrek xehetasunak eman ditu zifra ekonomikoek 2008ko urriaz geroztik izandako bilakaeraz, erabaki hori justifikatzen duen egoera azaltzeko, hots, altxor publikora iristen diren ekarpenen jaitsiera agerian uzteko. “658 milioirekin abiatu ginen, 2.800 milioi ordaindu behar ditugu eta 1.592 milioiko ekarpena dugu”. Esplikatu iezadazue, batuketa eta kenketa egiten badituzue, non ote dagoen, azpimarratu du Aguirrek, polemika honek sortzen dion harridura errepikatzeaz batera. “Sinestezina iruditzen zait eztabaida honetan sartu izana. Ez zen inoiz ere argitara irten beharko”, nabarmendu du.

Ehizari alde batetik

Beste alde batetik, Gobernu Kontseiluak Euskadiko Ehizari buruzko Legearen Aurreproiektua onartu du bere gaurko bileran; dokumentu hori prestatzerakoan hainbat erakunde kontsultatu dira, hala nola foru aldundiak, nekazaritzako eta abeltzaintzako sindikatuak, ehiza-federazioak, talde ekologistak eta basogintzako erakundeak.

Ehizari buruzko Legearen Aurreproiektuak arau-esparru propio bat ezarri nahi du, Euskadiko geografiaren eta banketa demografikoaren ezaugarrietara egokituta; Nekazaritza, Arrantza eta Lurralde Plangintza sailburuak azaldu duenez, aurreproiektua asmo honekin sortzen da: “tresna egokia izatea foru erakundeek bidea izan dezaten politika propioak garatzeko, ehizaren alorrean, lurralde bakoitzaren errealitatera ere egokituz”.

Unzaluk azpimarratu duenez, “ehizaren alorreko eskumen esklusiboak lortu zituenetik 30 urte igaro direnean, Euskadik legezko testu moderno bat izango du, bere errealitatera egokitua, bere espezie zinegetikoen babesa, kontserbazioa eta sustapena arautzeko eta beraren aprobetxamendua ordenatzeko, iraunkortasuna eta ingurune naturalaren beste erabilera batzuekiko bateragarritasuna irizpidetzat hartuta.

Begirunea Anzaren familiarentzat

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Idoia Mendiak ez du balorapenik egin nahi izan ETAko ustezko kide Jon Anzaren heriotzaz. Mendiak esan du “zuhurtasun handiz jokatu behar dugula, beraren familiari zor zaion begiruneagatik”; halaber, adierazi du “erabateko konfiantza duela frantziar fiskalaren eta poliziaren lanean, ziur baitago Jon Anzaren heriotzaren inguruabar guztiak argituko dituztela”.

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010-03-16n hartutako erabakiak

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Idoia Mendia