Berriak Osasuna
Eu

Osasun Sailak 14tik 16 urtera luzatu du ohe pediatrikoetan ospitaleratzeko adina

2013.eko martxoak 22

Neurri horren bidez, gurasoen elkarteek -batez ere minbizia duten haurrenak- aspalditik egindako eskaerari erantzuna ematen dio 

Osasun Sailak 14tik 16 urtera (hori barne) luzatu du Osakidetzako ohe pediatrikoetan ospitaleratzeko adina. Jon Darpón Osasun sailburuak atzo bertan ezagutzera emandako neurriaren bitartez, gurasoen elkarteek -batez ere minbizia duten haurrenak- aspalditik egindako eskaerari eman zaio erantzuna.  

Izan ere, Haur Minbizidunen Gurasoen Euskal Federakundeak (UMEEKIN) duela gutxi helarazi zion eskaera hori sailburuari berari, Eusko Jaurlaritza osatu ostean, Osasun Sailarekin eta Osakidetzarekin egin zuten lehenengo bileran.

Arreta mota horretan hainbat profesional klinikok parte hartzen dute: pediatria onkologikoaren esparrukoek eta helduentzako zerbitzu klinikoetakoek. Horiek bildutako eta emandako informazioa aztertu ondoren, Osasun Sailak adin-tartea luzatzea erabaki du, eta adin horietako haurren gainerako ospitaleratze guztietara hedatu du. Zentzu horretan, Jon Darpónek azpimarratu du proposamena gauzatzeko oso garrantzitsuak izan direla lan horretan diharduten profesionalen konpromisoa eta prestasuna.    

Osasun Sailaren erabakiaren xedea 16 urtera arteko nerabeak, ahal izatera, ohe pediatrikoetan ospitaleratzea da, dagokien arreta-zerbitzua gorabehera. Era horretan, alderdi sozialak, psikologikoak, hezkuntzakoak eta familiakoak bilduko dituen zainketa integrala eskainiko da.

Neurriak minbizia zein bestelako gaixotasunak dituzten adin horretako pazienteei eragingo die, eta  abantaila nabarmenak lortuko ditu gizartearen eta hezkuntzaren ikuspegitik. Besteak beste, pediatria-zerbitzuetan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren mende dauden ospitaleko gelak antolatuko dira, 16 urtera arteko nahitaezko eskolatzea bermatzera zuzendutakoak; ospitaletan aisialdirako eta jolasteko egiturak antolatuko dira; haurrak adin bereko pazienteekin batera egongo dira ospitalean dauden bitartean; eta ospitaleko unitateei dagokienez, gurasoen bisita-erregimenak nerabezaroko eskakizunetara hobeto egokituko dira eta familiek partaidetza handiagoa izango dute zainketan.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @PCTolosa
    2013.eko martxoak 22

    Comentario de Twitter:
    Departamento de Salud amplía de 14 a 16 años la edad de ingreso hospitalario en camas pediátricas. http://t.co/NbEVMt1sPL Vía @Irekia_News