Berriak Segurtasuna
Eu

Antolamendu berezia prestatu du Trafiko zuzendaritzak Aste Santurako. Iazko istripuen balantzearen berri ere eman du

2013.eko martxoak 22

EAEko errepideetan 457.000 ibilgailu ibiliko direla jo da

Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok 2012. urtean EAEko errepideetan izandako istripuen balantzea aurkeztu du gaur goizean, eta martxoaren 27a eta apirilaren 1a bitartean, Aste Santuarekin batera, abian ipiniko den antolamendu bereziaren berri eman du.

2012ko datuek erakusten dute EAEn zirkulazio-istripuetan hildako lagunen kopuruak behera egin duela; izan ere, berrogeita hemeretzi lagun hil ziren iaz zirkulazio-istripuetan, 2011n baino bat gutxiago.

Eranskinaren 1. Grafikoan ikus daiteke Lurralde Historikoen arabera xehakatutako informazioa eta aurreko urtearekiko aldea. 2. eta 3. Grafikoetan, berriz, ikusten da 2001. urteaz geroztik hildakoen kopuruak behera egiten duela.

Hildakoen tipologiari dagokionez, azpimarratzekoa da hildako oinezkoak gutxiago izan direla. 2012an 11 oinezko hil dira (zortzi gizon eta hiru emakume), aurreko urtean, berriz, hamabost izan ziren (zazpi gizon eta zortzi emakume). Ibilgailuek harrapatutako lagunen adinari dagokionez, 2012an hildako 11 lagunetatik 7 64 urtetik gorakoak ziren (bost gizon eta bi emakume).

Istripu-kopuru osoak ere behera egin du. 2012an 11.097 istripu gertatu ziren (5.232 istripuk biktimak eragin zituzten, 5.865ek ez); 2011n, berriz, 11.434 istripu izan ziren (5.539 biktimekin eta 5.895 gabe). 4. Grafikoa.

2012an EAEko errepidetan izandako istripuen ezaugarrietan, berriz, hauek aipa litezke:

  • Istripua pairatu duten hamar lagunetik zazpi gizonezkoak dira eta hiru emakumezkoak
  • Ibilgailuen % 73 turismoak dira, % 5 ziklomotor edo motorrak, % 2 bizikletak eta gainerakoak garraio-ibilgailuak.
  • Kasuen % 58an bidea lehor eta garbi zegoen; besteetan, berriz, bazen zerbait bidearen gainean: ura, elurra, izotza, olioa...
  • Istripuen % 53 lagunetan gertatu ziren. % 47 jaiegunetan, jaiegun-bezperan nahiz jaiegun-biharamunean.

 

Ertzaintzak 2012an egindako kontrol eta kanpainak

2012an 89.600 laguni egin zien Ertzaintzak alkoholemia-testa errepidean, 2011n baino % 7 gehiagori, 2010ean baino % 25 gehiagori eta 2008an baino % 2 gehiagori. Hiru alkoholemia-proba mota daude: prebentiboak (% 90), arauren bat hautsi ostekoak (% 2) eta istripuen ostekoak (% 8). Positibo eman zuten prebentiboen % 2,4k, istripuen ostekoen % 5,9k eta arauren bat hautsi osteko % 74,8k.

Drogen proba 3.522 laguni egin zitzaien, 2011n halako bi baino gehiago. Horien % 90 kontrol prebentiboetan egin ziren. Positibo eman zuten kontrol prebentiboetan egindako proben % 20,6k.

Kanpainak

Zaintza-kanpainei dagokienez, urtean 32 egin ziren: 3 kanpaina deskuiduen kontra; 5 abiadurari buruz, 4 harrapaketei buruz, 5 alkohola eta drogen inguruan, 3 ibilgailuen kondizio teknikoen inguruan, 4 txirrindulari et motoristei zuzenduak, 3 segurtasun-gailuei buruz, 1 salgaien garraioari buruz eta 4 bidaiari-garraioaren inguruan.

Guztira 16.610 kontrol egin ziren eta 305.625 laguni egin zitzaien probaren bat; horietan 8.725 arau-hauste hauteman ziren. 5. Grafikoa.

Salaketak

2012an, guztira 277.288 salaketa egin ziren eta 2011an 193.643.

Salaketa gehien egin diren errepideak 6. Grafikoan ikusten dira

Aste Santuko antolamendu berezia. Milioi erdi ibilgailu errepideetan

Martxoaren 27a eta apirilaren 1a bitartean, Aste Santuarekin batera, milioi erdi inguru ibilgailu ibiliko dira EAEko errepideetan barrena bidaia luzeren bat egiten. Fluxu nagusiak lehen bi egunetan izango dira, batez ere asteazken arratsaldean eta ostegun goizean.

Ertzaintzaren trafiko-unitateek berrehun bat ertzain mobilizatuko dituzte zirkulazioa segurua eta arina izan dadin. Antolamenduaren irteera-fasea martxoaren 27an (asteazkena) 13:00etatik 24:00etara izango da, eta martxoaren 28an (osteguna) 8:00etatik 15:00etara. Itzulera-fasea, berriz, apirilaren 1eko (astelehena) 15:00etatik 24:00etara bitartean izango da. Gipuzkoan, baina, apirilaren 2ra arte luzatuko da, muga zeharkatu behar duten kamioien zirkulazioa orduan hasiko baita berriz eta ibilgailu astun ugari espero baita.

Trafiko ugariko puntuak

A-8 autobidea, Kantabriarekiko mugan eta Lapurdirekiko mugan, eta A-1 autobidea Armiñongo lotunean, izango dira zirkulazio handieneko puntuak, aurreikusi denez.

Kantabriarako norabidean, aurreikuspenek diote intentsitate handiena asteazkeneko 15:00 eta 21:00 bitartean eta ostegun santuko, hilak 28, 09:00 eta 14:30 bitartean izango dela. Bilborako itzulera, Pazko astelehenean, 13:00etatik eta 21:00etara izango da, batik bat.

Frantziako mugan, ilarak sortu ohi dira Biriatuko ordainlekuan (Frantziako norabidean), batez ere, ostegunean, 09:00etatik 15:00etara. Iaz, 8,5 kilometroko ilarak erregistratu ziren 13:30ean; ilararik handienak izan ziren.

Azkenik, baliteke Armiñóngo lotunean ilarak sortzea, A-1 errepidetik AP-1 errepidera doan sarbidean, hiru bidetik bide bakarrera pasatzen delako. Asteazkeneko 16:00etatik 20:00etara eta osteguneko 08:00etatik 14:30era izaten dira zirkulazio-dentsitatetik handienak. Pazko astelehenean, 13:00etatik 21:00etara izaten da itzulera-fluxurik handiena. Hortaz, Trafiko Zuzendariak, Ertzaintzarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin elkarlanean, seinaleztapen-dispositibo berezi bat jarriko du.

Ibilgailu astunei zirkulazioa mugatzea Aste Santuan

7.500 kilogramo baino gehiago pisatzen duten kamioiei zirkulazioa mugatuko zaie martxoaren 27an, asteazkenean, 17:00etatik 22:00etara. Ostegunean, hilaren 28an, berriz, 10:00etatik 15:00etara. Honako bide hauetan mugatuko da zirkulazioa: 7. Grafikoa.

Itzulerarako, Pazko astelehenean, apirilaren 1ean, 16:00etatik 22:00etara mugatuko da aipatu kamioien zirkulazioa, honako bide hauetan, hain zuzen: 8. Grafikoa.

Martxoaren 31ko 22:00etatik apirilaren 1eko 22:00etara, ondorengo koadroan zehazten diren mugak Frantziako muga gurutzatu nahi duen garraioari baino ez zaio aplikatuko. (9. Grafikoa)

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Garbiñe Saez Molinuevo