Berriak Osasuna
Eu

Gripearen eragina nabarmen jaitsi da EAEn

2013.eko martxoak 20

Intzidentzia-tasa 130,72 kasukoa da 100.000 biztanleko; 10. astean, ordea, 235,73koa zen

Gripearen eragina nabarmen jaitsi da 11. astean, EAEn. Intzidentzia-tasa 130,72 kasukoa izan da 100.000 biztanleko, aurreko zazpi egunetan jasotakoa baino nabarmen txikiagoa, orduan 235,73 kasu izan baitziren 100.000 biztanleko. Gainera, 8. astean erregistratutako denboraldiko erpin garaienetik urrun dago oso, orduan 301,2 kasu izan baitziren.

Jaitsiera adin-talde guztietan hauteman da, baina, hori bai, 0 eta 4 urte artekoen intzidentzia-tasa aurreko astekoaren maila bertsuan dago.

Isolamenduen ehunekoari dagokionez, orain arteko maila bertsuan dago, nahiz eta hautemandako birus kopuruak behera egin duen. Denboraldia hasi zenetik, A eta B motako birus-zirkulazio mistoa egon da, nahiz eta, B motako birusa ugariagoa izan den.

Ospitaleratutako kasu larriak

EAEko mediku jagoleen sareak jakitera eman duenez, 2012ko 40. astean denboraldia hasi zenetik, gripeagatik ospitaleratutako 34 kasu larri izan dira jagoletzan parte hartzen duten hiru ospitaletan.

Ospitaleratutakoen % 68 gizonezkoak dira, % 47 16 urtetik beherakoak eta % 18, aldiz, 64 urtetik gorakoak.

Konplikazioei dagokienez, gehienek, 29k, pneumonia garatu dute, eta 19 zainketa berezien unitatera eraman behar izan dituzte. Ez da heriotzarik izan.

Halaber, pazienteetako 16 arrisku-taldeko pertsonak ziren eta horietatik % 60 gripearen aurkako txertoa hartuta zeuden.

Lehen mailako arretako kontsultak

Gripearen sindromeak eragindako kontsulten kopurua jaisten ari da Osakidetzako lehen mailako arretan. Aste honetan, % 32 murriztu da aurreko zazpi egunen aldean.

Tasa hiru lurraldeetan jaitsi da eta Gipuzkoan erregistratu dituzte kontsulta gehien; ondoren, Bizkaian, eta gutxien, Araban.

Gripeari buruzko informazio guztia hemen duzu: http:www.euskadi.net/gripe

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @PCTolosa
    2013.eko martxoak 20

    Comentario de Twitter:
    Descenso importante de la actividad gripal en la CAPV. http://t.co/cCriUQpZNP Via @Irekia_News