Berriak Segurtasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak eskumen-esparrua errespetatzeko eskatu dio Madrili Zirkulazioko Erregelamendu Orokorra aldatzean

2013.eko martxoak 20

Segurtasun Sailak Bide Segurtasunerako Kontseilu Nagusiari erantzun dio zirriborroaren aldaketak igorriz

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak hainbat ohar bidali zizkion ostiralean Bide Segurtasunerako Kontseilu Nagusiari Espainiako Gobernua prestatzen ari den Zirkulazioko Erregelamendu Orokorra aldatzeko proiektuaren gainean.

Agiri horretan Eusko Jaurlaritza haserre agertu zen oharrak egiteko jarraitutako prozeduraren eta ezarritako epearen gainean; halaber, erregelamendu berrian Euskal Administrazioaren eskumenak errespetatzeko ere eskatu zuen.

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak erregelamenduaren zirriborroan proposatutako aldaketei buruzko oharrak egin ditu, Ministroen Kontseiluan onartu aurretik kontuan har ditzaten. Gai nagusien artean hauexek nabarmentzen dira: txirrindulariek kaskoa nahitaez erabiltzea hiriko ibilbideetan eta abiadura-muga 130 km/ordura handitzea.

Hirian kaskoa nahitaez erabili beharra, udal bakoitzaren erabakia

Txirrindulariek hiri-esparruan kaskoa nahitaez erabiltzeko beharrari buruz, Eusko Jaurlaritzak udal bakoitzaren erabakiak errespetatzeko eskatu du, udal-ordenantzen bitartez erabiltzeko irizpideak finkatu ahal izan ditzaten. Trafiko Zuzendaritzak uste du udal-gobernu bakoitzak ezagutzen duela hobekien bertako kaleek zer aukera eskaintzen dituzten, bai eta zer den komenigarrien mugikortasun jasangarriaren defentsa eta bide-segurtasuneko neurriak bateratzeko ere. Horri buruzko ordenantzarik ez duten udalerrietan nahitaezkoa izango da kaskoa erabiltzea txirrindularientzat.

Abiadura-muga aldakorrak autobideetan meteorologia-fenomeno kaltegarriren bat dagoenean bakarrik

Autobide eta autobietako abiadura-muga, aldi baterako, 130 km/ordura handitzeko atalari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak uste du bideek gehieneko muga orokorra eduki behar dutela eta, hala badagokio, muga hori jaisteko aukera egon behar dela. Meteorologia-fenomeno kaltegarriek baino ezin dute errepide batean ibili beharreko abiadura aldarazi, beti berau murriztuta; horrenbestez, proposatzen da zirriborroak autobia eta autobideetarako muga orokor bat onartzea eta, gehieneko abiadura murriztea eragiten duen eguraldi txarra dagoenean, berau murriztea mezu aldakorreko panelek diotenaren arabera. 

Ildo horretatik, eta Euskadiko orografiari eta klimatologiari jarraiki, Trafiko Zuzendaritzaren aburuz ez da beharrezkoa abiadura-mugak Zirkulaziori buruzko Erregelamendu Orokorra aldatzeko proiektuan proposatutako moduan aldatzea.

Kirol-proben zaintzari buruzko eskumenen defentsa

Kirol-proben baimenari eta zaintzari dagokienez, horien ibilbideak zati batean Euskal Autonomia Erkidegoan eta beste batean Euskadirekin mugakide diren lurraldeetan dabiltzanean, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak adierazi du lasterketa jakin batzuk baimentzeko administrazio-eskumena Estatuarena izan arren, euskal lurraldeko ibilbideetan Eusko Jaurlaritzari dagokiola proben zaintza eta kontrola egitea. Horregatik, erregelamenduaren zirriborroari eranskin bat gehitzeko eskatu du, horren bitartez zehazteko baimena eman behar duen organoak txosten loteslea eskatu beharko diola Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzari.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko