Berriak Ogasuna eta Finantzak
Eu

Eusko Jaurlaritzak ETE, banakako enpresaburu eta profesional autonomoei Finantza Laguntza emateko 600 milioi euroko programa bat onartu du (2013-03-19(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2013.eko martxoak 19

Dekretua, enpresa txiki eta ertain, bakarkako enpresaburu eta profesional autonomoei finantza-laguntza emateko programa garatzekoa.

Gobernu Kontseiluak Euskadiko ETE, banakako enpresaburu eta profesional autonomoei bideratutako Finantza Laguntza Programa bat eratzen duen dekretua onartu du gaurko bileran. 600 milioi euroko zuzkidura izango du, gehienez ere, eta kolektibo horiek bankuen finantzaketa eskuratu ahal izatea du helburu, horiek dituzten kapital zirkulatzailearen beharrei erantzuteko eta zorra berregituratzeko -epe laburrerako zorra berritzea edo epe laburrerako zorra epe ertain eta luzerako zor bihurtzea-.

Egungo ekonomia- eta finantza-krisialdian, ekoizpen-sektoreek zailtasun handia izaten dute finantzaketa lortzeko, finantza-merkatuek dituzten murrizketak direla-eta. Arazo hori are larriagoa izaten da ETE, banakako enpresaburu eta profesional autonomoen kasuan, eta Euskadin enpresa-sarearen % 90 dira.

Jaurlaritzak salbuespenezko mekanismo hau ezartzea erabaki du, egoera berezi horri aurre egiteko; batetik, kolektibo horien finantza-beharrei erantzuteko eta oztopoak arintzeko, eta bestetik, zailtasun handiagoa duten talde horiek gure lurraldean garrantzi handia dutelako.

Jaurlaritzak onartutako dekretuak programa honen bidez ezarritako finantza-laguntzaren hainbat ezaugarri arautzen ditu (onuradurak, baldintzak, baliabideen erabilgarritasuna, maileguen baldintzak eta izapidetzeko prozedurak).

Ogasun eta Finantza Sailak, programa inplementatzeko, dagozkion hitzarmenak sinatuko ditu horren garapenean esku hartu nahi duten elkarren bermerako sozietateekin, finantza-erakundeekin eta borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeekin.

Programaren onuradunak

Enpresa txiki eta ertainak Europako definizioaren araberako enpresa txikiak eta ertainak (ETEak), Euskadin egoitza dutenak eta baldintza hauek betetzen dituztenak:

1) Jarduera ekonomikoren bat egitea.
2) 250 langile baino gutxiago edukitzea.
3) Urteko negozio-bolumena 50 milioi eurotik gorakoa ez izatea, edo urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez izatea.
4) Beste enpresa batek edo enpresa batzuek elkarrekin % 25 edo gehiagoko partaidetza zuzenean edo zeharka ez edukitzea aurretik azaldutako eskakizunetakoren bat ez betetzea.

Banakako enpresaburuak eta profesional autonomoak Euskadin egoitza dutenak eta baldintza hauek betetzen dituztenak:

1) Norberaren konturako langileen edo autonomoen Gizarte Segurantzaren araubide berezian alta emanda izatea.
2) Pertsona Fisikoen Errentaren Zergari lotutako jarduera ekonomikoen edo profesionalen bidez etekinak lortzea.

Jarduera ekonomikoko sektore guztiek jo dezakete programara, baina ezin dira onuradun izan erakunde eta sozietate publikoak, finantza-erakundeak edo higiezinen arloko jarduerak, besteak beste.

Programari heldu nahi dioten enpresak ez dira krisi-egoeran egon behar -Europako Batzordeak horren gainean emandako definizioaren arabera-, eta Foru Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren ordainketa egunean eduki behar dute.

Programaren inplementazio operatiboa

Finantzazio-ildo honen bitartez, EAEko Herri Administrazioak programa agituratzeaz gain, gaur Jaurlaritzak onartu duen dekretuaren bidez hitzartuko diren mailegu-eragiketak bermatuko ditu.

Hortik aurrera, elkarren bermerako sozietate batek bermatu behar ditu erregulazio horri jarraiki gauzatutako mailegu-eragiketa guztiak; horretarako, Euskadiko administrazioak eta programan parte hartzen duten elkarren bermerako sozietateek hitzarmen bat sinatuko dute, finantza-eragiketa horiei berme-sistema bat ematearren. Elkarren bermerako sozietateek emandako abalek onuradunen finantza-arriskuak bermatuko dituzte finantza-erakunde laguntzaileen aurrean, alegia.

Bestalde, Euskadiko administrazioak eta programan parte hartzen duten finantza-erakundeek lankidetza-hitzarmenak sinatuko dituzte onuradunen aldeko maileguak gauzatzeko.

Halaber, Euskadiko administrazioak, finantza-erakundeek eta programan parte hartu nahi duten borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek lankidetza-hitzarmenak sinatu ahal izango dituzte finantza-erakunde laguntzaileetan banku-gordailuak eratuz finantzaketa bideratzeko moduak bilatzeko.

Horrenbestez, finantza-erakundeek programara bideratzen dituzten funtsak hauetatik aterako dira: haien baliabideetatik, SGR bermeko ICO lineatik, baita, hala badagokio, Euskadiko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek xede horrekin eratzen dituzten gordailuetatik ere.

Elkarren bermerako sozietateek aztertu eta ebaluatuko dituzte aurkeztutako eskabideak eta, hala badagokio, bermerako baimena ere emango dute; hala, berau onetsitakoan, enpresa, enpresaburu edo autonomo eskatzaileak mailegu-eragiketa gauzatuko du lankidetza-hitzarmena sinatu duen finantza-erakunderen batekin.

Programaren onuradunek Ogasun eta Finantza Sailak jakinarazi ez dituen egiaztatze-, ikertze- eta ikuskatze-jarduerak jasoko dituzte.

Programa jarraitzeko eta ebaluatzeko batzorde bat eratuko da, hauexek osatuta: Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren ordezkariek, eta programan parte hartzen duten elkarren bermerako sozietateen, finantza-erakundeen eta borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen ordezkariek. Batzorde horrek programaren aplikazioa eta bilakaera aztertuko ditu.

Finantza-laguntzarako linea honek estatu-laguntzak arautzen dituen Europako araudiak betetzen ditu, eta bateragarria da beste edozer herri-administrazio, sail, erakunde edo entitate publiko edo pribatuk emandakoekin, betiere, laguntzak batzean erkidego-arau horiek ezarritako zenbatekoa gainditzen ez bada.

Mailegu-eragiketaren ezaugarriak

Mailegu-eragiketek ezaugarri hauek edukiko dituzte:

1) Tresnak: mailegu amortizagarria.
2) Interes-tasa: Hamabi hilabeterako euriborra, gehi % 3,5.
3) Epea: 3, 5 eta 7 urte, eta beste bat aukerako gabealdikoa zenbateko nagusia amortizatzeko.
Interesen eta amortizazioaren likidazioa hiruhilekoan behin egingo da; interes-tasa berrikusteko epe bera izango da mailegua tasa aldakorrarekin gauzatuz gero.
Mailegu-hartzaileek aurretiaz ezeztatu edo amortizatu ahal izango dituzte maileguak, inolako kosturik gabe.
4) Maileguek ez dute inolako komisio edo gastu gehigarririk izango.
5) Hauxe izango da maileguen zenbatekoa:
- 50.000 € eta 650.000 € artean, enpresa txiki eta ertainentzat.
- 10.000 € eta 100.000 € artean, banakako enpresaburuentzat eta profesional autonomoentzat.

Deialdiak

Jaurlaritzak gaur onetsitako dekretuak araututako finantza-laguntzarako lineak eskuratzeko deialdia egingo da; Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da hori, eta publizitate-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraitu beharko zaie.

Ogasun eta Finantzako sailburuaren aginduaren bitartez egingo da deialdia, eta erabilgarri dauden baliabideen guztizko zenbatekoa, eskabideak aurkezteko epe eta lekua eta gainerako prozedura-alderdiak zehaztu beharko dira bertan. Era berean, programan lagunduko duten finantza-erakundeen eta elkarren bermerako sozietateen zerrenda ere zehaztuko da.

Lehen deialdia ere onartu da gaur, eta dekretuarekin batera argitaratuko da EHAAn; 300 milioi €-koa izango da: 280 milioi € enpresa txiki eta ertainentzat eta 20 milioi € banakako enpresaburu eta profesional autonomoentzat.

Interesdunek www.euskadi.net atarian edo Zuzenean arreta-zerbitzuaren bitartez (012 telefono-zenbakia) eskuratu ahal izango dute informazio gehiago, baita eskaera-orriak ere.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @JavierOlloMartn
    2013.eko martxoak 19

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno aprueba Programa de Apoyo Financiero a PYMES, empresarios individuales y profe... http://t.co/wTWA4danyj http://t.co/As9q3rKazm

Komunikabideek behera kargatzeko