Berriak Segurtasuna
Eu

Trafiko Zuzendaritzaren bide-hezkuntzako programa, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleak kontzientziatzeko

2013.eko martxoak 14

Bi 'Road Show' saio egingo dira Eibarren, hilaren 19an eta 20an

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak hitzarmen bat sinatu zuen AESLEME trafiko-istripuak prebenitzearen alde lan egiten duen irabazi-asmorik gabeko elkartearekin eta AXArekin, gazteei zuzendutako bi motatako kanpainak sustatzeko: «Gerta dakizuke» eta «Road Show». Bi ekintzek helburu bera dute, «Serugo baietz - Sí seguro» goiburuan biltzen dena: nerabeak eta gazteak errepideko arriskuei eta istripuen ondorioei buruz sentsibilizatzea.

Lankidetza-hitzarmenean aurreikusten denez, bi «Road Show» saio egingo dira Eibarren, datorren astean. Hilaren 19an, asteartea, Coliseo antzokian izango da hitzordua, 11:30ean, eta 350 lagun biltzea espero da. Biharamunean, hilaren 20an, asteazkena, IES INI Eibar-Ermua BHI ikastetxean izango da, 11:45ean, eta 400 lagunek parte hartuko dute, espero denez.

«Road Show»ak gazte baten festa-gau bat birsortzen du. Ostiralero bezala, diskotekan hasten da, lagunartean, eta auto-istripu batekin eta horren ondorioekin amaitzen da. Agertokian, suhiltzaileek, poliziakideek, biktimek eta biktimen senideek bizitakoak kontatuko dituzte. 2012an, lau «Road Show» egin ziren Euskal Autonomia Erkidegoan. Guztira, 1.360 gaztek ikusi zuten ikuskizun multimedia hunkigarri hori.

Bestalde, 2012an, hainbat herri eta ikastetxetako 11.739 neraberengana iritsi zen «Gerta dakizuke» izeneko kanpaina, AESLEMEk eskainitako 210 hitzaldiren bitartez. Kasu honetan, larrialdietan espezializatutako osasungintzako profesional batek eta istripu bat izan duen eta muineko lesioa duen pertsona batek istripuez, prebentzio-neurriez, istripuetan jarduteko oinarrizko arauez eta istripu baten ondorioez (traumatismoak, muineko lesioak, arazo psikologikoak, eta abar) hitz egiten diete gazteei.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau