Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

200 artzain baino gehiago prestatu dira Arantzazuko Artzain Eskolan

2013.eko martxoak 14

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Landa Garapenerako Sailburuordetzak sustatzen duen artzain eskolak 16 urte daramatza latxa ardiaren defentsan eta artzainen prestakuntzan, artzaintza profesionalizatzeko eta Euskadin mantenduko dela bermatzeko helburuarekin.

Artzain Eskolak bere hamaseigarren urteurrena ospatu du, latxa ardiaren defentsan eta artzainen prestakuntzan ibilbide sakona egin eta gero, artzaintza profesionalizatzeko eta Euskadin mantenduko dela bermatzeko helburuarekin. Arantzazuko Gomiztegi baserrian (Oñati) dagoen eskola honetan prestatutako ehun artzainek baino gehiagok ardien sektorearen sare sozioekonomikoan txertatzea lortu dute, zentroa 1997an martxan jarri zenetik, eta arduradunek oso positibo baloratzen dute zifra hori. Aurten zortzi pertsona prestatu dira eskolan, eta, guztira, Artzain Eskolak 210 ikasle batu ditu bere historiaren 16 urteetan.

Ikasleen profila

Azken ikasturte hau arrakastaz amaitu duen 8 ikasleetatik, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, 2 gipuzkoarrak dira, 2 bizkaitarrak eta 1 arabarra, eta beste hirurak beste erkidego autonomoetakoak dira.

Artzain Eskolako ikasturte guztien zifra globalei dagokienez, ikasle gehienak, % 78, gizonezkoak izan dira, eta ia % 70 EAEko ikasleak izan dira. Ikasle gehien eman dituen lurraldea Gipuzkoa da (73), eta ondoren daude Bizkaia (40) eta Araba (33). Halaber, esanguratsuak dira Nafarroatik eta estatuko beste erkidego batzuetatik etorritako ikasleen zifrak (38) eta atzerritik etorritakoenak (26). Urteko batez bestekoa 13 pertsona da.

Adinari dagokionez, batez bestekoa 26 urte da, eta % 94 abeltzain gazteen kategorian sartzen dira, abeltzaintzaren sektorerako laguntzen barruan. Ikasle guztietatik % 51 artzainak edo artzainen seme-alabak dira, eta ardien sektorerako bokazio argia dute. Zehazki, 100ek baino gehiagok artaldea dute dagoeneko, batez beste 355 bururekin.

Artzain Eskolaren XVI. Ikasturtearen amaiera ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Landa Garapenerako sailburuordea den Bittor Orozek goraipatu egin du "lehen sektorea gizarte osoaren mesedetan garatzen ari den lan garrantzitsua". Zehazki, artzaintzak izan duen garapena azpimarratu du, "bilakatzen eta garai berrietara egokitzen jakin duelako biziraun baitu; instalazioak modernizatuz, eta teknologiak, gobernatzeko teknikak, elikadura edo produktuaren elaborazioa hobetuz".

Orozek artzainen produktua nabarmendu du bereziki, gazta: "Artzainek lortu duzue gizarteari gure gastronomiaren produktu izarretako bat eskaintzea, bitxi preziatu bat. Produktu errekonozitu eta baloratua, hurbileko produktua, konfiantzazkoa, nekazaritzako elikagaien euskal industrian arrakastaz garatzen asmatu duena". Ildo horretan, Idiazabal Jatorrizko Izendapena hartu du adibidetzat, "25 urte baitarama lanean kontsumitzaileari gaztaren jatorria eta kalitatea bermatzeko", eta amaiera ekitaldi honetan omenaldia egin zaio.

Halaber, Nekazaritza eta Landa Garapenerako sailburuordeak adierazi duenez, "artzaintza landa ingurunearen, eta oro har euskal gizartearen, nortasun eta kulturaren funtsezko faktorea da, eta tradizio batzuk bermatzen dizkigu, gauzak egiteko modu bat, hizkuntza bat, eta abar, eta hori guztia zaindu egin da denboran zehar eta belaunaldiz belaunaldi transmititu da".

Ikastaroaren ezaugarriak

XVI. ikastaro trinkoa 2012ko urrian hasi zen, eta bost hilabete iraun du: hamar astez teoria eman da, aldi berean 50 buruko artalde bat zainduz, eta bisitak eginez laborategi, instalazio, gestio zentro, nekazaritza eskoletara eta abar; eta beste hamar astez praktikak egin dituzte artzain profesionalen baserrietan.

Ikastaroaren edukiari dagokionez, historiari eta artzaintza iraunkorraren orokortasunei lotutako gaiak landu dira, artaldearen elikadura eta maneiua, ugalketaren eta hautaketaren maneiua, marketina eta merkaturatzea, kudeaketa tekniko-ekonomikoa eta gazta, gaztazahar, mami eta zezinaren elaborazioa. Gainera, ikasle bakoitzak bere proiektua aurkeztu behar izan du.

Omenduak

Ikasturte amaierako ekitaldian, ikasleei diplomak eta makilak emateaz gain, Juana Irastorza, Felix Goiburu eta Karmele Murua artzaiei omenaldia egin zaie, eta baita Idiazabal JI Elkarteari ere, Idiazabal gaztaren kontrol, ziurtapen eta sustapenaren alde eta bere balioa agerian jartzeko egindako lanagatik.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau