Berriak Ogasuna eta Finantzak
Eu

Jaurlaritzak Euskadiren 2013. ekitaldirako aurrekontu orokorren proiektua onartu du (2013-03-12(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2013.eko martxoak 12

Lege proiektua, Euskal Autonomia Erkidegoko 2013. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituena.

Jaurlaritzaren Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko 2013. ekitaldirako Aurrekontu Orokorren Aurreproiektua onartu du gaur. Hurrengo egunetan Legebiltzarrean erregistratuko da eztabaidatu eta behin-behineko izaeraz onartu dadin.

2013. urterako Euskadiko Aurrekontuek behar bezala erantzun behar diote jarduera ekonomikoaren uzkurdura sakona eta enplegu-suntsiketa gailentzen diren atzeraldi ekonomiko larriko egoerari. Gainera, oso egoera ekonomiko eta finantzario larrian gaudela kontuan hartuta heldu beharko diote erronka horri, baliabideen kopurua aurreko ekitaldietan baino pixka bat txikiagoa baita aurten. Horiek horrela, Jaurlaritzak hainbat lehentasun politiko finkatu ditu izaera sozialeko gastu-politika nagusiei eutsi ahal izateko, osasun-zerbitzuei, hezkuntza-sistemari eta gizarte-bazterkeriaren aurkako jarduketei dagozkien gastu-politikei eusteko, batez ere.

1.- 2013ko Aurrekontuen testuinguru makroekonomikoa

Euskal Estatistika Erakundeak (EUSTAT) landutako 2012ko euskal ekonomiaren bilakaerari buruzko lehen aurreikuspenen arabera, Euskadiko BPGak -% 1,2ko beherakada izan du urtetik urtera, eta guztira ia 23.000 lanpostu garbi galdu dira.

Ekitaldian zehar, Euskadiko jarduera ekonomikoak okerrera egin du pixkanaka, eta beherakada are gehiago nabarmendu da hiruhilekoz hiruhileko. Hori argi eta garbi ikus daiteke BPGaren urte arteko aldakuntza-tasen bilakaeran: -% 0,4ko beherakadarekin hasi genuen urtea, eta -% 1,7arekin amaitu dugu (-% 1,0 eta -% 1,5eko beherakadak izan ditugu urteko bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan, hurrenez hurren).

Horrenbestez, atzeraldi ekonomiko larrian gaudela esan dezakegu. Bigarrena lau urtetan. Eta 2009ko beherakada bezain mardula ez izan arren, euskal ekonomiak ez ditu inoiz, gure historia hurbilean, munta horretako bi atzerakada jasan horren modu jarraian.

Joan den urtean, mundu-mailako hazkundea ere mantsotu egin da. Europan, berriz, eurogunea krisian da, finantza-merkatuak lasaitu ezinik, eta zor subiranoaren krisia ere hortxe daukagu. Azkenean, bateko eta besteko, Europako herri guztiek izan dituzte hazteko oztopoak, eta, bereziki, Espainiako estatuak.

2012an, Espainiako ekonomiak (-% 1,4) eta Euroguneko ekonomiak (-% 0,6) ere atzeraldia izan dute. Frantziako ekonomia geldirik dago (% 0,0), eta urteko bigarren erdian, Alemaniako lokomotoraren jarduera-erritmoa moteldu egin da (% 0,7) -laugarren hiruhileko BPGaren hiruhileko arteko aldakuntza negatiboa izan da (-% 0,6), 2009ko lehen hiruhilekotik gertatzen ez zen zerbait-. Gainera, horiek gure bi merkataritza-kide nagusiak direla hartu behar da kontuan, Estatu espainiarraz gain.

Testuinguru horretan, datozen urteetarako gure inguruko bilakaera-aurreikuspenak nabarmen zuzentzen ari dira beherantz hazkunde ekonomikorako aukera guztiak. Beheranzko zuzenketa hori bereziki sakona izan da 2013. urterako, eta Europar Batasuneko herrialde guztietan gertatu da.

Bilakaera horixe espero dugu gure inguruan. Euskadin, horrek, jakina, datozen urteotarako aurreikuspen ekonomikoak ere baldintzatzen ditu. Azken batean, euskal ekonomia Europar Batasunerako iragarrita dagoen bide bertsutik joango da.

2013. urtean, gure ekonomiak bere jardueran izango duen beherapena 2012an izan zuenaren oso antzekoa izango da, eta, hori dela-eta, gure BPGaren hazkunde negatiboa -% 1,1era iritsiko da urte arteko tasan.

Eskaerari dagokionez, hazkundea kanpo-sektorearen eskutik etorriko da, barne-eskaeraren ekarpenak negatiboa izaten jarraituko baitu. Etxebizitzetako nahiz Administrazio Publikoetako kontsumoaren gastuek uzkurturik jarraituko dute; enpresa-inbertsioa tasa negatiboetan mantenduko da, pixkanaka, beherakada moteldu egingo den arren. Bestalde, eta euskal ekonomiaren osagarririk dinamikoena izaten jarraitzen duen arren, kanpo-eskaeraren ekarpena aurreko ekitaldikoa baino zertxobait txikiagoa izango da, gure esportazioen xede diren merkatu nagusien ahultasun handiagoa dela-eta.

Eskaintzaren ikuspuntutik, jarduera-sektore guztiek hazkunde-parametro negatiboak izango dituzte. Horrela, eta urtean aurrera egin ahala narriadura moteldu egingo den arren, industriak bere balio erantsiaren beste beherakada bat jasango du. Antzeko zerbait gertatuko da hirugarren sektorearekin, denbora-mugan hobekuntza arin bat izango baitu, zerbitzuek ere beheranzko tasak izango dituzten arren, zerbitzu publikoek eta ez-merkatukoek batik bat. Bestalde, eraikuntzak bere egokitze-prozesuan jarraituko du, eta adar horretako jarduera jasaten ari den beherakada bosturtekoa baino are gehiago luzatuko da.

Enpleguak ere, lehengo urtean baino apur bat motelago, baina beheraka jarraituko du. Urteko enplegu-tasa -% 2,0koa izango da, eta horrek esan nahi du gutxi gorabehera 19.000 lanpostu galduko ditugula eta langabezia-tasak gure biztanleria aktiboaren % 13,5eraino egingo duela gora.

Horrenbestez, hasi berri dugun urterako ikuspegia ez da oso ona, eta krisiaren irteera 2014. urtera arte atzeratuko da, gutxienez.

Izan ere, atzeraldia are gehiago nabarmendu da 2012. urteko amaierako zatian; hala ere, ezagutu ditugun azken datuek beste irakurketa bat eskaintzen digute, joan den urteko azken hiruhilekoan edo 2013ko lehen hiruhileko honetan behea jo dugula edo behea jotzen ari garela, eta egoerak beste norabide bat hartu lezakeela pentsarazten baitigute.

Hau da, pixkanaka okerrera egin dugun arren, egia da, halaber, 2012. urtean zehar beherakadaren bizkortze-erritmoa moteldu egin dela: jardueraren beherakada sei eta bost hamarrenetan zenbatu zen aurreko hiruhilekoetan, baina galera hori bi hamarrenetakoa izan da ekitaldiko azken hiruhilekoan.

Horrenbestez, bilakaeraren profil horrek inflexio-puntu batean egon gaitezkeela esan nahi du; hori dela-eta, beherakada-erritmoek moteltzen jarraituko dute eta horrenbeste espero dugun berreskuratze hori abiaraziko da, oraindik ere motela, eskasa eta ahula izango den arren.

Nolanahi ere, eta iragarpen makroekonomikoen aldakortasuna dela-eta, nolabaiteko aurreiritziak izatea komeni da, orain bizi dugunaren gisako zalantzaz beteriko fase honetan edo ziklo ekonomikoaren aldaketak adierazten dituzten faseetan bereziki.

2.- 2013ko Aurrekontuen testuinguru ekonomiko eta finantzarioa

Atzeraldia, jardueraren uzkurdura eta lanpostuen suntsiketa gailentzen diren atzeraldi-testuinguru hori da, batik bat, administrazio publiko guztien kontuak baldintzatzen ari dena, fenomeno bikoitz bat eragiten baitu: batetik, deskribatu denaren gisako egoera batek oso ondorio negatiboak eragiten ditu zerga-bilketan, eta bestetik, izaera sozialeko estaldurak handitu egin behar dira, egoera zailean dauden pertsonen kopurua nabarmen areagotzen baita.

Horri guztiari Europako eta Estatuko arauketa berritik eratorritako betebeharrak gehitu behar zaizkio, aurrekontu-egonkortasunaren, defizitaren eta zor publikoaren alorrean.

Jakina, Eusko Jaurlaritzak ere behar bezala bete behar ditu betekizun horiek, eta arestian aipatutako bi elementu horiek nabarmen mugatzen eta definitzen dituzte 2013. ekitaldirako Euskadiko Aurrekontuak landu ahal izateko premisak: diru-sarreren bolumena txikiagoa da eta defizitak zorrotzagoa izan behar du.

Azken urteetan, Euskadiko zerga-bilketa 2005. urteko mailetara erori da, eta urte honetarako aurreikuspenak ere parametro horietan zenbatzen dira. Horren ondorioz, 2013an, foru-aldundiek aurreko ekitaldian baino 680 milioi € (-% 8) gutxiago jarriko dituzte Aurrekontuetarako -horien diru-sarreren % 84-.

Bestalde, joan den urtean Euskadik BPGaren % 1,5ean finkatu zuen bete beharreko defizit-helburua, eta helburu hori askoz zorrotzagoa izango da 2013an, haren erdia, hain zuzen: BPGaren % 0,7. Horrek Aurrekontuaren zorpetze-gaitasun gordina murrizten du: 2013an 872,8 milioi €-tan finkatu da, aurreko ekitaldian 1.207,8 milioi €-koa izan bazen ere (335 milioi € gutxiago, hots, % 27,7 gutxiago).

Bi faktore horien eraginez bakarrik, 1.000 milioi € baino gehiago doitu behar dira. Diru-sarreren egoerari dagokionez, bada joan den urtearekin alderatuta kontuan hartzeko moduko murrizketa (117 milioi € baino gehiago) jasan duen hirugarren atal garrantzitsu bat, ezohiko eragiketa-gabezia dela-eta -Euskal Administrazioak Naturgas taldean zuen partaidetza besterendu izana batik bat, joan den ekitaldian 130 milioi € jarri baitzituen haren diru-kutxetan-.

Aurrera jarraitu aurretik, Jaurlaritzak orain gauzatu behar duen aurrekontu-gastuaren murrizketa aurreko ekitaldietan gauzatzen hasi beharko litzatekeela adierazi behar da. Baina arrazoi bategatik eta bestegatik, ez zitzaion eginkizun horri heldu. Horrelaxe pasa da denbora, eta, azkenean, orain, 2013an, murrizketa gogorragoak egin behar.

2011. urtean, defizit-helburua BPGren % 1,3koa zen, baina, hala ere, helburu horri zegokiona baino 800 milioi € gehiago gastatu ahal izan ziren, eta defizita bikoiztu (% 2,6koa izan zen), batez ere lehenagotik metatutako baliabideak erabiliz finantzatu ahal izan zelako.

2012an ere, momentu hartan gertatu ziren beste gorabehera batzuk tartean izan ez balira, gastua dezente murriztu behar izango zen. Esate baterako, opor fiskalak direla-eta egin eta eman izandako salbuespen eta bonifikazioetako batzuk berreskuratuta, 500 milioi € gehiago eduki ziren banatzeko; abenduko aparteko ordainsaria ez ordainduta, gutxi gorabehera beste 200 milioi € aurreztu ziren; eta 2012ko Kupoan, aldeko ondorio puntual bat ere gertatu zen.

Dena den, arestian aipatutako guztiaren eraginez, orain baliabide gutxiago ditugu eskura, aurreko ekitaldian baino 1.132 milioi € gutxiago, hain zuzen, hau da, % 10,8 gutxiago.

Euskal Administrazioa jasaten ari den aurrekontu-egoeraren errealitatea ulertzeko aski adierazgarria den datu horri beste bat gehitu behar zaio, Euskadiko Aurrekontuen bi herenak gastu gatibuak baitira, hau da, administrazioa goizero irekitze hutsak eragiten dituen gastuak.

Beste modu batera esanda, gastuen esparruetarako -langile-gastuak, Osakidetzaren funtzionamendurako gastuak, farmazia-gastuak edo hezkuntza-itunen finantziazioa, garrantzitsuenak aipatzearren- baliabide ugari erabiltzen dira, eta horrenbestez, oinarrizko zerbitzu publiko horiek mantendu ahal izateko, Aurrekontuen hirugarren zati horretan gauzatu behar dira doikuntzak; hori dela-eta, ondorioak gehiago nabaritzen dira politika publikoen beste arlo batzuetan.

Hartutako jarduketa-ildoa gastu-egituraren zurruntasun horretan oinarritzen da, eta noski, baita Jaurlaritzak 2013ko Kontuak lantzeko orduan finkatu dituen politika-lehentasunetan ere.

3.- 2013ko Aurrekontuen lehentasunak

Jaurlaritzak Aurrekontu hauetan finkatu dituen politika-lehentasunen xedea izaera sozialeko gastu-politika nagusiak mantentzea da, osasun-zerbitzuei, hezkuntza-sistemari eta gizarte-bazterkeriaren aurkako jarduketei dagokienez, batik bat.

Arestian esan bezala, Euskadiko Administrazioaren gastuen Aurrekontua 9.316,7 milioi €-koa da 2013. urterako, 2012ko ekitaldiko Aurrekontua baino % 10,8 txikiagoa. Bestalde, Aurrekontu Bateratua -sozietate, entitate eta erakunde publikoak barne- 9.370,6 milioi €-koa da, 2012ko Aurrekontu Bateratua 10.491,2 €-koa izan zen arren.

2013rako Aurrekontu Proiektua modu xehakatuan aztertu aurretik, ohartarazpen bat egitea komeni da. Izan ere, jarraian egingo diren 2012. urtearen eta ekitaldi honen arteko konparazio guztiak homogeneoak dira, hots, Jaurlaritzako sailen egituran gauzatutako aldaketak hartzen dituzte kontuan.

Aurrekontua sailen arabera aztertuz gero, arlo sozialeko gastu-politika garrantzitsuak jasaten dituzten sailetan nolabaiteko diskriminazio positiboa hautematen da.

Osasun Sailari dagokionez, 2012ko ekitaldiarekin alderatuta, haren zuzkiduraren beherakada globala gastu osoaren batez besteko beherakada baino askoz txikiagoa izan dela azpimarratu behar da lehenik eta behin (% 4,2 murriztu da, % 10,8arekin alderatuta). Gainera, Sailaren oinarrizko partida -Osakidetzaren finantziaziorako Kontratu-Programa, 2.372,4 milioi €-koa 2013an (Osasun Sailaren aurrekontu osoaren % 73)- % 1,7 bakarrik murriztu da aurreko ekitaldiarekin alderatuta.

Sail honetako beste bi partida garrantzitsuenek ere, hau da, farmazia-gastuek eta osasun pribatuarekin egindako itunek, Aurrekontuen batez besteko beherakada baino murrizketa txikiagoa jasan dute: % 8koa eta % 4,2koa -azken hori, Sailak jasan duen murrizketa bera-, hurrenez hurren. Farmazia-gastuetarako 521 milioi € xedatu dira 2013an eta osasun-itunetarako, berriz, 241 milioi €.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak 2.630,5 milioi €-ko aurrekontua du, eta bertan aplikatu den doikuntza (% 10,1) ere Aurrekontu orokorretan aplikatu dena baino zertxobait txikiagoa da; dena den, gaur egungo Sail osotik lehengo Hezkuntza Saila xehakatzen bada, haren gastuan egindako murrizketa are txikiagoa dela azpimarratu behar da, % 9koa, hain zuzen. Horrez gain, 2012-2013 ikasturte akademikoko diru-laguntzen zenbateko osoa 2012. urtean zenbatu dela kontuan hartuz gero, Hezkuntza Sailaren gastua % 7ra murriztuko litzateke.

Hezkuntza arloaren barnean, Euskal Herriko Unibertsitateari egindako ohiko ekarpena (261,4 milioi €) % 6,9 murriztu da, Haurreskolak Partzuergoaren finantziazioa (40,5 milioi €) % 10 jaitsi da, eta hezkuntza-itunetara xedaturiko zenbatekoa (557,3 milioi €), ordea, % 1 murriztu da. Horrenbestez, horiek gastu osoa eta Sailaren gastua baino gutxiago murriztu diren partidak direla azpimarratu behar da. Bestalde, eskola-jangeletara eta eskola-garraiora xedaturiko zuzkidurak % 0,4 hazi dira.

Amaitzeko, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak 796 milioi €-ko gastua du guztira, 2012an baino % 25,9 gutxiago. Dena den, euskal diru-kutxetan finantza-ondorio neutroa duten enplegu-politika aktiboen hobariak kontuan hartzen ez badira -kontratazioetarako eta lanbide-heziketarako hobariak-, horiek eragiten duten gastua behar bezala konpentsatzen da Kupoa txikiagotuta edo Estatuko Administrazioaren finantza-transferentzien bitartez, Saileko gastuaren batez besteko murrizketa % 15,8ra mugatzen da.

Nolanahi ere, bazterkeria sozialaren aurka borrokatzeko politika nagusiak ordaintzera xedaturiko partidek ez dute murrizketarik jasan, eta, horrenbestez, 2012ko Aurrekontuetako zenbateko bera errepikatu da. Horrela, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren ordainketari aurre egin ahal izateko diru-kopurua 280 milioi €-koa da, Etxebizitzetako Gastuetarako Prestazio Osagarriari dagokiona 42 milioi €-koa, eta Gizarte Larrialdiko Laguntzak estaltzera xedaturikoa 17,3 milioi €-koa. Gainera, ez dugu ahaztu behar partida horiek handitu egin daitezkeela premien arabera.

Baliabide kopuruaren murrizketa eta gastuaren politika-lehentasunak direla-eta, aurrekontuen doikuntzak eragin handiagoa izan du politika publikoetako beste esparru batzuetan, inbertsioak egiten dituzten Sailetan bereziki, hala nola, Garapen eta Lehiakortasun Sailean, Enplegu eta Gizarte Politiketan (etxebizitza arloan), edo Ingurumen eta Lurralde Politika Sailean.

Halere, enpresa-sareari laguntzako neurriak ere aurreikusten dira 2013. urteko Aurrekontuetan, ETEei eta autonomoei laguntzeko neurriak batez ere, merkatuek bizi dituzten finantziazio-arazo larriei dagokienez bereziki. Era berean, enplegua modu zuzenean sortzera xedaturiko ekimenak gaineratzen dira, gazteek lehen lan-aukera bat izan dezatela eta epe luzeko langabeak lan-merkatuan txertatu daitezela ahalbidetzeko, batik bat.

Jaurlaritzak izaera sozialeko gastu-politikak mantentzeko konpromiso politikoa hartu du eta hori argi eta garbi islatzen da aurrekontuetan, horien pisu erlatiboa hazi egin baita 2012ko Aurrekontuekin alderatuta (2012an gastu osoaren % 72,7koa zen eta zifra hori % 73,9ra igo da aurten).

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau