Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Auto elektrikorako Europar politika ezarriko duen taldean parte hartu du Eusko Jaurlaritzak Bruselan

2010.eko martxoak 13

Aste honetan ibilgailu elektrikoari buruzko politika europarra diseinatzen ai den lan-taldean parte hartu du Eusko Jaurlaritzak. Energiako zuzendari Oskar Zabalak ostegunean Europako Batzordeak deitutako entzunaldi batean parte hartu zuen, energiaren ikuspuntutik ibilgailu garbi eta eraginkorrei buruzko etorkizuneko estrategia europarrari Batzordeak egindako ekarpenak biltzeko asmoz.

Ibilgailu elektrikoen eta ibilgailu hibridoen segurtasunari buruzko nazioarteko segurtasunaren inguruan lehen nazioarteko araudia Ginebran UNECEk (Nazio Batuen Europarako Batzorde Ekonomikoa) erabaki ondoren izan zen entzunaldia. Erabaki historiko horrek halako ibilgailuen etorrera erraztuko du, izan ere ibilgailu horien merkaturatzea sinplifikatuko baitu, ez bakarrik EBn, baizik eta baita Japonian, Hego Korean eta Errusian ere, merkatu garrantzitsuak hirurak.

Aurreikusitakoaren arabera, maiatzaren hasieran Europako Batzordeak ibilgailu garbi eta eraginkorren inguruko Estrategia bat proposatuko du, eta ondoren ekintza-plan bat ezarriko du ibilgailu horiek merkatuan sartzeko. Estrategiak bi zutabe izango ditu:  barne-errekuntzako motorean oinarritutako ibilgailu teknologikoki aurreratu, garbiak eta erregaian ekonomikoak sustatzea; eta ibilgailuen propultsio-teknologia alternatiboen merkatuak ibilgailu horiek beregana ditzan sustatzea eta ekarpena egitea. Azken zutabe honen funtsak ibilgailu guztiz elektrikoa eta ibilgailu hibrido konektagarria izango dira.

Interesdunekin harremanetan jarri eta haiek ezagutzeko, merkatuaren garapena eta teknologiaren araberako etorkizuneko aukerak ezagutzeko, bai eta aurrerapen horien aurrean Batzordeko Gobernuaren zeregina ezartzeko, Batzordeak alderdi interesdunekin iritzi-trukea antolatu zuen, non Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren ordezkaria egon baitzen. Bileran nazioarteko 70 erakunde inguru izan ziren, energia-elkarteak, automozio-elkarteak, bai eta ibilgailu-fabrikatzaile nagusiak ere.

Ekarpenak eta eztabaida antolatzeko helburuarekin, Batzordeak galde-sorta bat proposatu zuen ibilgailu berdeentzako merkatuaren garapenari lotutako aukerak eta arriskuak identifikatzeko. Galde-sortak, halaber, baditu hainbat galdera ibilgailu hauen garapen teknologikoa sustatzeko hainbat mailatan (eskualdean, nazio-mailan, Europan edo nazioartean) hartu beharko liratekeen neurriei buruz ere.

Eusko Jaurlaritzak bere ekarpenak egin zizkion Europako Batzordeari, eta zera azpimarratu zuen, Mercedes-Benzekin furgoneta elektrikoak egiteko eta Repsolekin hornikuntzaguneen sare bat ezartzeko sinatutako akordioak. Bestalde, energiaren klusterra eta automobilaren klusterrak ere sinatu dute aliantza ibilgailu elektrikoaren garapenerako. Akordio horiek guztiak Lehendakariak hartu duen erabaki sendoan oinarritzen dira, Euskadik ibilgailu elektrikoaren sektorean lidergoa gauza dezan.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak ibilgailu garbi eta eraginkorrei buruzko etorkizuneko estrategia europarrera bideratu ditu bere ekarpenak, "Automobilaren Krisialdia" izeneko Eskualdeetako Batzordearen Taldearen bitartez. Talde horretako kide dira Lehendakaria eta Kanpo Ekintzako idazkari nagusi Guillermo Echenique.

Era berean, ibilgailu elektrikoa da EBko espainiar Presidentetzaren lehentasunetako bat, zeinak dagoeneko sartu baitzuen eztabaidarako gai hori Donostian otsailean egin zen Lehiakortasunaren Ministroen Bilera Informalean. Gaia eztabaidatzen jarraituko dute maiatzaren amaieran lehiakortasunaren Ministroen Kontseiluan, behin Batzordeak ibilgailu garbi eta eraginkorrei buruzko Estrategia europarra aurkeztu ondoren.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan