Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Atxagaren unibertsoa, Madrilen

2013.eko martxoak 12

atxagaren unibertsoa

madril, martxoak 20 - apirilak 7

Obabakoak eleberriaren 25. urteurrenean, Madrilen erreferentziazko kulturgune diren Centro Dramático Nacional, Casa del Lector eta Matadero Madrid zentroan dagoen Cinetecan Bernardo Atxaga idazleari eta haren lanari eskainitako kultur programa zabala burutuko da martxoaren 20tik apirilaren 7ra bitartean, Etxepare Euskal Institutuarekin elkarlanean.

Ekintzarik garrantzizkoena Antzerkiz-ek (Arriaga Antzokia, Gasteizko Principal Antzokia, Victoria Eugenia Antzokia) eta Tanttaka Teatroa konpainiak ekoiztutako EL HIJO DEL ACORDEONISTA , Bernardo Atxagaren Soinujolearen Semea (2004, Grinzane Cavour Saria, Mondillo Saria, Times Literary Supplement Translation Prize) eleberrian oinarrituta Patxo Telleriak idatzitako eta Fernando Bernuések zuzendutako antzezlana izango da.

SOINUJOLEAREN SEMEA/ EL HIJO DEL ACORDEONISTA lanak Joseba eta David lagunen historia kontatzen du, eskolan elkarrekin bizitako haurtzarotik hasi eta gerraren eta biolentziaren infernura igaro arte. Memoria, herrimina, adiskidetasuna eta maitasunaz hitz egiten du askorentzat Atxagaren lanik pertsonalena denak. Antzezlana Centro Dramático Nacionaleko Valle-Inclán Antzokian izango da ikusgai, martxoaren 22tik apirilaren 7ra bitartean. Gainera, eta CDNren historian lehen aldiz, martxoaren 30 eta 31eko funtzioak euskaraz izango dira -SOINUJOLEAREN SEMEA, gaztelaniazko goitituluekin- Etxepare Euskal Institutuaren partaidetzari esker.

CDN eta Etxepare Euskal Institutuaren arteko elkarlanaren beste emaitzetako bat martxoaren 25ean LOS LUNES CON VOZ programaren baitan Valle-Inclán Antzokian burutuko den ekintza izango da. Egun horretan Bernardo Atxagak REACCIONES ANTE UNA PIEDRA RAYADA (ARRAIATUTAKO HARRI BATEN AURREKO ERREAKZIOAK) mundu poetiko-imajinatiboen garrantziari buruz hausnartzen duen hitzaldia emango du. Segidan RUPER ORDORIKA euskal kantariak eta Arkaitz Miner musikariak batik bat Atxagak idatzitako hitzetan oinarritzen diren abestiez osatutako kontzertua eskainiko dute, Ordorikak Hautsi da anphora (1980) bere lehen diskoa, Atxagaren Etiopia poema liburuko olerkiez osatutako eta poesia modernoa euskal kantagintzara ekarri zuelako lan mugarri bilakatu zen hura grabatu zuenetik hiru hamarkada baino gehiago joan diren honetan.

Etxepare Euskal Institutuak, gainera, EL UNIVERSO DE ATXAGA (ATXAGAREN UNIBERTSOA), egilearen lanari buruzko ibilibidea jasotzen duen ikus-entzunezkoa ekoiztu du, Mari Jose Olaziregik eta Estibalitz Ezkerrak idatzitako gidoiarekin eta Carlos Rodríguezen zuzendaritzapean. Martxoaren 20an 19:30etan izango da ikusgai Casa de Lector gunean (Matadero Madrid); Patxo Telleria antzezle, idazle eta zine zuzendariak gidatuko du zuzenean eta Bernardo Atxagak berak ere bertan parte hartuko du.

 

Martxoaren 20an bertan, 21:00etan, ATXAGA EN LAS ARTES (ATXAGA ARTEETAN) erakusketa ere zabalduko da  Matadero Madrideko Cinetecan , Etxepare Euskal Institutuak sortu duena; Itziar Zubizarreta idazlea izan da komisarioa. Atxagak beste sortzaileekin duen harremana -musikariak, ilustratzaileak, idazleak...- eta bere sormen mundua besteen begiradaren bitartez hitzaldi, filme edota antzezlanetan islatzen den era azaltzea da erakusketaren helburu nagusia. Apirilaren 7ra bitartean izango da zabalik.

Gainera, Cinetecak ATXAGA EN EL CINE (ATXAGA ZINEAN) zikloa ere hartuko du, martxoaren 23 eta 24an. Bertan lau filme emango dira: Bernardo Atxagari eta bere lanari buruzko LEKU HUTSAK, HITZ BETEAK dokumentala, Joxeanjel Arbelaitzek egindakoa, eta idazlearen hiru eleberri zinera eraman duten hiru pelikula, OBABA, Montxo Armendarizena, ZERU HORIEK, Aizpea Goenagarena, eta Imanol Rayok zuzendutako BI ANAI.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau