Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du datorren asteazkenerako elurragatik

2013.eko martxoak 11

Elurra egingo du nahiko kota baxuetan

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du datorren asteazkenerako, hilak 13, elurragatik; izan ere, aire polar masa bat sartuko da, eta elur-prezipitazioak utziko ditu nahiko kota baxuetan.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren iragarpenen arabera, astearteko, hilaren 12ko, arratsalde-gau partetik aurrera Eskandinaviatik datorren aire hotzeko masa polar batek goitik behera aldatuko du azken egunetan izan dugun eguraldia. Masa horren ondorioz, prezipitazioak izango dira eta tenperaturak nabarmen jaitsiko dira; hala, prezipitazioak elur formakoak izango dira eguerditik aurrera 1000 metrotik gora, eta, eguneko azken orduetan, 300-500 metrotik gora.

Euskalmeten arabera, ipar-haizea indartsu ibiliko da, batez ere, asteazkenean, hilaren 13an. Horrek hotz-sentsazioa areagotuko du. Hotza eta elurra bizpahiru egunez izango dira, eta ostiraletik, hilak 15, hasiko da pixkanaka arintzen.

Asteazkenean eta ostegunean, hainbat fronte eta ezegonkortasun-lerro iritsiko dira EAEra. Ondorioz, prezipitazio arinak izango ditugu sarri, bai eta zaparrada ekaiztsuak eta kazkabarra ere.

Bi egunotan, elur-kota nahiko baxu kokatuko da, 200-400 metrotan. Baliteke, gainera, uneren batean, nukleo ekaiztsuetan gertatu ohi diren haize hotzaren beherakadekin bat, kota 200 metrotik behera kokatzea. Nolanahi ere, eguerdi-partean, kota nabarmen igoko da, eguzkiak martxoaren erdialdean duen indarra dela-eta. Prezipitazioak eta elurteak osteguneko, hilaren 14ko, arratsaldetik aurrera arinduko dira.

Tenperaturei dagokienez, Eskalmetek uste du asko jaitsiko direla asteartetik, hilaren 12tik, aurrera, egunik hotzenak asteazkena 13 eta osteguna 14 izango diren arren. Ipar-haizearen ondorioz, hotz sentsazioa areagotu egingo da, batik bat, asteazkenean, hilaren 13an. Bi egun horietan, tenperatura maximoak 5‑10 ºC-ren bueltan ibiliko dira kostaldean, eta 5 ºC-ren bueltan, berriz, barnealdean. Tenperatura minimoak 0‑5 ºC ingurukoak izango dira kostaldean, eta 0 ºC‑tik beherakoak, berriz, barnealdean. Era berean, izotz arinak ere izango dira.

Labur esanda, aire hotzarekin batera, negu-giroa datorkigu berriro eta berriro botako du elurra EAEko zati handi batean. Hori horrela, hego-haizea eta tenperatura leunak atzean utziko ditugu tarte batez -berriro itzuliko dira Euskadira datorren asteburutik aurrera-.

Segurtasun Sailak martxoaren 12rako eta 13rako egindako oharrak eta alertak:

Asteartea, 12: Ohar horia 15:00etatik aurrera, elurragatik. /  Ohar horia gune garaietan, 18:00etatik aurrera, izotzagatik.

Asteazkena, 13: Alerta laranja egun osoan 200-400 metroko kotatik gora, elurragatik. / Ohar horia barrualdean, izotzagatik.

Oharra: Kontuan izan denbora-tartea handitzearekin batera iragarpenen fidagarritasuna gutxitzen dela; hortaz, komeni da iragarpenen eguneraketak Euskalmet (http://www.euskalmet.euskadi.net) eta Twitter (@Euskalmet) bidez jarraitzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko