Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzak bahitutako droga-kantitatea bikoiztu egin da

2013.eko martxoak 09

Heroina, marihuana eta anfetaminaren eratorrien bahiturek gora egin dute

Ertzaintzak 2012an bahitu duen droga-kantitatea nabarmen handitu da aurreko urtearekiko. Zenbait gairen kasuan, hala nola opioaren eratorrienean, iaz halako hogei egin da kopuru hori; kanabisaren eratorriena eta anfetaminena, berriz, ia bikoiztu egin da. Sorgorgarri horien banaketa hainbat jatorritako talderen eskuetan dago, Euskadin droga-trafikatzaile sare handirik hautematen ez bada ere. Drogarekin lotutako delituen kontrako jarduera funtsezkoa da, haren inguruan bestelako delitu ugari egiten baita, hala nola diru-zuritzea, emakume-trafikoa, lapurreta, estortsioa eta hilketa. 292 lagun atxilotu zituen iaz Ertzaintzak sorgorgarriekin trafikatzeagatik.

Azken urteotan gora egin du etengabe Ertzaintzak bahitutako droga-kopuruak. Iazko balantzean ere, nabarmen handitu zen zifra. Opiotik eratorritako gaiei dagokienez, heroina, zehatz esanda, 2.233 gramotik ia 50.000 gramora pasa zen. Beste hainbeste gertatu zen kanabisetik eratorritako gaiei eta anfetaminari dagokienez, ia bikoiztu egin baitziren: kanabisa, 145.110 g-tik 253.404 g-ra. Osagai nagusia anfetamina eta haren eratorriak dituzten diseinuko drogei dagokienez ere, gorakada handia izan zen: 397 g-tik ia 11.000 g-ra pasa zen. Urteko balantzean ageri diren gainerako drogen kasuan, aldiz, zertxobait urritu da bahitutako droga-kopurua.

Delituen tipologia

Bilboko IKUak -Ertzaintzaren Ikerketa Kriminaleko Unitateak- egin ditu Euskadin narkotrafikoaren kontra egin diren eragiketa sonatuenak, eta unitate horren arduradunak adierazi duenez, gai horien trafikoaren atzean hainbat jatorri eta nazionalitateko taldeak daude, droga-mota baten banaketan espezializatu ohi direnak. Hark dioenez, «gure lurraldean diharduten taldeek badute halako antolamendu-maila bat, baina hori ez dator bat narkotrafikoaren organizazio handien profilarekin. Hemen errotuta egonagatik, inguruko erkidegoetan ere, Kantabrian eta Nafarroan, aritzen dira. Ez dira merkatuaren atzean elkarren lehian dabiltzan egitura mafiosoak; aitzitik, bakoitzak eragin-eremu jakin batean jarduten du.»
Bahiketak ugaritzeaz gain, Euskadin nahiz estatuko beste toki batzuetan jarduten zuten zenbait banda desegitea ere lortu du Ertzaintzak. Hala, 2012ko apirilean estatuan sekula harrapatu den hirugarren heroina-karga handiena harrapatu zuen. «Outage» operazioaren barruan Bilbon ziharduen eta droga kantaurialde osoan banatzen zuen banda bat ere desegin zuen. Lau lagun atxilotu zituen eta 49 kg heroina bahitu zituen. Hiru bandakidek garraiatzen zuten droga, autobusez, Ipar Europatik Euskal Herriraino.
Metatutako esperientzia, drogen aurkako taldeko kideen espezializazio-maila eta trebakuntza jarraitua, metodologia eta informazioa tratatzeko modua funtsezkoak izan dira honelako bandak desegin ahal izateko. Hainbat jatorri eta nazionalitatetako taldeei jazarri beharrak estatuko beste poliziekin batera jardutera behartzen ditu ikertzaileak, gure erkidegoaren mugaz gaindi jardun ohi baitute. Elkarlan horien adibide izan zen, esaterako, «Nascar» operazioa, 2011ko azaroan egina. Ertzaintzaren eta Guardia Zibilaren ikerketa bana bat etorri ziren orduan Bizkaian, Nafarroan, Errioxan eta Kantabrian ziharduen banda baten gainean. Bi polizien artean 15 lagun atxilotu eta 124 kg droga atzeman zituzten.
Bilboko IKUko arduradunak azpimarratu duenez, droga-trafikoaren aurka borrokatu behar da, gizartearen zati bati, gazteriari hain zuzen, eragiten dion kalteagatik ez ezik, «mundu horren inguruan bestelako delituak ere badirelako» ere bai, «hala nola diru-garbiketa, emakume-trafikoa, lapurreta, estortsioa, gauza lapurtuak jasotzea eta, inoiz, hilketa ere».

Herritarren laguntza

Halaber azpimarratu du zeinen garrantzitsua den herritarren laguntza delituen kontrako borrokan. «Herritarrek jakinarazten dizkiguten datuak egiaztatu eta analizatu egiten ditugu, eta sinesgarritasun-izpi txikiena ere izanez gero, dagokien bezala ikertzen ditugu.» Informatzaileen anonimatua isilpean atxikitzearren, ikertzaileek berriro egiaztatzen dituzte datuak in situ, hutsetik hasita. Gero, herritarrari bere laguntza eskertzeko, drogaren kontrako espezialistek ikerketaren emaitza jakinarazten diote, hura amaituta. Hala, konfidentzialtasunean eta elkarrenganako konfiantzan oinarritutako komunikazio-bideak ezar daitezke.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko