Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Graduondoko ikasleek Visesak antolatutako eraikuntza jasangarriko ikastaro batean parte hartuko dute

2013.eko martxoak 06

Ingeniaritzako eta arkitekturako zenbait adarretako graduondoko 50 bat ikasle Bilbon bilduko dira bihar Open House (OH) ikerketa-proiektua aztertzeko. Proiektua erakinetako jasangarritasuna ebaluatzeko eta ziurtatzeko tresna berri bat da, eta Europar Batasunaren babesa du.

Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniari Industrialen Goi Eskolarekin eta Acciona enpresarekin lankidetzan, Visesa sozietate publikoak mintegi bat antolatu du hurrengo bi egunetarako (martxoaren 7 eta 8ak), graduondoko ikasleek –horietako batzuk Lanbideren «enplegu berdea» programan parte hartzen dute– metodologia berri hau aztertzeko aukera izan dezaten, bai eta horrekin trebatzeko ere.

Etorkizunean, eraikin jasangarriak eraginkortasun handiagoz aztertzeko aukera emango du metodologiak, eta, beraz, eraikuntzaren kalitatea hobetu egingo da oro har. Ekimen hau Visesak antolatzen dituen I+G jardueretako bat da. Zehazki, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren mende dagoen eta lurzoru publikoa sustatzen duen sozietatea Open House Europako partzuergoaren hemeretzi kideetako bat da. Open House hiru urteko (2010-2013) programa bat da eta Europako Batzordearen zazpigarren I+G esparru-programaren barruan dago.

Eraikuntza jasangarria nahiko kontzeptu berria da arlo honetan, eta eraikuntzan baliabide naturalak jasangarritasun handiagoz erabiltzeari lotuta dago oro har, bai eta eraikuntzako produktu ekologikoagoak eta ingurumena gehiago errespetatzen dutenak erabiltzearekin. Nolanahi ere, eta jasangarritasun kontzeptuaren ikuspegi zabalagotik, Europar Batasuna beste arlo batzuetan eragiten saiatzen ari da, besteak beste, ekonomikoan, ekologikoan edota sozialean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko