Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak elkarrizketa "sakona eta lasaia" eskatu du politika fiskalen eta zerbitzu publikoen inguruan

2010.eko martxoak 12

Lópezen ustez, adostasuna da "kalitatezko ongizate-estatua lortzeko bide bakarra"

Eusko Legebiltzarreko gaurko saioan, lehendakariak eskaria egin die Foru Aldundi eta gizarte eragileei, administrazio publikoek "zein prestazio" eman behar dituzten erabaki dezaten, nola ordainduko dituzten eta nola lortuko diren horretarako baliabideak.

Patxi López lehendakariak eskaria egin die EAEko gizarte-eragileei eztabaida "sakona eta lasaia" ireki dezaten zerbitzu publikoen katalogoa eta horiek finantzatzeko beharko diren baliabide ekonomikoak zehazteko. "Gure helburua herritarren aukera berdintasuna bultzatzea izango da, prestazio publikoak aberastasuna banatzeko modu nagusia izatea, efizientzia hobetzea, zerbitzu bikoiztuak ezabatzea eta herritarrek horiekin gozatzeko ardura partekatuak handitzea", esan du.

Lehendakariak Eusko Legebiltzarrean egin ditu adierazpenok, eta berak zuzentzen duen Gobernuak zerbitzu publikoak hobetuko dituela eta "bikaintasuna" lortzen saiatuko dela agindu du.

Patxi Lópezek azaldu duenez, eztabaida hau beharrezkoa da ez bakarrik krisiak finantza arazoak eragin dituelako; ekonomia suspertzen denean eta gora egiten duenean zeregin hori egiteke egongo dela gaineratu du. Bertan agertu duenez, gizarte gastuak gora egiten jarraituko du premia berriak sortuko direlako, eta biztanleria gero eta zaharragoa izango baita.

Lehendakariak azpimarratu egin du gai honek Foru Aldundiek dituzten eskumenei ere eragiten dietela, eta horren harian, honakoa adierazi du: "Ezin dut aldebakarreko zerga-erreforma bat planteatu. Hausnarketarako deia egin nahi dut, eta ez dut fiskalitatearen gainean bakarrik eztabaidatu nahi; hausnarketa sakonagoa nahi dut, ongizate-estatuak duen edukiaren eta iraunkortasunaren inguruan".


Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria