Berriak
qrcode

Eusko Jaurlaritzak aurrekontu-akordioa lortzea espero du

2013-03-05

Jaurlaritzak uste du datorren astean Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko duen aurrekontu-proiektua gainontzeko talde politikoek funtsezkotzat jotakoaren ildotik doala; hortaz, akordioa lor daitekeelakoan dago. Horrelaxe azaldu du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak; halaber, Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrera eramango duen aurrekontu-proiektua «irekia eta erabat soziala» izango dela nabarmendu du, auzi sozialetan jarriko baitu arreta.  Jakinarazitako moduan, aurrekontuaren bi herenak «gizarte-babesa sendotzeko» izango dira; lehentasun horiek, Josu Erkorekak azaldu duenez, talde politiko guztiek dituzte, «taldeek formalki parte hartzen ez duten gobernu baten kontuen aurrean eraiki behar duten erretorika saihestezinetik harago». Erkorekak arduraz jokatzeko eskatu du beste behin ere, akordioa lortzeko eta Euskadik aurrekontu eguneratuak eduki ditzan.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea komunikabideen aurrean azaldu da gaur goizean Lehendakaritzan (Vitoria-Gasteiz), ohiko Gobernu Kontseiluaren ostean. Aurrekontu-gaiaz gain, langile publikoen lanaldia 1614,5 ordukoa dela xedatzen duen dekretuaren berri ere eman du Erkorekak. Jaurlaritzako bozeramaileak beste bi gai ere izan ditu hizpide: Norvegiako Gobernuak ETAko zuzendaritza politikoa kanporatzeko erabakia, bake-prozesuan aurrerapenik ez egiteagatik, eta EiTBko zuzendaritza nagusirako Maite Iturbe proposatu izana.

Herri Administrazioko langileen urteko lanaldia 1.614,5 ordukoa izango da. Mahai sektorialetan negoziazio-fase bat irekiko dela azaldu du Erkorekak asteko lanaldia eta ordutegiak finkatzeko. Bozeramaileak berretsi du Eusko Jaurlaritzak lan publikoari eusteko konpromisoa duela. Gaur egungo krisialdi ekonomikoaren eraginez, «lanaldia pixka bat handitu» beharra dagoela adierazi du Josu Erkorekak.

Norvegiak ETAko zuzendaritza politikoa kanporatu du
Norvegiako Gobernuak ETAko zuzendaritza politikoa bidaltzeko erabakia hartu du, zortzi hilabetez babestu ondoren; horren aurrean Jaurlaritzako bozeramaileak uste du talde terroristak «oso kontuan» hartu behar duela erabaki hori, egiaztatzaileek ere lana bertan behera utzi behar baitute ETAk «keinu argi eta zalantzarik gabekoak» egin ezean. Ildo horretatik, Erkorekak adierazi du «kezkagarria» dela ETAk «armak utzi» eta urte eta erdi igaro ondoren desarmea hasi gabe egotea.

Amaitzeko, aste honetan bertan EiTBko zuzendari nagusitarako hautagai Maite Iturberen profil profesionala nabarmendu du Josu Erkorekak. EiTB zuzentzen duen lehen emakumea izango da Iturbe.


Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2013.03.05)

 


Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)