Berriak
Eu

Kontsumobidek eraginkortasun handiagoz kontsumitzeko eta energia ez xahutzeko eskatu du

2013.eko martxoak 04

(Martxoak 5, Energia-eraginkortasunaren Munduko Eguna)

Aholku txikiak aplikatuta, energia asko aurrez daiteke

 

Martxoaren 5ean, energia-eraginkortasunaren munduko eguna ospatzen da urtero mundu osoan (World Energy Efficiency Day esaten zaio ingelesez). Horren harira, Kontsumobide Kontsumoaren Euskal Institutuak ohiko energia-kontsumoari buruz hausnartzeko eta energia ez xahutzeko eskatu die kontsumitzaileei. Keinu txikiek uste baino energia gehiago aurreztea dakarte.

Honako aholkuetako batzuk aplikatuz gero, eraginkortasun handiagoz kontsumituko dugu, energiak eskaintzen dizkigun erosotasunei eta erabilgarritasunei uko egin gabe:

Etxea bero kontserbatzeko:

1.- Hamar minutu nahikoa dira gela bat aireztatzeko; hortik gora, beroa alferrik galtzea litzateke. Ez piztu berogailua leihoak irekita baldin badaude.

2.- Prezio guztietako berogailu-programagailuak daude. Inbertsio txiki horrek energiaren fakturan dezente aurreztea ekar dezake. Etxeetan tenperatura atsegina izateko, nahikoa da egunez 19-21 gradu izatea eta gauez 15-17 gradu. Tenperatura gradu bat igotzen dugun bakoitzeko, % 7 igotzen da kontsumoa.

3.- Berogailu-sistema behar bezala mantentzen badugu (galdara, erradiadoreak, eta abar), energia bidegabe kontsumitzea saihestuko dugu.

4.- Erradiadoreen gainean edozer jarriz gero, aire beroak ezin du behar bezala mugitu.

5.- Ateak, leihoak eta pertsianen kaxak berrikusi behar dira, eta, beharrezkoa bada, beroa gal daitekeen zirrikituak itxi behar dira.

6.- Gauez pertsianak jaitsiz gero, bero gutxiago galduko da.

Ura aurrezteko:

1.- Erabili doi daitekeen zisterna duten komunak, behar dena baino ur gehiago ez erabiltzeko.

2.- Ez bota komunera paperontzira bota beharrekoak.

3.- Dutxatu bainatu ordez; aldiko 150 litro ere aurrez ditzakezu.

4.- Konpondu matxurak lehenbailehen, txikiak badira ere. Tantaka ari den txorrota batek ia 30 litro gal ditzake egunero.

5.- Jarri difusoreak eta bestelako aurrezte-mekanismoak txorrotetan.

6.- Egokitu ur-presioa zure erabilera-beharretara.

7.- Ez jarri garbigailua eta ontzi-garbigailua beteta egon arte.

8.- Etxetresna elektrikoak aldatzerakoan, aintzat hartu erosiko dituzunen energia-eraginkortasuna.

9.- Baloratu eguneroko zereginetan erabiltzen duzun ur guztia gastatzea beharrezkoa den. Gogoan izan: ez da beharrezkoa txorrota irekita edukitzea hortzak garbitzen dituzun bitartean, eskuak xaboitzen dituzun bitartean, bizarra mozten duzun bitartean, dutxatzen zaren bitartean, barazkiak eta frutak garbitzen dituzun bitartean, autoa garbitzen duzun bitartean...

Argindarra aurrezteko:

Erosi etxetresna elektriko eraginkorrak (hozkailuak eta izozkailuak, garbigailuak, ontzi-garbigailuak, lehorgailuak, garbigailu-lehorgailuak, etxeko lanparak, labe elektrikoa eta aire girogailua). Horiek zeintzuk diren jakiteko, garrantzitsua da energia-etiketa interpretatzen jakitea.

1.- Aurretik aipatutako etxetresna elektriko guzti-guztiek izan behar dute energia-etiketa bat.

2.- Energia-etiketak etxetresna elektrikoaren energia-eraginkortasunaren berri ematen dio kontsumitzaileari.

3.- Energia-etiketak eskaintzen duen informazioa hiru ataletan banatzen da:

a). Etxetresna elektrikoaren modeloari eta hori egin duen enpresari buruzko datuak.

b). Gailuaren energia-eraginkortasun mota: A motakoak (A+++, A++, A+ eta A) eraginkortasun-mailarik handienekoak dira, eta, D motakoak, berriz, gutxienekoak.

c). Etxetresna elektriko mota bakoitzerako berariazko datuak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau