Berriak Osasuna
Eu

Gripea egonkortu egin da Euskal Autonomia Erkidegoan

2013.eko otsailak 28

Gripearen intzidentzia-tasa, 8. astean (301,2 kasu 100.000 biztanleko), aurreko astekoaren maila berean geratu da.

Gripearen eragina jaitsi egin da 0-14 urte bitarteko haurretan

Zortzigarren astean, gripearen eragina egonkortu egin da EAEn, ia tasa berbera eman baitu zazpi egun lehenagokoarekin alderatuta. Zehazki, 301,2 kasu izan dira 100.000 biztanleko, eta 7. astean, 301,1 izan ziren.

Era berean, berrespen mikrobiologikoa apur bat apalagoa izan da aste honetan; positiboen kopurua jaitsi egin da laborategira bidali diren laginetan, eta B motako birusa gailendu da aste honetan ere.  

Adin-taldeei dagokienez, 15 urtez azpikoak dira oraindik gripea nozitu duten gehienak, nahiz eta adin-tarte horretan ere intzidentzia-tasak apur bat behera egin duen. Bestalde, 0 eta 4 urte bitarteko haurren kasuan, 939,72 kasu erregistratu dira 100.000 biztanleko aste honetan; 5-14 urtekoen taldeari dagokionez, 1.104,88 kasu zenbatu dira. Aurreko astean, berriz, 1.165, 28 kasu izan ziren 0-4 arteko adin-tartean eta 1.116, 23, 5 urtetik 14 urte bitartekoetan.

EAEko Mediku Jagoleen Sareak jakinarazi duenez, datu horiek adierazten dute aste honetan harrapatu dela, segur aski, denboraldi honetako uhin epidemikoaren erpina, hau da, gaixotasunaren aktibitate handienekoa; hori, jakina, datozen asteetan berretsi beharko bada ere.

Ospitaleratutako kasu larriak

Denboraldia hasi zenetik, hamabost kasutan ospitaleratu behar izan dira gripeak jotako gaixoak, azterketan parte hartzen duten EAEko hiru erietxeetan. Kasu horietatik gehienak gizonezkoak izan dira, 12; adinari dagokionez, sei kasu 15 urtez azpikoak izan dira eta lau, berriz, 64tik gorakoak.

Erregistratu diren konplikazioei buruz, 11 gaixok pneumonia garatu dute eta kasu guztietatik seitan zainketa intentsiboetako unitatean artatu behar izan dituzte.  

Gripearen eraginez ospitaleratutako pertsonetatik zortzi arrisku-faktoreren baten pean zeuden, eta gripearen aurkako txertoa gomendatuta dagoen populazio-taldekoak ziren. Horietatik hiru txertatu gabe zeuden.

Lehen mailako arretako kontsultak  

Osakidetzako lehen mailako arretan gripe-sindromeagatik izan diren kontsultak % 8,6 igo dira aurreko astekoekin alderatuta, nahiz eta igoera dezentez apalagoa izan den aurreko astekoetakoa baino.

Lurraldeka, Gipuzkoa mantentzen da lehen tokian kontsulta-kopuruari dagokionez; gero datoz Araba eta Bizkaia.

Gripearen inguruko informazio guztia helbide honetan kontsulta daiteke: http:www.euskadi.net/gripe

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @manycomics
    2013.eko otsailak 28

    Comentario de Twitter:
    La actividad gripal se estabiliza en la CAPV http://t.co/1ANCFaZbN7 http://t.co/M7dSL5o9oz @Gripenet_Es