Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak 14.000 zuhaitz eta zuhaixka landatuko ditu Bidasoa-Txingudi uharteetan bertako landaredia lehengoratzeko

2013.eko otsailak 22

Behin Baccharis halimifolia zuhaixka inbaditzailea Europako Life+estuarioak proiektuaren bidez erauzi ondoren

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika sailak bertako 14.000 zuhaitz eta zuhaixka landatuko ditu Bidasoa ibaiko uharteetan (Txingudi) bertako landaredia lehengoratzeko xedez, besteak beste, Baccharis halimifolia (txilka edo karkexa) espezie exotiko inbaditzailea ugalduta baitzegoen bertan. Ipar Amerikan jatorria duen zuhaixka hori Frantziatik iritsia da eta hainbat habitat natural kolonizatu ditu, beste espezie batzuen lekua hartuz eta ingurunearen morfologian aldaketak eraginez. Padurak jalkinez betetzeko prozesuan eragiten du esandako zuhaixkak, bere sustrai-sistema dela medio.

Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitateko zuzendari den Amaia Barredok esan duenez, «Galera eta Santiagoaurrea uharteetan bertako 14.000 zuhaitz eta zuhaixka inguru landatzeko prozesua bi fasetan egingo da». «Lehena, 2013ko otsailetik martxora bitartean egingo da. Haltzak eta sahatsak landatuko dira, 7.000 landaretik gora, habitat urritua lehengoratzeko asmoz. Gainera, ingurune gazietara egokitutako espezieak ere landatuko dira, tamariza, kasu, inguru hori itsasaldien zuzeneko eraginaren mende baitago».

Guztira, dozena batetik gora bertako espezie landatuko dira, eta lagungarri izango da hori inguru horretako biodibertsitatea aberasteko. Landaketa prozesuaren bigarren fasea datorren neguan egingo da. Hala, bilakaera onena izan duten espezieak indartuko dira.

Euskadiko gobernuaren Biodibertsitateko zuzendariak dioenez, «landaketak bi helburu ditu: batetik, aipatutako espezieak Baccharis halimifolia espezie inbaditzailearekin lehiatzea bilatzen da, birkolonizazioa ekiditeko, eta, bestetik, munen eta lezoien higadura saihestu nahi da, uharte horietako dinamika bereziari eusteko; izan ere, interes handiko landare espezie askoren bizilekua dira, eta gune garrantzitsua hegazti urtarrek atseden har dezaten eta elika daitezen».


Uharteetako natura-gunea lehengoratzeko jarduera Santiagoaurrea eta Galera uharteetan Baccharis Halimifolia landare exotiko inbaditzailea erauzteko lanak egin eta gero dator. Uharte horiek Bidasoa ibaiko estuarioaren erdiko zatian kokatuta daude. Lan horien emaitzak, hasierakoak behintzat, oso positiboak dira, uharteen ur gaineko azalera erabat estaltzen zuten zuhaixken % 90 erauzi ahal izan baita. Hainbestekoa zen inbasioa, ezen erauzketa-lanen ondoren, uharteetako babes-munak batere landare gabe geratu baitira, kendu ez diren zenbait ereinotz eta zuhaixka salbu.

LIFE+Euskadiko estuarioak proiektua
Bestalde, 2013an zehar, Bidasoa ibaiko estuarioaren gainerako aldeetan landare inbaditzailea kentzeko lanekin jarraituko da. Txinbadia proiektuaren funtsekin eta funts propioekin osatutako Life proiektuaren harirako jardueren artean, tratamendu-guneak handitzea aipatu behar da; Bidasoa ibaiaren bi ertzetako, estuarioko beste uharte guztietako eta ibairatzen diren ubideetako Baccharis halimifolia espeziearen kokagune garrantzitsuenak desagerrarazi nahi dira.

Barredok dioenez, «Hendaiako Udalarekin elkarrizketetan ari gara, estuarioko eskuin ertzeko landare inbaditzaileak ere kentzeko. Lehen kanpainako emaitza onak berresten badira, estuarioko inbasioa kontrolpean eduki ahalko da, Natura Sarea 2000k babestutako habitaten degradazioa ekiditeaz gainera».

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika sailak sustatzen du LIFE+Euskadiko estuarioak proiektua, IHOBE sozietate publikoaren laguntzarekin eta LIFE+ programaren finantzaketarekin. Azken hori Europako Batzordearen ingurumena hobetzeko finantzaketa-tresna da.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2013.eko otsailak 25

    Excelente idea. Denok auzolanean!