Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailak elurragatik alerta laranja eman du larunbateko arratsaldetik aurrera

2013.eko otsailak 21

Bihartik, ostiraletik aurrera, tenperaturek behera egingo dute nabarmen

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak elurragatik alerta laranja eman du datorren larunbateko, hilaren 23ko arratsaldeko 18etatik aurrera, tarte batzuetan kota itsasoaren mailan egongo baita.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren iragarpenen arabera, bihartik, ostiraletik aurrera Europan zehar lekualdatuko den aire oso hotzeko masa baten eraginpean egongo gara. Masa hori gurekin geratuko asteburu osoan eta datorren asteko lehen egunetan. Egoera horren ondorioz tenperaturek nabarmen egingo dute behera, eta horrenbestez, hotza eta elurra asteburuko eta datorren asteleheneko protagonistak izango dira.

Euskalmeten iritziz, aire masa hori erlatiboki lehorra izango da, baina Kantauri itsasoan zehar igarotzean, ipar-ekialdeko haizeek bultzatuta, hezetasunez kargatuko da, eta horregatik elur prezipitazioak gerta daitezke ia leku guztietan, batez ere larunbateko, hilaren 23ko arratsalde-gautik aurrera.

Tenperaturak denbora-tarte horretan oso hotzak izango dira eta gehienekoek ez dituzte 5 ºCak gaindituko kostaldean; barnealdean, berriz, 0 eta 5 ºC bitartean egongo dira.

Gutxieneko tenperaturak 0 ºCetatik hurbil egongo dira kostaldean, eta argi eta garbi 0 ºCen azpitik egongo dira barnealdean. Beraz, izotz txikia egingo du ia EAE osoan; salbuespen bakarra, agian, Bizkaiko kostaldea izango da. Izotzak moderatuak izango dira barnealdean eta mendi inguruetan.

Gainera, iparraldeko haize moderatuak hotz sentsazioa areagotuko du. Tenperatura horiekin, gertatzen diren prezipitazioak elurrezkoak izango dira ia lurralde osoan, eta kota 300 metroen eta itsasoaren mailaren artean egongo da. Espero dezakegun prezipitazio kopurua azken konfigurazioaren mendean egongo da, eta oraindik ziurgabetasuna handi samarra den arren, elurteak handiak izatera iritsi ahal dira, bereziki astelehenean, eta elur-lodiera nabarmenak metatuko dira.

Orain dagoen informazioarekin Euskalmetek larunbatean, hilaren 23an, goizean prezipitazio gutxi egongo direla espero du, baina gauez apur bat ugariagoak izango direla. Elur kota 0 eta 100 metroen artean egongo da, eta elurteak ahulak izango dira. Igandean, hilaren 24an, aldiz, prezipitazioak ugariagoak izan litezke, elur kota itsasoaren mailaren eta 300 metroen artean egongo da. Hortaz, elur-lodierak nabarmenak izan daitezke. Egun horretatik aurrera, ekaitzak egon daitezke, txingorrarekin batera.

Astelehenean, hilaren 25ean, prezipitazio oso ugariak espero dira. Artean, elur-kota baxua izango da; itsasoaren mailaren eta 300 metroen artean goizez, eta 300-600 metro inguruan arratsaldez. Hortaz, berriro ere egun horretan elur-lodiera handiak metatu ahal dira.

Asteartean, hilaren 26an, prezipitazioak apurka ahulduko dira, baina tenperatura hotzek iraun egingo dute. 

Laburbilduz, neguan horrelako aire hotza sartzen den lehenengo aldia da, aurreko denboraleak oso hezeak izan arren ez direlako hain hotzak izan. Oraingoan, hotza izango da protagonista nagusia, elurra ia itsasoaren mailan bota ahal duelako.

ELURRETARAKO IRAGARPEN BEREZIA

Beste alde batetik, Euskalmeten web gunearen erabiltzaileek eskura dute jada "Elurretarako Iragarpena" izeneko informazio-gune berezia www.euskalmet.euskadi.nethelbidean.

Gune horretan egoeraren txosten zehatza ageri da. Elur-kota 1.000 metrotik beherako altueran kokatzen den bakoitzean emititzen den txosten hori 12 ordurik behin eguneratuko da.

Txostenak isozero tenperaturen maila (atmosfera librea zero graduetara iristen deneko altuera) azaltzen du, baita datozen hiru egunetan 6 ordurik behin espero diren elur-kota zein prezipitazio-maila ere.

Oharra: Komenigarria da egoeraren bilakaera eta iragarpen eta abisu batzuen eta besteen eguneratzeak  (www.euskalmet.euskadi.net) helbidean eta Twitterren (@Euskalmet) jarraitzea

GOMENDIOAK - ELURRA

1.- HERRITARRENTZAKO GOMENDIOAK

Hona hemen Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologia Zuzendaritzaren aholkuak elurra egiten duenerako, ondorio txarrik ez izateko edo ahalik eta gehien murrizteko, eragindako herritarrentzat:

Prebentzioko neurriak:

Bidaiatuz gero:

-    Errepideko egoerari eta eguraldiari buruzko informazioa aurretik eskatu.

Euskalmetera jo, edota deitu Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzako telefonora: 011

-    Eguraldia benetan txar-txarra bada, hobe da bidaian ez atera, ezinbestekoa ez bada.

-  Alabaina, bidaiatzea ezinbestekoa baduzu, ziurtatu pneumatikoak, galgak eta izotzkontrakoa ondo daudela, kateak edo neguko gurpilak beti eraman, erregai-tanga bete eta hartu berokiak. Eta ahal baduzu, telefono mugikorra eraman beti, bateriak kargatuta; hau, bigarren mailako errepideetan gidatu behar duten gidarientzat doa bereziki.

-    Poliki ibili, izotz-plakarik balego adi; batez ere, laiotzean.

-    Aurreko autoari tarte handia lagata ibili, normalean uzten den tartea baino handiagoa.

-    Ez aldatu noranzkoa tupustean. Bolanteari gozotasunez eragin, eta martxa luzeetan ibili.

-    Izotza dagoen zonaldera sartzean, ez zapaldu galga, utzi ibilgailuari bere inertzia hutsez aurrera egiten.

-    Ahal dela, erabili garraio publikoa

-    Irratia oso lagungarria izan daiteke une oro ondo informatuta egon nahi izanez gero.

Mendira baldin bazoaz

-    Hobe litzateke mendiko txango eta ibilaldiak bertan batera uztea. Irtenez gero, nondik nora ibiliko zaren esanda utzi.

-    Joan nahi duzun lekurako zer eguraldi-aurreikuspen dauden jakin, eta kontuan hartu indarrean dauden alerten mailak. Kontuan hartu ez dela harritzekoa mendian eguraldia bat-batean aldatzea.

-    Eraman ekipamendu eta arropa egokia. Motxilan erreserbako jan-edanak eraman.

-    Aukeratu leku egokia, zure sasoiaren, praktikaren eta lekuaren arabera. Ez eman balio handiegirik zure egoera fisikoari ezta zurekin doazenen egoerari ere ez, batez ere umeak badira.

-    Ahal baduzu ez joan bakarrik, eta ahal izanez gero, eraman telefono mugikorra.

-    Aurrez jakizu aterpe edo bordak non dauden, tenperatura asko jaitsi, ekaitza lehertu edo bestelako arazo meteorologikorik izango balitz ere babestu ahal izateko.

Etxean

-    Kontuz ibili berogailu lagungarriekin (estufa edo sutontziekin), etxeko istripuren bat gerta daiteke eta.

Larrialdietan hartu beharreko neurriak:

Elurretan ibilgailuaren barruan geratzen bazara:

-    Ez atera autotik, denboraleak barruan zaudela harrapatzen bazaitu.

-    Motorra piztuta eta berogailua jarrita eduki; tarteka, berriztatu airea.

-    Saiatu loak ez hartzen. Tapakiren bat eskuratu, eta bero jantzita ibili.

Larrialdietan, deitu 112 zenbakira

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko