Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Gobernuak lanaldia zertxobait luzatzeko eta urteko 1.600 ordu inguruan ezartzeko proposamena egin die sindikatuei

2013.eko otsailak 21

Langile publikoen ordezkari diren sindikatuei aldarrikapen «errealistak» egiteko eskatu die, eta «Euskadik bizi duen lan eta ekonomia egoera larriaren aurrean epe luzera begiratzeko ardura» izan dezatela

Gaur goizean egin dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Mahai Orokorraren legegintzaldi honetako lehen bilera. Bertan, euskal administrazio publikoan lan egiten duten ia 70.000 pertsonak ordezkatzen dituzten sindikatu guztiak izan dira
Gobernuaren aldetik, Funtzio Publikoko sailburuorde Andrés Zearreta eta honako zuzendari hauek izan dira: Juan María Barasorda (Funtzio Publikoa), Estefanía Gordoa (Lan Harremanak), María Iruretagoiena (Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea), eta Giza Baliabideetako arloko honako arduradun hauek: Jon Arturo Uriarte (Justizia Administrazioa), Jose María Armentia (Osakidetza), Carmele Arias (Ertzaintza), eta Conrado Mugerza (Hezkuntza).

Bileran, hiru ardatzen inguruko akordioa proposatu die Andrés Zearretak sindikatuei:

* Urteko lanaldia zertxobait luzatzea, eta egun indarrean den urteko 1.592 orduko lanaldiaren ordez 1.600 ordutik gorakoa ezartzea. «Gure ustez zentzuzkoa da igoera hori, eta erabat egingarria, Estatuan indarrean den legediak langile publikoei urtean 1.650 orduko lanaldia inposatu diela aintzat hartuta».

* Bigarrenik, «urtean egun libre kopurua areagotzeko aukera» eskaini die sindikatuei Andrés Zearretak, horrela laneko bizitza eta familiakoa hobeto uztartzeko. Espainiako oinarrizko legediaren arabera, egun ezarrita dagoen muga urteko hiru egun librekoa da, baina Funtzio Publikoko sailburuordeak «Jaurlaritzak familiako eta laneko bizitza uztartzea bultzatzeko eta adingabeak zaintzeko hainbat egun libre ezartzeko borondatea» duela jakinarazi die sindikatuei.

* Azkenik, Funtzio Publikoko sailburuorde Andrés Zearretak «Aldi Baterako Ezintasunagatiko ordainsarien osagarrien egungo araubidea leuntzeko akordio bat» proposatu die sindikatuei, bere ustez «Espainiakoaz bestelako araudia egiteko tartea baitugu».

Bileraren amaieran honako hau erantsi du Andrés Zearretak: «Jaurlaritza elkarrizketarako prest dago, eta sindikatuei egindako proposamena arrazoizkoa da benetan, bereziki herrialde honetako pertsonak jasaten ari diren egungo testuinguru ekonomikoaren gordintasuna aintzat hartuta».Horregatik, negoziazioan errealismoz, erantzukizunez eta epe luzeko ikuspegiz joka dezatela eskatu die sindikatuei, «ez baita gaur itxi beharreko kontua, hurrengo astean ere heldu beharrekoa baizik».

Era berean, «gobernu honek enplegu publikoarekin eta soldatei egungo mailetan eustearekin duen konpromisoa» berretsi die Zearretak sindikatuei, eta, gainera, enplegu sorrera sustatzeko konpromisoa hartu du, horretarako aurreko gobernuak eginiko zenbait mozketa aldatuta.

Administrazio Publikoko Sailak sindikatuekin egingo dituen bileren sortako lehena izan da gaurkoa. Helburua haietako bakoitzaren iritziaren berri izatea da, eta otsailaren 28an berriz deituko ditu sindikatu guztiak Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioko Mahai Orokorrean biltzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Beste gonbidatu batzuk
  • Andrés Zearreta, Viceconsejero de Función Pública