Berriak Osasuna

Jon Darpón: 'Inoiz baino behar handiagoa daukagu kalitatezko euskal osasun sistema publikoa mantentzeko'

2013-02-20

Osasuneko sailburuak Ospitaleen XVIII Biltzar Nazionala inauguratu du Bilbon

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Jon Darpónek Estatuko hainbat herrialdetatik etorritako mila osasun-profesional baino gehiagoren aurrean adierazi duenez, inoiz baino behar handiagoa daukagu Euskadiko osasun-sistema publiko eta kalitatezkoa mantentzeko.

Jon Darpónek gaur goizean inauguratu du Ospitaleen eta Osasun Kudeaketaren XVIII Biltzar Nazionala, edizio honetan Bilbon antolatu dena.

Inaugurazio-mintzaldian nabarmendu duenez, Osasun Sailaren apustua, hain zuzen, eredu horren euskarri diren printzipioak babestea da: «unibertsaltasuna, elkartasuna, ekitatea, zerbitzu-kalitatea eta herritarren partaidetza. Edo, beste modu batera esanda, funtsezkoa babestea. Bai pertsonen osasuna zaintzeko, bai sistemaren beraren jasangarritasuna bermatzeko». 

Sailburuak adierazi du formula magikorik ez dagoela, eta bide bakarra milaka familiak etxean egunero erabiltzen dutena egitea dela; hots, «azalekoa alde batera uztea, eta oinarrizkoa babestea». Eta zera erantsi du: «Administrazioan, horrek zera esan nahi du: zerbitzuak arrazionalizatzea, bikoiztasunak saihestea, erosketak hobeto egitea, ongi gastatzea, hobetu daitezkeen alderdiak berrantolatzea, ebaluatzea, irizpideen arabera jardutea, ikertzea eta berritzea».

Darpónen esanetan, Osakidetzako langileen giza kalitatea eta kalitate profesionala dira euskal osasun-sistema mantentzeko eta hobetzeko aktibo nagusiak. Azpimarratu duenaren arabera, eginkizun horretan ezinbestekoa da «osasunaren alorrarekin lotura daukaten beste sailekin eta erakundeekin lankidetzan aritzea eta koordinatzea; arreta-zerbitzu erabat integratua izatea, medikuek eta erizainek pazientea arta dezaten, eta ez ordenagailua; gaixoaz gain, zaintzailea ere artatzea; elkarrizketa baliatzea; eta herritarren benetako partaidetza bermatzea».

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)