Berriak Segurtasuna
Eu

Lutxanako tuneletan segurtasuna indartzeko plan bateratua abiarazi dute Ertzaintzak eta Udaltzaingoak

2013.eko otsailak 18

Joan den astean aktibatu zen, eta indarrean egongo da harik eta agintariek behin betiko neurriak hartu arte

Sestaoko ertzain-etxeak eta Barakaldoko Udaltzaingoak dispositibo bateratua ezarri dute Lutxanako tunelen eremuan zaintza lanak indartzeko; hala, inguru horretatik oinez dabiltzan pertsonen segurtasun sentsazioa areagotu nahi dute, bereziki asteburuetan, gauez. Dispositiboari esker, bi kidegoetako patruila kopurua gehitu egingo da, batez ere ostiral eta larunbat gauetan, eta indarrean egongo da harik eta aginteek inguru horretarako behin betiko konponbidea erabaki arte.

Bi kidegoetako arduradunek nabarmendu dutenez, bi kidegoen arteko koordinazioak modu eraginkorrean funtzionatzen du aspalditik; horretarako, bi burutzak aldizka biltzen dira eta batzar horien bitartez bideratzen dute elkarlana. Batzarretan beti lortu nahi den xedeen artean udalerriko zenbait "puntu beltzetan" herritarren segurtasuna are gehiago indartzeko neurri koordinatuak hartzea da; izan ere, puntu horietan herritarrentzat arrisku errealak daude, bereziki emakumeentzat, beraiek pairatu ohi baitituzte arrisku egoerak eta erasoak maizago.

Puntu beltz horietako bat Lutxanako tunelak dira, duela gutxi zenbait delitu gertatu baitira bertan eta horrek herritarren alarma-egoera eta segurtasunik ezaren sentsazioa areagotu ditu. Horren haritik, polizia arduradunek gogorarazi dutenez, "gure esparrutik egunero egiten dugu lan herritarrek udalerriko kale guztietatik libreki ibili ahal izateko, delitu oro prebenitzeko eta, azken buruan, delituak zigortzeko; ildo beretik, ebatzitako delituen ehunekoa oso altua da. Horrez gain, etxebizitzetan, enpresetan eta abarretan indarkeriaz edo larderiaz egindako lapurretak gutxitzeko prebentzioko ekintza planak garatzen ditugu."

Segurtasuna indartzea

Ertzaintzak eta Udaltzaingoak tunelen eremuan segurtasuna indartzeko dispositiboa martxan izango dute agintariek behin betiko neurriak hartu arte. Dispositiboa joan den astean jarri zen martxan, eta horri esker, bi kidegoetako agenteek oinez egindako patruila lanak areagotu egin dira, ostiral eta larunbat gauetan hedatu baitira.

Neurri horrekin batera, beste jarduera batzuk ere egin dituzte berriki inguru berberean, besteak beste, Udaltzaingoak legez kanpoko kokaguneak kontrolatu eta hutsarazi ditu, edota joan den otsailaren 7an aipatutako lur azpiko tuneletan indarkeriaz lapurreta egiten saiatu zen gizonezkoa atxilotzea, delitua egin eta handik gutxira; Ertzaintzak atzeman zuen. Handik bi egunera delitugile berbera berriz ere atxilotu zuten, in fraganti, Barakaldoko Artzai Onaren Kalean beste biktima bati lapurreta egitera zihoanean.

Bi polizia kidegoek antzeman dutenez, inguruko auzokideek oso ondo hartu dute indartzeko neurria, tuneletan patruila lanetan izan direnean bi kidegoetako agenteek esker oneko adierazpenak jaso baitituzte.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau