Berriak

Urumea ibaiaren arroan uholdeak saihestearren adostutako neurriak betetzeko konpromisoa berretsi du Erakunde Arteko Batzordeak

2013.eko otsailak 18

2013.02.18 DONOSTIA Gaur goizean, Donostiako Udalean, Urumea ibaiaren arroan uholdeak ekiditeko Erakunde Arteko Batzordearen laugarren bilera egin da. Bertan hurrengoek hartu dute parte: Donostia, Astigarraga eta Hernaniko Udaletako ordezkariek, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek, Eusko Jaurlaritzako eta Uraren Euskal Agentziako ordezkariek, Añarbeko Uretako ordezkariek eta, Kosten Lurralde Ordezkaritzako ordezkariek. Hauekin batera, bizilagun elkarteen ordezkaritza ere egon da, aurreko bileretan bezala.

Batzordeak ibaiaren arroan uholde arriskuak murrizteko planean jasota dauden neurriak errepasatu ditu, eta erakunde bakoitzak egiten ari den eta egin beharreko jardueren egoera azaldu du. Ildo horretan, plan horretan jasota dauden neurri guztien lehentasuna berretsi dute.

Eusko Jaurlaritza berria osatu ondoren, Jaurlaritzak berak eta Uraren Euskal Agentzia-URAk orain arte hartutako konpromisoak berretsi dituzte eta Urumeako uholde arriskuei irtenbidea ematea lehentasuna dela baieztatu dute. 

Erakunde Arteko Batzordeak garrantzi handia eman dio herritarrei begira gardentasun ahalik eta handiena bermatzeari. Horretarako, hainbat neurri hartzea erabaki du:

- Uraren Euskal Agentzia-URAren kasuan, Erakunde Arteko Batzordean parte hartzen duten eragileei, urtero, Urumean egindako ibai-ibilguaren mantentze lanen inguruko txostena emango die.

 - Añarbeko Urak-ek, berriz, urtegian hainbat kamera martxan jarriko ditu eta, bere webgunearen bitartez, edozein herritarrek ikusi ahal izango du ateak irekita dauzkan eta ura isurtzen ari den. Bestalde, Urumearen egoerari buruz idazten dituen parteetan hizkera errazagoa erabiliko du, edozein herritarrek uler dezan ematen duen informazio teknikoa.

2011ko uholdeak izan zirenetik ia urte eta erdi bete den honetan, gogorarazi behar da ibaiaren arroan dauden udalerriek aldian behin sufritzen dituzten uholdeen arriskua murrizte aldera sortu zela Erakundeen Arteko Batzordea, neurri zehatzak adosteko helburuz. Lehentasuna da hemezortzi ekintza neurri jasotzen dituen plana gauzatzea, eta bide horretan batzordea osatzen duen erakundeek azkeneko bileratik gaur egun arte emandako pausoak jakinarazi dizkiote elkarri. Hurrengo bilera maiatzaren 20an egitea adostu dute Erakunde Arteko Batzordea osatzen duten erakunde guztiek. 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan