Berriak
Eu

Eusko Jaurlaritzak ez du onartuko «biktimen kategoriarik», ezta haietako batzuk justifikatzerik ere

2013.eko otsailak 19

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du «onartezina» dela Garikoitz Aspiazu Txerokik astelehenean Parisen egindako epaiketan irakurritako ETAren mezua. Erkorekaren esanetan, Eusko Jaurlaritzak «ezin onar dezake haietako inork biktimen kategoriak ezartzea, eta, are gutxiago, haietako batzuk justifikatzeko helburuz». Bozeramailearen iritziz, Txerokiren hitzak «tokiz kanpo daude erabat, kontuan izanda, gainera, zer garai bizi dugun».

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkoreka komunikabideen aurrean azaldu da, Gobernu Kontseiluaren ostean egin ohi duen prentsaurrekoan.

Kazetariei erantzunez, Erkorekak azaldu du lehendakaria «etengabe egoten dela harremanetan, ia egunero», bake-prozesuan protagonismo zuzena daukaten eragileekin. Nolanahi ere, Erkorekak ez du xehetasun gehiago eman eta diskrezioz jokatzeko deia egin du.  ETAren desarme posible baten inguruan, bozeramaileak esan du euskal gizarteak «keinu gehiago» eskatzen dizkiola taldeari, baina ez du bestelako ezer gaineratu, orain-oraingoz espekulazioak direla adierazita.

Toki-administrazioaren arrazionalizazio eta iraunkortasun Legea
Eusko Jaurlaritza «biziki kezkatuta» dago azken Ministro Kontseiluak onartutako Toki-administrazioaren arrazionalizazio eta iraunkortasun Legearen aurreproiektua hartzen ari den «tankerarekin». Erkorekak adierazi duenez, testu horrek eskumen urraketa «larria» eta «arriskutsua» eragingo du; hori dela eta, ohartarazi du Jaurlaritzak tentuz begiratuko diola aurreproiektuari eta toki-administrazioko euskal eskumenak defendatuko dituela.

Bestalde, Erkorekak azaldu du hilabete baino lehenago Jaurlaritzako goi-kargudunek eta konfiantzazko langileek Etika eta Gobernu Onaren Kodea sinatuko dutela. Ekimen horrekin konpromisoa hartuko du Iñigo Urkulluren gobernu-taldeak, harik eta Eusko Legebiltzarrean kargudun publikoaren jarrera kodea eta haren bateraezintasun-araubidea arautzen duen lege-proposamena onartu arte. Testu horrek kargu publikodunen zintzotasun eta etika irizpideak arautuko ditu.

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2013.02.19)

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)